Iruñeko Udaltzaingoak lapurreta, maula eta iruzurrak saihesteko adinekoendako segurtasun-kanpaina abiatu du

Iruñeko Udaltzaingoak lapurreta, maula eta iruzurrak saihesteko adinekoendako segurtasun-kanpaina abiatu du
Bederatzi hitzaldi programatu dira beste horrenbeste jubilatuen elkartetan, eta bertaratuak delitu ohikoenen inguruan prestatuko dira

Iruñeko Udaltzaingoak adinekoendako segurtasun-kanpaina abiatu du, lapurreta, maula iruzur eta adinekoak zaurgarri izan daitezkeen horrelako beste egoera batzuk saihesteko. Udaltzaingoko Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak bederatzi hitzaldi itundu ditu beste horrenbeste jubilatuen elkartetan, kolektibo hau delitu horiei aurre egiteko prestakuntzaz eta tresnez hornitzea xede duen ekimen berrian.

Itziar Gómez Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkariak eta Jorge Mori Igoa Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeko udaltzainak eguerdian aurkeztu dute kanpaina. Arratsaldean, 18:15etik aurrera, hitzaldietako bat izango da, oraingoan Arrotxapeko Jubilatuen elkartean (Joaquín Beunza kalea, 31). 

Udaltzaingoko Herritarrendako Arreta Bulegoko datuen arabera, iaz 65 urtetik gorakoek guztira 245 salaketa jarri zituzten. Zio ohikoenak izan ziren ebasketak (74), indarkeriazko lapurretak (35), bidegabeko jabetzeak, hertsapenak, banku-txartelaz egindako maulak eta bestelako maulak (9).

Zerrendan, saltzaile aizunak eta ebasketa egiteko besarkadak
Prestakuntza-hitzaldiek kasuistika nagusiei heltzen diete, adinekoei egiten zaizkien lapurreta, maula eta iruzurrez bezainbatean. Horrela, adibidez, kalean, etxean eta bankuetako kutxazain automatikoetan egiten diren lapurretei buruz hitz egiten da, baita ezezagunek urrezko katea, eskuturrekoa edo diru-zorroa kentzeko emandako besarkadei buruz ere. 

Maulei dagokienez, bertaratuak ohartarazi egingo dituzte etxean jasotako bisitez, hoteletako hitzaldiez, etxea zaintzen dutenez eta gaseko, elektrizitateko edo horrelako zerbitzuak zein gauzak saltzen dituzten saltzaile aizunez. Halaber, iruzurgileen jarduteko era azalduko da; tartean, bi maula nagusiak, egun oraindik indarrean daudenak: estanpako maula zein tocomocho delakoa. Iruñeko Udaltzaingoak herritar guztiei pagotxez fidatu behar ez direla gogorarazi nahi die. Iruzurretan biktima oso ongi hautatu ohi da, dirua azkar emateko eskatzen zaio eta ondoren desagertu. Era berean, saltzailearen edo ustezko iruzurgilearen ezaugarrietan arreta jarri eta ahalik eta azkarren poliziarekin harremanetan jartzeko gomendatzen da, beste batzuk iruzurren biktima bihurtzea ekiditeko.

Honelako prestakuntza noizean behin egin da, baina, delitu-mota hauei aurrea hartzea oso garrantzitsua denez, Udaltzaingoak kanpaina hau abiatu egin du. Bederatzi dira hitzaldietarako interesa agertu duten jubilatuen elkarteak. Jada Etxabakoitzen eta San Cristóbalen egin dira, eta, arratsalde honetan Arrotxapean izango denaren ondoren, jubilatuen elkarte hauetan egingo dira: El Salvadorren (otsailaren 20an), San Francisco Javier-Mendillorrin (otsailaren 21ean), Irubiden (otsailaren 26an), San Pedron (martxoaren 6an), Iturraman (martxoaren 8an) eta Vergelen (apirilaren 24an).

Prestakuntza jaso nahi duten adinekoen kolektiboak Udaltzaingoko Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldearekin jar daitezke harremanetan, 948 420581 telefonoan, 646 282184 mugikorrean edo educacioncivica@pamplona.es helbide elektronikoan.

Udaltzainen prestakuntza-programaren barruan dago ekimena, eta haren bidez delituak saihestu eta herritarren segurtasuna zein elkarbizitza bultzatu nahi dira. Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak garatutako jarduketa nagusietako bi nabarmentzen dira, Udaltzaingoak haurrentzat duten prestakuntza-lerro hauek: bide-hezkuntza zein gizabidezko hezkuntza, 2018an beren ikastordu-kopurua igo zutenak, ikasle, ikastetxe eta jarduerez bezainbatean. Horrela, aurreko ikasturtean, 17.652 ikaslek jaso zuten bide-segurtasunean prestakuntza, ia horren aurrekoan baino 1.000k gehiagok. Bestalde, gizalegezko hezkuntzako hitzaldiak eta lantegiak 14.663 ikaslerengana iritsi dira, aurreko ikasturtean baino % 28 gehiagorengana. Prebentzio-hitzaldiak ere nabarmentzen dira, online joko eta apustuei buruzkoak, besteak beste.

¿Te ha sido útil esta página?