Joan den larunbatean Nafarroako Orkestra Sinfonikoak emanaldia eskaini ostean, bihar, asteazkenean, Iruñeko Udalak Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren kariaz antolatutako doako kontzertuek jarraituko dute. Lau kontzertu gehiago izanen dira, honako hauek emanda: Itxaso Aristizabal piano-jotzailea, Katedraleko musika-kapera, Paulino Otamendi orkestra Amaia Huarte sopranoarekin eta, azkenik, 8an, Batasunaren Pribilegioaren egunean, La Pamplonesa.
Bihar –asteazkenean–, 20:00etan, Itxaso Aristizabalek Valentín Larrea Yturbe (Gabiria, Gipuzkoa, 1876 – Iruña 1970) musikagile eta piano-jotzailearen pianorako lanak joko ditu, San Zernin elizan haren omenez izanen den kontzertuan. Eslava Kasino Berriko piano-jotzaile titularra izan zen Larrea 50 urtez, eta Aramendía piano- eta hari-boskoteko kidea izan zen. Horren lanak era askotako konposizioak ditu: piano, hari eta txisturakoak, abesbatza-musika, musika erlijiosoa... Itxaso Aristizabalek haren errepertorio luzeko lan-sorta hautatua joko du, ahaztutako konposizioak gogora ekarriz eta Nafarroako musika-ondarearen piezak aintzatetsiz.
Ostegunean –irailak 5–, 20:00etan, Musika Kaperak Aurelio Sagaseta kapera-maisuak zuzendutako kontzertua emanen du Katedraleko errefektorioan; bertan, Iruñeko eta Segoviako katedraletako artxiboetatik berreskuratutako lanak izanen dira entzungai. Emanaldiaren lehen atalean berreskuratutako ondarea izanen da ardatz: M. Irízarren Meza 8 ahotsetara, Segoviako katedralekoa, eta Motet anonimoak, Iruñeko katedralekoak. Gainera, hauen lanak ere entzunen dira: Francisco Guerrero, Claude Debussy, A. Illarramendi, Bach, John Rutter eta Aurelio Sagaseta bera.
Larunbatean, Kondestablen, Paulino Otamendi ganbera-orkestrak eta Amaia Huarte sopranoak eskainiko dute emanaldia, 19:30ean. Programak juglareek eta ministrileek Nafarroako Karlos III.a erregearen gortean jo omen zuten musika du abiapuntu, eta XV. eta XVI. mendeetako Europako instrumentu- eta ahots-errepertorioa hartzen du barne. Erregealdi horretan Nafarroako gorteetan 86 bat ministril izan ziren, frantsesak eta alemanak batik bat. Gehienak hari-juglareak ziren, baina organoa, txalamia, kornamusa eta abar jotzen zituztenak ere bazeuden.
Azkenik, Batasunaren Pribilegioaren egunean bertan, irailaren 8an –igandearekin–La Pamplonesaren txanda izanen da; kontzertuan udal-bandak estilo ezberdinetako piezak joko ditu: musika herrikoia, klasikoa, banden musika eta martxak, XX. mendeko egile amerikar eta europarrek konposatuak. Honako egile hauenak, esaterako: Silvanio Cervantes, Jan Van der Roost, Clemente del Hoyo, Robert Jager, Manuel Turrillas, Pablo Sarasate eta Jesús Guridi. Emanaldia 20:00etan izanen da, Gazteluko plazan.
PROGRAMAZIOA BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN KARIAZ
- Irailak 4, asteazkena. 20:00. San Zernin eliza. PIANORAKO KONTZERTUA, ITXASO ARISTIZABALEN ESKUTIK. VALENTÍN LARREA YTURBEREN OMENEZ
- Irailak 5, osteguna. 20:00. Andre Maria katedraleko errefektorioa. KATEDRALEKO MUSIKA KAPERAREN KONTZERTUA.
- Irailak 7, larunbata. 19:30. Kondestablearen jauregia. PAULINO OTAMENDI GANBERA ORKESTRAREN ETA AMAIA HUARTE SOPRANOAREN KONTZERTUA
- Irailak 8, igandea. BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN EGUNA 20:00. LA PAMPLONESA UDAL BANDAREN KONTZERTUA. Gazteluko plaza