Itsasoa, iparretik zein hegotik begiratua eta norberaren eta gizartearen bilaketen metafora gisa, Elba Martínezen eta Consuegra Romeroren erakusketan

Itsasoa, iparretik zein hegotik begiratua eta norberaren eta gizartearen bilaketen metafora gisa, Elba Martínezen eta Consuegra Romeroren erakusketan
Erakusketa, Romerok bolalumaz egindako marrazkiak eta Martínezen instalazioak ikusgai dituela, ekainaren 30a arte bisitatu ahal da, Mistoen Eraikinean
Irudia
Irudia

Bi artistak (bata iparrekoa eta bestea hegokoa) urrutitik edukitako elkarrizketatik sortu da ekainaren 30a arte Mistoen Eraikinean ikusi ahal den erakusketa. Elba Martínezen eta Consuegra Romeroren lana, sormen-prozesu osoan Susi Blas komisarioak lagundua, bi artisten erakusketan islatu da, Ostruka bat izan liteke... bi dira baina. Kaixo, itsasoa hautsi egin da izenburupean. Beti elkarrengandik urrun, orain dela bi egun aretoan topo egin arte, bi artistek edukitako elkarrizketarako abiapuntua itsasoa izan da, irrikak, beldurrak eta itxaropena zein norberaren eta gizartearen bilaketak aditzera emateko metaforma gisa. Lanek bai itsasoak migrazioan hartzen duen adiera bai haren ikur amultsua jasotzen dute.

Afektibitate- eta lan-bizitza, estutasun-inguruabarretan ibilbide artistikoa garatzeko zailtasunak, olerkiarekiko maitasuna eta konpromiso feminista izan dira amankomuneko gaietako batzuk. Gaur, prentsaurrekoan, xehetasun guztiak azaldu dituzte Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendariak, bi artistek –Elba Martínez zein Consuegra Romero– eta Susana Blas komisarioak.

Mistoen Eraikineko lehen solairuko nabe bakoitzean erakusketaren protagonistetako baten lana dago: Consuegra Romerorenean bolalumaz egindako marrazkiak, eta Elba Martínezenean, honen instalazioak. Erakusketa asteartetik ostiralera ikus daiteke, 18:30etik 21:00etara; larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketaren aurkezpenean azaldu denez, Consuegra Romerok “urteak eman ditu bolaluma urdinez marrazten, su eta gar; eta horrela irrika, amorrua, edertasuna zein kontsolamendua darizkien emozio-paisaiak sortu ditu. Tinta-erritua saria zein zigorra da”. Elba Martínezengan “artea eta bizitza bereiztea ezinezkoa da. Aztoratzen duen gaitasuna du olerkigintzan, margolaritzan, argazkigintzan zein instalazioetan. Ausart eta ziztatzaile. Elbak giltza lapurtzen du, eta, gauez, itxitako gelan sartzen da hor gertatzen dena guztioi kontatzeko”.

Sormen-elkarrizketa, egiaz, ilusioz eta minez betea, ikusizko arteei eta olerkigintzari buruzkoa
Erakusketa muntatzeko Iruñean topo egin aurretik, hilabeteak eman dituzte elkarri idazten Elba Martínezek, Donostiatik, eta Consuegra Romero, Ceutatik. Erakusketaren komisarioak azaldu duenez, “orain arte, inoiz ez nintzen horrelako sormen-elkarrizketa baten komisario izan, horren beteta, egiaz, ilusioz eta minez. Nork bere proiektua sortu du ikusizko arteak eta olerkia bilbatuz. Biek idatzi egiten dute, eta jaso nuen lehena bertsoak izan ziren”.

Elbak bere lanari buruz zera esan zuen: “Instalazio hauek irudikapenari eta harridurari buruz hitz egiten didate. Olerkiak ere idazten ari naiz, eta horiekin zerbait plastiko egin nahiko nuke”. Susana Blasek zera erantsi du: “Maparen erdigunetik lagundu ditut nik, haien ikuskerek liluratuta, haien gau-otoitzen edertasun aztoragarrian buru-belarri sartuta. Behatuz, adi, erne egon naiz... baloia pasatzen saiatuz, hori galdu eta, jokoak jarrai zezan, zuhaixken artean sartu behar zenean. Itsasoa, erreferente; maitasunaren jainkotegia... eta heriotzarena. Itsasoren irudi hori argazkietan ikusi ahal da, eta hark ekarritako gauzetan, familiari egindako omenaldia direlarik.

Consuegra Romerok bere aldetik, zera idatzi zuen: “Badakizu zertan ari nintzen pentsatzen? Euskal Autonomi Erkidegoa eta Ceuta marra batez lotzen badituzu, erdian zeu zaude, Madril. Eguneko itsasoa eta gauekoa ezberdinak dira”. Itsaso horretan, aurkezpenean emozioz azaldu duenez, milaka pertsona hiltzen dira, beren herrialdeetatik ateratzera behartuta. Laburbilduz, Susana Blasek aitortu du “arte egitea bizirik irauteko beharrezkoa duten bi artisten intuizio-unean egotea oparia da. Artea, sendagai zein elikagai”.

