Iruñeko Udaltzaingoak webgune berria estreinatu du, bere esku-hartzeei buruz informatu eta herritarrek mugikorretik edo ordenagailutik egiten dituzten izapideak errazte aldera

Iruñeko Udaltzaingoak webgune berria estreinatu du, bere esku-hartzeei buruz informatu eta herritarrek mugikorretik edo ordenagailutik egiten dituzten izapideak errazte aldera
Webgune berria, gaztelaniaz eta euskaraz, sei alorretan antolatuta dago: Udaltzaingoa, Mugikortasun jasangarria, Aholkuak, Izapideak, Araudia eta Gaurkotasuna
web PM

 

Iruñeko Udaltzaingoak webgunea berritu du: diseinu argia eta erraza du orain, eta aukera ematen du herritarrei informazio interesgarria helarazteko eta klik bakarrean izapide digitalak egiteko. Webguneko edukiak gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen dira. Webgune berria gaurtik (osteguna) aurrera egonen da abian https://policiamunicipal.pamplona.es/eu helbidean eta sei ataletan antolatuta dago: Udaltzaingoa, Mugikortasun jasangarria, Aholkuak, Izapideak, Araudia eta Gaurkotasuna. 


‘Udaltzaingoa’ atalaren barruan, kidegoaren informazio korporatiboa, egitura, alor operatibo bakoitzaren zereginak, proiektu garrantzitsuei buruzko informazioa eta ‘Zeregina, ikuspegia eta balioak’ apartatua. Halaber, Iruñeko Udaltzaingoak XIX. mendetik gaur egunera arte izan duen historia eta bilakaerari buruzko atal bat ere barne hartzen du.

‘Mugikortasun jasangarria’ atalean hiriko emisio gutxiko eremuari eta Sarbide Kontrolatuko Eremuari (SKE) buruzko informazioa eskaintzen da, eta Alde Zaharraren eta Irunlarrea, Navas de Tolosa, José Alonso eta Arantzadi kaleen berariazko ezaugarriak zehazten dira. Atal horretan, halaber, ibilgailu elektrikoen kargaguneei buruzko informazioa eta Bizikleten eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen araudia aurkitzen ahal dira. 

Webgunean ‘Aholkuak’ atala ere badago, eta bertan segurtasuneko zein zirkulazioko aholkuak barne hartzen dira. Lapurretak eta segurtasunaren aurkako delitu-egitateak ekiditeko aholku praktikoak ere ematen dira atal horretan, bai eta adinekoendako babes-jarraibide bereziak ere. Gidatzeko aholkuen barruan, ibilgailuen eta motozikleten gidariendako gomendioak ematen dira, bai eta zirkulazio-istripu bat edukitzean nola jokatu behar den azaldu ere. 

Izapideak, Araudia eta Gaurkotasuna
Bai ‘Izapideak’ atalean bai gainerako webgunean, pertsona bakoitzaren nabigazioaren arabera, ikono grafiko batzuk agertzen dira klik bakarrean hainbat izapide egiteko: isunak ordaintzea, SKEn sartzeko baimena eskatzea, zigor arloko salaketa bat jartzea,  galdutako objektuak erregistratu edo berreskuratzea eta lapurtutako bizikleta gordailuan dagoen kontsultatzea. 

‘Araudia’ atalean, udaleko, Foru Komunitateko eta estatuko araudia xehetasunez azalduta dago, bai eta zirkulazioari berariaz dagokiona ere. Azkenik, ‘Gaurkotasuna’ atalean egunero emanen da informazioa zirkulazioaren gorabeherei eta zirkulazioan eragina izaten ahal duten ekitaldiei eta manifestazioei buruz, eta Udaltzaingoak egiten dituen esku-hartzeei buruzko informazioa ere emanen dute, hala Bide Segurtasunari nola Herritarren Segurtasunari dagokionez. Horrez gain, astelehenero asteburuaren eta hilabetearen balantzea, atxilotutako eta ikertutako pertsonen balantzea eta herritarrendako interesgarria izaten ahal den bestelako informazioa argitaratzen da. 

Webgune berriak herritarrei polizia-zerbitzuaren esku-hartzeei buruzko informazioa emateko estrategia indartzen du, bai eta herritarrek mugikorra edo ordenagailua erabilita izapideak modu erraz eta argian egin ahal izatea ere. Urtarrilean, polizia-zerbitzuak dagoeneko sare sozialetan zuen presentzia handitu zuen eta Instagramen kontu bat ireki zuen (@policia_municipal_pamplona); X sare sozialean (@PoliciaPamplona) ere aurrera jarraitzen du, egunero zirkulazioaren gorabeherei buruzko informazioa, aholkuak eta poliziaren esku-hartzeen xehetasunak emanez.

¿Te ha sido útil esta página?