
Iruñeko Udaltzaingoak prebentziorako eta elkarbizitzarako programa berritu du ikasturte honetan, gaur egun herritarrek hainbat arlotan dituzten beharrei erantzutea helburu. Elkarbizitza aktiboa izena jarri diote programa berrituari, eta aurten jarri dute martxan lehen aldiz, urteko lehen hilabeteetan. Bi arlo hartzen ditu programak, herritarrena eta bide-segurtasunarena, eta bietan edukia berritzea eta prebentzio integralean oinarritutako lan-eredua ezartzea da helburua. Aurten, hartzaileen eta saioen kopuruak gora egin du.
Zehatzago esateko, herritarren arloan 1.195 hartzaile gehiagorengana iritsi dira, eta saioen edukia eta hartzaile motak ere zabalagoak izan dira: behar bereziak dituztenendako, adinekoendako eta unibertsitateko ikasleendako hitzaldiak eman dituzte. Bide-segurtasunari eta sareko maulak prebenitzeari buruzko adinekoendako saioetan, esaterako, 21 lagunek hartu zuten parte aurreko ikasturtean, eta 2024-2025ekoan, berriz, 306 parte-hartzaile izan dituzte.
Adin txikikoei bide-segurtasunaren inguruan ematen dizkieten saioetan, 6.735 lagunengana iritsi dira 2024-2025eko ikasturtean, aurrekoan baino 341 adin txikiko gutxiagorengana, baina saio gehiago egin dituzte: beraz, aditu heldu baten ardurapean izan diren ikasleen ratioa txikiagoa izan da, eta arreta pertsonalizatuagoa eskaini ahal izan dute.
Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak ematen ditu saio horiek, eta hezkuntzaren arloan eta arlo sozialean esperientzia handia duten diziplina anitzeko langileek osatzen dute lantaldea. Gainera, modu koordinatuan egiten dute lan programak eta lantegiak hartzaile motaren arabera diseinatu eta emateko, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Berariaz NBEren Garapen Jasangarrirako hainbat Helbururekin bat etorriz berritu dute programaren estrategia: 3. GJHarekin (Osasuna eta ongizatea), 4.arekin (Kalitatezko hezkuntza), 10.arekin (Desberdintasunak murriztea), eta 11. GJHarekin (Hiri eta komunitate jasangarriak). Aurreikuspenen arabera, lan-ildo berari jarraituko diote datorren ikasturtean ere.
Landa-lanak egitea dinamika sozialak ulertzeko
Edukien estrategia berri horrek ebidentzia objektiboak eta komunitatearen parte-hartze aktiboa ditu oinarri, eta helburu du auzoetan eta hirian elkarbizitza hobetu eta segurtasuna indartzeko tresna eraginkorrak ematea. Ikuspegi berriak nabarmen aldatu du Iruñean arlo horri heltzeko modua.
Proiektu hauek izanen dituzte esku artean datorren ikasturtean: Festaz haratago, Errespetuak ez du adinik, Konektatuta, Pantailak: erabilera orekatua, Mendekotasunak (substantziekin edo gabe), Pantailez haratago. Gaueko aisialdia, digitalizazioa, belaunaldien arteko elkarbizitza eta gizartea digitalizatzeko prozesu geldiezinak landuko dituzte.
Gainera, ikasturte honetatik aurrera, Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako taldeak biltzen duen informazioa Udalaren Soziologia Zerbitzuak kudeatuko du: landa-lanak eginen dituzte informazio horrekin, hiriko dinamika sozialak hobeto ulertu eta errealitatera egokitutako esku hartzeko estrategiak diseinatzeko. Hurrengo landa-lanean jokoarekiko mendekotasunak delinkuentziarekin zer lotura duen aztertuko dute.