Elba Martínezen artelanak, 50 talde-erakusketetan eta 14 bakarkakoetan
Elba Martínez (Iruña, 1974) Donostian bizi da. Grabatuan eta Estanpazioan graduduna da Oviedoko Arte Eskolan, eta Arte Ederretako lizentziaduna, Dublingo National College of Art and Design-en, Granadako Unibertsitatean ikasti ostean. Bere prestakuntza Artea, Sormena eta Ikerketari buruzko master batez osatu du, eta hainbat argazkigintza-lantegi ere egin ditu Artelekun, Karen Knörr, Hellen Van Meene, Oscar Molina eta Eduardo Momeñeren eskutik; baita ere, litografia- eta serigrafia-lantegiak, Don Herbert eta Pepe Albaceteren eskutik, hurrenez hurren. 2016tik 2018ra toki-lagapena izan du Tabakaleran. 2009tik Irungo Kunsthalgo irakasle-taldeko kidea da.

1998an lehen aldiz talde-erakusketa batean parte hartu zuenetik, horren lanak 50 talde-erakusketetan eta 14 bakarkakoetan izan dira ikusgai. Lanak ikusgai dituzten galeriak dauden hirien zerrenda luzean, honako hauek daude, besteak beste: Biarritz, Donostia, Kordoba, Bilbo, Viena, Newcastle, Zumaia, Beasain, Madril, Basauri, Baiona, Bartzelona eta Gasteiz. Horrez gain, museo eta erakusketa-areto hauek daude: Jorge Oteiza fundazioa, Nafarroako Museoa, Artium, Arteleku, Uharteko Arte Garaikidearen Museoa, Kondestablearen jauregia, Madrilgo Arte Ederren Zirkulua, Madrilgo CAN aretoa, Gustavo de Maeztu museoa eta Ziudadela. Hainbat sari jaso ditu, hala nola Iruña eta Artista Gazteak, Nafarroako Topaketak eta INJUVEko XIX. Arte-erakusketakoa; baita hainbat beka ere, Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen sorkuntzarako, Nafarroako Gobernuaren zein Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Consuegra Romerok bolalumaz egindako marrazkiak
Consuegra Romerok (Pozoblanco, Kordoba, 1982), Granadan Arte Ederrak ikasi ostean, marrazkigintza eta margolaritza hartu zituen lanaren ardatz; eta gero arte digitala txertatu zuen sormen-prozesuan. 2015eko udan izan zuen topaketarik zuzenena marrazkigintzarekin, krisi existentzial bat bizitzen ari zela. Artean zeukan esperientzian inflexio-puntua izan zen gertaera hori. Horrezkero, beti bolalumaz marraztu du.

Art Concept Alternative galeriaren bidez parte hartu duen azken erakusketen artean daude Gurutzatu diren bideak talde-erakusketa, Orihuelan (Alacant), eta Estatu Batuetako bi arte-azoka: Boston International Fine Art Show eta Pinta Miami. Azken hamabost urteotan horren lanak Madril, Málaga, Lisboa, Alacant, Bartzelona, Valentzia eta Mallorcan izan dira ikusgai.

Susana Blas, penintsula osoko erakusketetan komisario
Susana Blas Brunel (Madril, 1969) arte garaikidearen komisarioa eta historialaria da. Ikus-entzunezkoetan espezializatuta, 1999tik Metrópolis telebistako kultur saioaren (TVE2) gidoilaria da. 2016an MAV (Emakumeak Ikusizko Arteetan) saria jaso zuen; eta 2017an Blanco, Negro y Magenta saria. MAVeko aholkularien batzordekidea da, eta ikertzailea, Cuencako Arte Ederren Unibertsitateko ARES proiektuan (Espainiako artean ikus-entzunezkoetan jarraitzen diren arte-jardunbideen artxiboa eta azterketa kritikoa. Identitatea eta bitarteko berriak).

Bideo-ziklo eta erakusketa andanaren komisarioa izan da, honako toki hauetakoak, esaterako: Photoespaña, Reina Sofía Museoa, La Casa Encendida, Zaragozako Juan Francés Aretoa, Gasteizko Montehermoso Kultur Zentroa, Vigoko MARCO,  Cervantes Institutua, Madrilgo Tabakalera Zaharra, Gijóngo Gema Llamazares Galeria , Madrilgo El cuarto de invitados, Madrilgo Masquelibros, Granadako Errege Ospitalea, Alcobendasko Arte Zentroa eta Granadako Condes de Gabia Jauregia.

¿Te ha sido útil esta página?