Iruñeko Udalak Kondestablearen jauregian aurkeztu du Jabi Villarreal artista eta irakasle iruindarrari egindako erakusketa-omenaldia. ‘Arte ederren fakultatetik’ izenburua duen erakusketak 108 artistaren, kideren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko irakasle eta ikasleen lanak biltzen ditu. Fakultate horretan aritu zen irakasle 1987tik 2019an hil zen arte, Marrazketa eta Teknologia Berriak eta Infografia irakasgaietan.
Gaur goizean Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak, Xabier Idoate artista eta erakusketaren koordinatzaileak eta Arantza Lauzirika Bilboko Arte Ederretako Fakultateko dekanoak bere irudia eta ibilbidea azaldu dituzte; izan ere, Villarreal artista esperimentala zen metodo, teknika eta instrumentuetan, eta bitarteko tradizionalak berriekin (3Da barne) uztartzen zituen, hiri-paisaia eta -iruditeria irudikatzean dentsitate handiko bere unibertso poetikoa bistatik galdu gabe.
Erakusketa Kondestable jauregiko 1 eta 2 aretoetan egonen da ikusgai apirilaren 29tik ekainaren 5era bitarte, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera.
Jabi Villarreal (Iruña 1962) Arte Ederretan lizentziaduna zen Pinturako espezialitatean Euskal Herriko Unibertsitatean. Fakultate horretan bertan irakasle, arte garaikidearen teknikak arakatzen jardun zuen bizitza osoan, eta 500 pieza baino gehiago biltzen dituen lan artistiko luze bat du, 57 urterekin goiz hil bazen ere. Villarrealek eragin handia izan zuen bere ingurukoengan, eta hainbat talde-erakusketatan parte hartu zuen, baita bakarkako erakusketetan ere, batez ere Nafarroan eta Euskadin, baina beste autonomia-erkidego batzuk baztertu gabe, eta mugak ere gainditu zituen, Estatu Batuetaraino eta Txinaraino, besteak beste. Bere lehenengo bakarkako erakusketa Iruñean egin zuen Nafarroako Aurrezki Kutxaren Kultura-areto zaharrean, 1985ean.