‘Jan ezazu Iruña’ uztailaren 1etik 31ra: bisitariendako prezio erakargarriak ostatu eta menuetan

‘Jan ezazu Iruña’ uztailaren 1etik 31ra: bisitariendako prezio erakargarriak ostatu eta menuetan
Udalak, Iruñeko Hotelen Elkarteak eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak turismoa erakartzeko kanpaina bat abiatu dute

cómete pamplona

Iruñeko Udalak, Iruñeko Hotelen Elkarteak eta Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak gaur abiatu dute ‘Jan ezazu Iruña’, uztailaren 31ra arte hiria helmuga turistiko gisa sustatuko duen ekimena. Kanpaina horrek Iruña helmuga gisa sustatu nahi du, hala gertuko edo ohiko turista nazionalentzat nola nazioartekoentzat, eta bereziki Frantziako Hegoaldetik datozenentzat. Asmoa baliozko proposamen bat egitea da, hiriko gastronomian eta hiriko turismo-ostatuen kalitatean oinarriturik, eta hura doako bisita gidatuekin osatzea.
 

Iruñeko Hotelen Elkarteko 26 hotelek eta Nafarroako 40 jatetxek prezio berezietan eskainiko dizkiete haien zerbitzuak, hilabete osoan zehar, hirian gaua pasa edo bazkaldu zein afaltzen dutenei, horrela Iruñeak dituen gauza erakargarriak sustatzeko, sektorearen kalitatea ezagutarazteko eta eskaintza turistikoa zabalik eta abian dagoela aditzera emateko, hura izan baita pandemiaren ondorioak maila guztietan eta gehien pairatu dituen eskaintzetako bat.
 

Gaur goizean, Carmen Alba Turismoko zinegotzi bereziak, Sara Martínez Iruñeko Hotelen Elkarteko lehendakariak eta Juan Mari Idoatek, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkartearen izenean, hiriko ostalaritza eta sukaldaritza bultzatzeko ekimen honen barruan aurreikusitako helburu eta ekintzak azaldu dituzte. Zehazki, Iruñeko Udalak 25.500 euro inbertituko ditu sektoreari laguntzeko neurrietan, bisita gidatuak antolatzeko, informazio-kanpaina komunikabide digitalen plan baten bidez hedatzeko eta ekimena ondoko herrialdean ezagutarazteko.
 

Horrez gain, ‘Jan ezazu Iruña’ ekimenak Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuaren babesa dauka turismo-bulegoen bidez, eta Estudio Key enpresak egin du kanpainaren sormen-lan grafikoa. La Llorona komunikazio-enpresa arduratu da kanpaina komunikabideetan garatu eta kudeatzeaz.
 

Konboak eta askotariko prezioak ostatuetan eta menuak+bisita
 

Parte hartzen duten hotelek aurrez ezarritako prezio batzuk eskainiko dituzte pertsona eta eguneko –25, 29, 39 edo 79 euro (BEZa barne)–, eta horrek barne hartuko ditu gosaria eta Iruñean barnako bisita gidatua. Bestetik, kanpainarekin bat egiten duten jatetxeek menu bereziak eskainiko dituzte, sasoiko tokiko produktuetan eta ardo nafarretan oinarrituta.
 

Ostatu hartzeko proposamena bisitariei zuzenduta dago, baina jatetxeetako prezio bereziak hirikoentzat ere izanen dira. Kanpainari buruzko informazioa gaurtik aitzina egonen da eskuragarri Iruñeko Hotelen www.hotelespamplona.com webgunean eta Iruñeko Udalaren Turismo Bulegoan, bai eta Nafarroako Gobernuko turismo-bulegoen sarean ere.
 

Gaua Iruñean igarotzen dutenentzat, Udalak doako bisita gidatuak antolatu ditu hiriko tokirik enblematikoenetara, haren historia balioetsi ahal izateko, sanferminetara hurbiltzeko, Donejakue Bidearen garrantzia aintzat hartzeko, eta lorategi eta parkeen berezitasunak zein bertako gastronomiaren munta aintzat hartzeko. Egunero bisita bat egitea dago aurreikusirik, 18:30ean, uztailaren 1etik 31ra, turismo-bulegotik abiatuta. Bisita 90 minutu ingurukoa izanen da, eta ibilbideak San Domingoko aldapa, Udaletxeko fatxada, Udaletxe plaza eta Iruñeko Katedraleko kanpoaldea hartuko ditu barne. Hortik Zaldi Zuriaren zokora jo eta Estafeta aldera itzuliko da, zezen-plazaraino, eta Gazteluko plazan amaituko da ibilbidea.
 

Adin guztietarako aurreikusitako bisita izanen da, eta irisgarritasun-irizpideekin bat egokitua. Halaber, osasun-gomendioak direla eta, nahitaezkoa izanen da maskara jantzita edukitzea, eta gomendatutako segurtasun-neurriak eta -tarteak uneoro zaintzea. Bisita-gidariek gel hidroalkoholikoa izanen dute.
 

Nola gozatu ‘Jan ezazu Iruña’ ekimenaren abantailez
 

Bisitariek gaur bertan eskuratu dezakete kanpainarekin bat egin duten hotel eta jatetxeei buruzko informazioa, www.hotelespamplona.com atarian ikusgai dauden fitxa xehekatuetan. Gero, hautatuko establezimenduan zuzenean egin beharko dute erreserba, eta orduan adierazi beharko dute bisita gidatua egin nahi dutela aukeratutako data horretan. Webgune horretan ere jatetxe eta menuei buruzko argibideak egonen dira, gero erreserba zuzena egiteko hautatutako jatetxeetan; bi gauzak –ostatua eta jatetxea– nahi bezala uztartzen ahalko dira. Atxikitako edozein establezimendutan erreserba egitean ‘Jan ezazu Iruña’ kanpaina aipatu beharko da haren baldintza bereziez baliatu ahal izateko.

Videos

¿Te ha sido útil esta página?