Jarri da estalki fotovoltaikoa Herritarren Segurtasuneko eraikinean, eta, potentzian, % 25 gehituko die udal-instalazioei

Jarri da estalki fotovoltaikoa Herritarren Segurtasuneko eraikinean, eta, potentzian, % 25 gehituko die udal-instalazioei
Stardust proiektuari lotua, Udalaren 30 instalazio fotovoltaikoetako handiena da
Fotovoltaica

 

Iruñeko Udalak bukatu du eguzki-paneletako estalki fotovoltaikoa jartzen Herritarren Segurtasuneko eraikinean, Iratxeko Monasterioaren kaleko 2an. Autokontsumorako udal-instalazioetan seigarrena da, eta horiei gehitzen zaizkie beste 24, energia sarean saltzen dutenak. Guztietan handiena da azken hau, guztizko potentziari % 25 gehitzea ahalbidetuko duena. 266 eguzki-panel dauzka, 7 moduluko 38 ilaratan eta 900 m2-ko azaleran zabalduta. Instalazioaren guztizko potentzia 77 kW-koa da, eta ekoizpena, urtean 95 MWh-koa. Eraikinak kontsumitzen duen energiaren % 10 -15 bitarte emanen du. Lanak Leache SL eraikuntza-enpresak egin ditu, 197.169 euroko inbertsioaz. Estalki-tartea eraikinaren ipar-hegalari dagokio, López-Sanz Doktorearen kalera jotzen duen kanpo-fatxada daukanari.
 

Estalkiak moduluak ditu, zurezkoa da osorik, PVCz irazgaiztu da eta arroka-zuntzez isolatu; energia-prestazio altuak ditu, modulu fotovoltaikoak azken belaunaldikoak baitira. “Bi batean” delako sistema da (estalkia nahiz instalazio fotovoltaikoa), eta, horrez gain, “plug and play” erakoa (entxufatu eta erabiltzekoa), eraikinaren barneko sareari lotua. Estalkiak oraingo estalkiaren gainean du euskarri, eta hor ainguratu da; horrela, irazgaizteko osagarria izanen da, eta isolamendu termikoa hobetuko du. Horizon 2020 programa europarraren barruko Stardust proiektuan kokatzen da jarduketa hau, zeinean Iruñeko Udala bazkidea baita.
 

Autokontsumorako energia, udal-ibilgailu elektrikoak kargatzeko ere bai

Sortutako energia autokontsumora bideratuko da. Panel hauen konexio elektrikoak ere badu irtenbide berritzaile bat, eraikinean sare txiki adimendun batez zuzenean txertatzen baita. BeePlaneteko bigarren bizitzako bateria berrerabiliak ditu energia metatzeko; V2G teknologiako karga-zutoinak, udal-ibilgailu elektrikoak kargatzeko, eta CENER-ek garatutako teknologia, sare txikiak kontrolatzekoa. Litekeena da konexio elektrikoa egin eta martxan jartzea 2020ko hiruhilekoan.
 

Stardust proiektu europar bat da, Horizon 2020 programakoa, eta hauexek ditu helburu nagusiak: energia-eraginkortasun orokorra areagotzea eta parte hartzen duten hirietako bizi-kalitatea hobetzea, baita tokiko ekonomia suspertzea eta negozio-eredu berriak sortzea ere. Hori lortzeko bidea da eraikuntzaren, energiaren eta mugikortasun elektrikoaren sektoreak integratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologia aurreratuenak eta konektibitatea erabilita.
 

Proiektuko jarduketak 3 kategoria nagusitan sailkatzen dira: energia-, eraikingintza- eta mugikortasun-esparruetan berritzaileak diren proiektu pilotuak; garapen informatiko eta adimendunak (“smart”); enplegua eta ekonomia-jarduerak sortzea. Energiari dagokionez, Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko Iruñeko Udaleko Energia Agentzia arduratzen da instalazio fotovoltaiko berritzaile honen proiektua koordinatu, kudeatu eta garatzeaz.
 

Autokontsumorako 6 instalazio fotovoltaiko, eta energia sarean saltzen duten beste 24

Iruñeko Udalak 2001ean jarri zuen energia merkaturatzera bideratutako lehen instalazio fotovoltaikoa. Ondoren, modalitate honetako beste 23 jartzen joan da, eta autokontsumorako 6, azken horiek iaztik aurrera muntatutakoak. Merkatuan saltzeko ekoizle gisa legeztatutako lehen instalazioek 7 eta 10 euro bitarteko instalazio-kostua izan zuten jarritako kWp bakoitzeko. Garatu ahala, kostua jaisten joan da, eta azkenen kostua 2 euro baino gutxiagokoa izan da kWp bakoitzeko. Jaitsiera horrek berriki jarritakoak handiagoak izatea ahalbidetu du, eta 0,06 euro baino kostu txikiagoz sortzen dute energia. Izan ere, energia merkaturatzeko instalazio bakoitzeko potentzia igotzen joan da, batezbesteko 5,4 kW-tik, adibidez, leku bakarrean jarritako azken 77 kW-ra. Horrek lehiakor bihurtzen ditu energia sortzeko beste teknologia batzuen aldean; eta autokontsumorako interesgarri, energia erosteak kostu hori ia bikoiztea ekar baitezake.
 

Datu horiek Iruña leku onean jartzen dute energia-plangintzarako, datozen urteei begira eta elektrizitate-sektoreak planteatzen dituen erronka berrien aurrean, adibidez: berriztagarrien ekoizpen banatua garatzea eta 4.0 tresna berriak energia-sektorean erabiltzea. Tresna horiei esker aurrera egiten ahalko da hala klima-aldaketaren aurkako borrokako konpromisoetan nola Garapen Jasangarrirako 2030eko Helburuak betetzeko.

 

Iruñeko Udalaren instalazio fotovoltaikoak

 

 

Potentzia

Guztizkoaren %

Unitateak

kW / unitate

Salmenta (prima)

113,50 kW

36

21

5,4

Salmenta (merkatua)

38,30 kW

12

3

12,8

Autokontsumoa

85,00 kW

27

5

17,0

Iratxeko Monasterioaren kaleko berria

77,14 kW

25

1

77,1

 

313,94 kW

 

30

 

¿Te ha sido útil esta página?