Iruñeko Udaltzaingoak bitartekaritza-zerbitzua abiatu du aldeen arteko adostasuna bilatuz eta bide judiziala ekidinez gatazkei irtenbidea emateko

Iruñeko Udaltzaingoak bitartekaritza-zerbitzua abiatu du aldeen arteko adostasuna bilatuz eta bide judiziala ekidinez gatazkei irtenbidea emateko
Arazorik arruntenei, auzokideen arteko elkarbizitzakoei eta zaratei adibidez, prozedura honen bidez hel lekieke

Iruñeko Udaltzaingoak bitartekaritza-zerbitzu berria abiatu du aldeen arteko adostasuna bilatuz gatazkei irtenbidea emateko, horrela, bide judiziala ekidinda. Zerbitzu berriak herritarren arteko arazo arruntenei heldu nahi die, hala nola auzokideen arteko elkarbizitzakoei eta zaratek sortzen dituztenei, adostutako akordio baten bidez, idatziz jasota eta bi aldeak lotetsita; horrela, arazoei irtenbidea arinago ematea lortuko da, eta auzitegiratzea ekidingo.

Goizean Itziar Gómez Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak, Ricardo Martínez Komunitate Poliziako inspektoreordeak eta Magali Marrodán zerbitzuari laguntza teknikoa ematen dion profesional-elkargoaren arduradunak prentsaurrekoan aurkeztu dute ekimen hau. Inspektoreorde batek, kabo batek, bost udaltzainek eta Udaltzaingoari laguntza emango dioten profesional bitartekarien taldeak osatutako Komunitate-poliziaren lantalde batek emango du zerbitzua.

Gómez zinegotziak azaldu duenez, “zerbitzua beste urrats bat da bultzatzen ari garen hurbileko polizia-ereduan. Beste urrats bat auzoan Komunitate-polizia erreferente bihurtzeko, auzokideen arteko elkarbizitza-gatazketarako irtenbideetan aurrera egiteko. Gatazkak ekiditen laguntzeko eta, halakorik balitz, adostasunez zein bitartekaritzaz irtenbidea emateko polizia da”.

Esku-hartze arruntenak
Iruñeko Udaltzaingoaren estatistiken arabera, iaz Komunitate Poliziako Taldeak 3.024 gorabehera artatu zituen, polizia-eredu hori dagoen sei auzoetan. 2017an abiatu zen polizia-eredu hau, hainbat auzo-arazori irtenbidea emateko. Sanduzelai, Etxabakoitz eta Donibane-Ermitagaña-Mendebaldea auzoetan jarri zen abian, eta 2018an Arrotxapera, Buztintxurira eta Alde Zaharrera hedatu zen.
 
Komunitate-polizia eratu zenetik landutako aferetako bat gizabanakoen arteko bitartekaritzarako bideak gaitzen saiatzea izan da, bestelako bideetan konponbide zaila zuten auzo-arazoei irtenbidea ematen saiatuz. Izan ere, 2017tik, polizia-bitartekariaren figura horri esker, askotariko auzo-arazoak konpondu dira eta, era horretan, aldeek elkarren kontra jarritako salaketen katea moztuta, eta zenbaitetan akordioak ere lortu dira aldeen artean. Horrela, 2017an 10 polizia-bitartekaritza izan ziren, eta horietako sei adostasunez burutu ziren. 2018an, 11 bitartekaritza izan ziren, horietako 2 adostasunez burutu dira, bat birbideratu da, hirutan etsi da eta bik bitartekaritza ukatu dute (beste kasu batzuetan bitartekaritza ez zegokien, edo prozesuan dago).

Bitartekaritzan irtenbide arinen eta eraginkorrena aurkitu ahal dituzten kasu ohikoenak elkarbizitza- zein zarata-arazoak izaten dira. Egun, bide penalean sartzen ez diren kasuetan –bestela, epaitegian salaketa jarri behar baita–, Udaltzaingoa aldeen artean bitartekaritza-lana egiten saiatzen da, gatazkari konponbidea emateko xedez. Gaurdanik, bitartekaritza-bide hau formalki proposatuko da, adostasuna lortzeko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiz. Akordioa agiri batean idatziz jasoko da eta, eta agiriak bi aldeak lotetsiko ditu; sinatutako “kontratua” bete ezean, edozein aldek epaitegietara eraman ahalko du prozesua.

Horrela, adibidez, ohikoena den kasuan, haur txikiek sortutako zaratak direla-eta egiten diren auzokide arteko salaketetan, bitartekaritza-zerbitzuak bi aldeak entzungo lituzke; eta, zarata murrizteko zein eragozpenak mugatzeko, adingabekoen jolas-ordutegia, etxeko tokiak eta bestelakoak idatziz adostea proposatuko luke. Horrela, bitartekaritza-agiriak auzokideen arteko elkarbizitza-arauak jaso litzake, zarataz eta musikaz bezainbatean, udal-ordenantzak ezarritako maila jo gabe ere, eragozpenak sortu ahal baitituzte. Horrela, komunitate-bitartekaritzarako zerbitzua prebentziorako zerbitzutzat proposatzen da, bide judiziala ekiditeko eta arazoak arinago gainditzea lortzeko. 

Komunitate-poliziaren bitartez ez zaie arazoei hertsiki poliziala den erantzuna bilatu nahi, baizik eta herritarren erantzunkidetasunaren ikuspuntutik, prebentzioaz, gatazkak bideratuz, bitartekaritzaz eta horrelako tresnez.

Prentsaurrekoan azaldu duten bezala, auzokideentzat Komunitate-polizia erreferente izaten jarraitzeak ahalbidetzen du auzo bakoitzean gertatzen dena berehala eta zuzenean ezagutzea, informazioa arinago helaraztea eta, batez ere, herritarrekiko harremana hurbilagoa izatea. Komunitate-poliziaren eta gizarte-ehunaren arteko elkar-komunikaziorako bidea ematen da, bien arteko elkarlan handiago eta hobea ahalbidetuz. 

¿Te ha sido útil esta página?