Iruñeko Udaltzaingoko 30 udaltzain-lanpostu betetzeko oposiziorako deia egin da

Iruñeko Udaltzaingoko 30 udaltzain-lanpostu betetzeko oposiziorako deia egin da
Lehen hautapen-faseak proba teorikoak, fisikoak, psikoteknikoak eta osasunekoak edukiko ditu; eta bigarren fasean Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu beharko da

Gaur (astelehena), ekainak 10, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (111. zenbakia) argitaratu da Iruñeko Udaltzaingorako 30 udaltzain-lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia. Oposizioan, lehen hautapen-faseak proba baztertzaile teorikoak, fisikoak, psikoteknikoak eta osasunekoak edukiko ditu; eta bigarren fasean Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa gainditu beharko da.

30 lanpostuetako 15 txanda irekira bideratuko dira eta beste 15ak Nafarroako administrazio publikoetako langileendako igoera-txandara. Igoera-txandako lanposturen bat bete gabe geratuko balitz, txanda irekikoei gehituko litzaieke. Igoera-txandan oposizioa gainditu dutenen kopurua lanpostuena baino handiagoa izango balitz, oposizioa gainditu dutenek txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko aukera ere izango dute, betiere txanda horretako izangaiekin lehia garbian arituz. Lanpostuak erdiesten dituztenak C mailan sartuko dira.

Deialdi honetan izena emateko epea 30 egun naturalekoa da, bihartik aurrera, ekainak 11, asteartearekin; epe horren barruan eskabidea aurkeztu eta izena emateko eskubide-tasa dela eta 15 euro ordaindu behar dira. Eskabideak edozein udal-erregistrotan aurkeztu ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezartzen diren bideetako edozein erabiliz.

Oposizioaren garapena
Hautapen-fasea honako proba hauek osatuko dute: Proba teorikoa test erako ariketa baten bidez garatuko da, deialdiko eranskinean jasotzen den gaitegiko gaien inguruan. Idatziz erantzun beharreko 100 galdera teoriko-praktiko izango dira; hiru aukera egongo dira, horietako bakarra baliozkoa, eta huts eginez gero, balorazio negatiboa. Gehieneko puntuazioa 150 puntukoa izango da; eta erdia –hots, 75 puntu– nahikoa izango da gainditzeko.

Gaitasun fisikorako proban hainbat ariketa fisiko egin beharko dira. Zehazki, pisua jasotzeko proba (bankako pressa), uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba, zalutasun proba (Barrow testa) eta erresistentzia proba (Course Navette testa). Bakoitzaren balorazioa 5 eta 10 puntu bitartekoa izango da.

Gaitasun psikoteknikoaren proban izangaiek proba batzuk egin beharko dituzte lanpostuaren lanbide-profilaren beharkizunetara noraino egokitzen diren neurtze aldera. Probak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Sailak jarriko ditu, eta proba fisikoak eta teorikoa gainditu dituztenak aurkeztu ahalko dira. Gehienez ere 50 puntuko balorazioa emango da. Proba psikoteknikoak gainditzen dituztenei osasun-probak egin ditzaten dei egingo zaie, haien gaitasun psikofisikoa egiaztatze aldera. Osasun-azterketa Iruñeko Udalaren Lan Osasuneko Zerbitzuak egingo du. Izangaiak gaitzat ala ezgaitzat joko dira.

Lanpostuak Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa egin baino lehen esleituko dira, betetzeke dauden lanpostuetan zeintzuek duten benetan tokia zehazte aldera. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan izango da Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa. Ikastaroak dirauen bitartean, bertan parte hartzen duten izangaiek C mailaren oinarrizko soldatari dagozkion lansariak jasoko dituzte, bai eta, honela badagokie, familia-laguntza ere.

Txanda irekia eta igoera-txanda
Txanda irekian aurkezteko, izangaiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, esaterako: Espainiako nazionalitatea izatea, gutxienez 18 urte edukitzea eta jubilatzeko adina gainditua ez izatea eta Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidea den titulu bat edukitzea, edo hura erdiesteko maneran egotea, eskabideak aurkezteko mugaegunean. Izangaiek lanpostuak berezko dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak eduki behar dituzte; eta baldintza hauek ere bai: doluzko delitu bat dela-eta kondenatua ez izana, ezta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea. Ibilgailuak gidatzeko A2 eta B motako baimenak eduki behar dira; halaber, armak aldean eramateko konpromisoa, eta, behar izanez gero, erabiltzekoa. Horretarako, eskatzaile bakoitzak horren gaineko erantzukizuneko aitorpena egingo du.

Txanda irekiko izangaiek bete beharreko baldintzez gain, igoera-txandan aurkezten direnek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte: Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea, haietan benetan zerbitzua ematen gutxienez bost urtez aritu izana egiaztatzea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea. Nafarroako Polizia Kidegoetako kidea edo Nafarroako Tokiko Polizia Kidegoetako beste zerbitzu batzuetakoa izanez gero, haietan benetan zortzi urte eman behar izan dute. Era berean, deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izan behar dute.