Iturramako bulebarreko eta Mendillorriko Aintzirako haur-parkeek olanazko estalkiak izanen dituzte eguzkitik eta euritik babesteko

Iturramako bulebarreko eta Mendillorriko Aintzirako haur-parkeek olanazko estalkiak izanen dituzte eguzkitik eta euritik babesteko
Udalaren erabakiz, 200.000 euro bideratuko dira lan hauetara, eta lanek esleitzen direnetik bi hilabetera amaiturik egon beharko dute
Parque infantil


Iruñeko Udalak 200.000 euro bideratuko ditu Iturramako bulebarreko eta Mendillorriko Aintzirako haur-parkeetan olanazko estalkiak paratzeko lanetara, gune horiek eguraldi txarretik eta eguzkitik babesteko, eta horrela, aisia-gune horiek gehiago erabil daitezen bultzatzeko. Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrak lizitatu ditu lanok, eta gehienez ere 60 eguneko epean egon beharko dute amaiturik, esleipena noiz egin eta hortik aitzina.
 

Alorrak dituen datuen arabera, bi parkeak asko erabiltzen dira urte osoan zehar. Eguraldi txarreko eta biziki beroak diren egunetan, baina, erabilera asko murrizten da, ez baitago ez itzalgunerik ez estalpekorik. Horregatik erabaki da jarduketa hau egitea, hain zuzen. Estalkiak haurrendako jolasguneen gainaldean paratuko dira, betiere betekizun teknikoei eta segurtasunekoei jarraikiz. Iturramako bulebarreko parkeari dagokionez, 250 metro koadroko azalera estaliko da, López pilotalekutik gertu, Iturrama HLHIParen eta Jesusen Bihotza parrokiaren artean (proiekzio horizontala, 25 x 10 metrokoa). Bestalde, Mendillorriko Aintziraren haur-parkean eginen diren esku-hartzeez 220 metro koadro estaliko dira (22 x 10 metro, proiekzio horizontalean). Parke bietan, eta jolasgunearen edozein gunetan, 3 metrokoa izan beharko du, gutxienez, pergolarenn garaiera libreak, eta jolas baten gainean dagoenean, horren punturik altuenetik 1,5 metrora gutxienez egonen da estalkia. Bi estalkiak argiztaturik egonen dira olanaren azpialdean.
 

Egitura metalikoa eta ehun-estalkia

Udalak halako guneetarako duen proposamenean egitura metalikoak erabiliko dira, eta haietan eutsita, hausturak eta urratzeak galaraziko dituen erresistentzia handiko mintzezko estalkia. Olana poliesterrezkoa izanen da, PVCz estalia alde bietatik, kolore zuri zeharrargikoa, eta zikinkeriaren kontra tratatua. Zutabe, habe, arku, tripode eta, oro har, egituraren euskarri guztiek aintzat hartu beharko dituzte jolas-tokien segurtasun-azalerak, eta beharrezko jotzen bada, material bigungarriez estali beharko dira. Horrez gain, baldintza-agirian lehentasuna ematen zaie perimetroko euskarrietan soilik sostengatzen diren egiturei, hots, erdiko zutaberik eduki ez eta hortaz jolasgunean tokirik hartzen ez dutenei.
 

Udalak erabakiko du estalkiak zehazki non kokatu, enpresa esleipendunaren aholkularitza teknikoarekin batera, zeinak aurrez topometria bat eginen baitu, zutabeen garaiera zehazten laguntze aldera. Horrez gain, gunea osagai berrietara egokitzeko lanak esleipendunaren kontura joanen dira. Ildo horretan, hasieran jolasak kendu eta gero berriro paratu ez ezik, zimendatze-lanak –egitura finkatzeko– eta kaltetutako zoladura konpontzekoak ere hartu beharko ditu bere gain. Halaber, egiaztatu beharko dute errepideko zirkulazioari nahiz oinezkoenari ahalik eta gutxien eragiten zaiela, eta ez dela gorabeherarik sortzen eremu horren gainerako guneetako jardueran, adibidez, inguruko lokal, etxebizitza eta erakinetarako sarbideetan.
 

Bi instalazioen berme-aldiak indarrean dirauen bitartean –3 urterako hitzartu da– enpresa arduratuko da mantentze-lanez (prebentziokoez nahiz zuzengarriez), erabileragatik, narriaduragatik, bandalismoagatik edo ezinbestean gertatutako kalteak konpontzeko.
 

Lizitazio baremoa

Estalki horien hornidura eta instalazioa esleitzeko baremoan 100 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, lizitazioan lehiatzen diren proposamenei, honela: 45 puntu eskaintza ekonomikoagatik; 40, proposamen teknikoagatik; 10, gizarte-baldintzengatik, eta 5, ingurumen-baldintzengatik. Tasazio-prezioa gainditzen duten eskaintza ekonomikoak bazter utziko dira, eta % 20tik gorako beherapena dutenak ere bai, baxuegiak direla joko baita.
 

Proposamen teknikorako bost irizpide ezarri dira, eta horietako bakoitzean 6 puntu bitarte eskuratzen ahalko dira. Alde batetik, materialen kalitatea eta iraunkortasuna aztertuko dira; bestetik, instalazioaren diseinua. Hirugarrenik, originaltasuna eta funtzionaltasuna; laugarrenik, estalkiak ingurura egokitzea, eta, azkenik, barnealdean euskarririk ez edukitzea. Horrez gain bost puntu bitarte emanen dira obra zibileko azalpen-memoriarekin bat hartu beharreko neurrien zehaztapen eta egokitasunagatik, eta beste bost, errepideko zirkulazioan eta oinezkoenean egon daitezkeen gorabeherak tratatzeagatik. Gizarte-baldintzetako hamar puntuak amaierako garbiketa-lanen azpikontratazioari daude loturik, gizarteratze-enpresa edo enpleguko zentro berezi bat azpikontratatzeari, alegia. Ingurumen-baldintzei esleituriko bost puntuak emateko aintzat hartuko da konpromisoa dagoen instalaziorako erabiliko den altzairuaren ekoizpen-prozesuan material birziklatua erabiltzeko.
 

Proposamenak aurkezteko epea Nafarroako Kontratazio Atarian ezarritakoa izanen da, argitaratzen denetik aitzina.