Iturramako bulebarreko berrikuntza-lanak udan hasi ziren, eta azken fasean daude, Ezkirotz eta Eneko Aritza kaleen arteko tartean asfaltatze-lanak egiten ari baitira. Lan horiei esker, Iturramak oinezkoendako lotune berri bat izanen du bulebarraren eta Félix Huarte plazaren artean. Orain arte Iturrama kaleak mozten zuen lotune hori, eta trafiko handiko kalea da Iturrama. Hala, Udalak oinezkoen zirkulazioa erraztu eta indartu nahi du eremu horretan, eta horretarako, kalea gurutzatzeko gune zabalak gaituko ditu, errepideko zirkulazioaren ordez oinezkoei lehentasuna emanen die eta ikuspena eta segurtasuna hobetuko ditu.
Hirigintza Gerentziako Kontseiluko eta Hirigintza Batzordeko kideak lanak nola doazen ikusten izan dira gaur goizean. Lan horiek Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatu dira. Udalak 410.952,47 (BEZa barne) inbertitu ditu proiektuan, eta abenduaren 31rako bukatzea espero zuen. Hala ere, helburua da abenduaren 23a baino lehen bukatzea obrak obrak, eta hesiak ordurako ere kentzea. Izan ere, eremu horretatik igarotzen da Iturramako Olentzeroaren ibilbidearen zati bat.
Lanetan espaloi aurreratuak eta maila bereko pasabideak sortuko dituzte, kalea plataforma bakar baten bidez gurutzatu ahal izateko. Eremu hori bizitoki gisa erabiliko da, eta seinaleztapen horizontala izanen du. Oinezkoendako pasabideak ez dira margotuko, gune osoa kalea gurutzatzeko erabiliko baita. Zehazki, gune horretako bi alboetan oinezkoendako bi pasabideak handitu dituzte, eta bulebarraren zirkulazioari jarraipena ematen dion bat gehitu diote erdian. Errepideko zirkulazioaren abiadura murriztu eta baretzeko, galtzada estutu dute, eta 3,30 metroko zabalera izanen du orain. Horrez gain, galtzadaren maila aldatu eta haren noranzkoa birbideratu dute. Gainera, espaloiak hiru metro handitu dituzte.
Bestalde, azalera berria birnaturalizatzeko, erdibitzaile zabalagoa gaitu dute: gaur egun 2 metroko zabalera du, eta obren ondoren 7 metroko zabalera izanen du. Eremu horretan guztian, baterian aparkatzeko lekuak kendu, eta autobus-geltokiak berrantolatu dituzte.
Asfaltatze-lanak eta trafiko-mozketak, ostegun honetatik aurrera
Orain Eskirotz kalearen eta Eneko Aritza kalearen artean dagoen Iturrama kaleko tartearen asfaltatze-lanak eginen dira. Jarduketa horren ondorioz, zirkulazioa moztuko dute galtzadaren bi noranzkoetan, txandaka. Horrela, eguraldiaren arabera betiere, errepideko zirkulazioko ibilgailuak ezin izanen dira Eneko Aritza kalerako noranzkoan sartu abenduaren 12tik (osteguna) abenduaren 14ra, (larunbata). Bestalde, zirkulazioaren beste noranzkoa, Eskirotz kalerantz doana, moztuta egonen da abenduaren 16tik (astelehena), abenduaren 18ra (asteazkena). Aitzitik, bi noranzkoetako batean asfaltatze-lanak egiten diren bitartean, bestea irekita egonen da.
Udaltzainek behar bezala seinaleztatu beharko dituzte Zirkulazio-mozketak eta galtzada alternatiboak. Dena den, mozketak Eskirotz kalearen eta Eneko Aritza kalearen artean dagoen Iturrama kaleko tarteari eraginen die bakarrik. Galtzadaren gainontzeko zatietan ez da gorabeherarik izanen. Asfaltatze-lanak egin ondoren, seinaleztapen horizontala margotu eta seinale bertikalak jarri besterik ez da egin beharko.