Iruñeko Udaltzaingoak bideojokoak egoki erabiltzeko orientazioa eman die gazteei, ludopatia- edo menpekotasun-arazoak saiheste aldera

Iruñeko Udaltzaingoak bideojokoak egoki erabiltzeko orientazioa eman die gazteei, ludopatia- edo menpekotasun-arazoak saiheste aldera
Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak ikasturte honetan ehun hitzaldi baino gehiago eman ditu ikastetxeetan ingurune digitaleko jokoei buruz
Policía Municipal colegios

 

Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeko udaltzainek ikasturte honetan zehar hiriko eta Iruñerriko ikastetxeetako ehun ikasgela baino gehiago bisitatu dituzte ikasleak sentsibilizatzeko bideojokoak eta online jokoak behar bezala erabiltzen ez badituzte izan ditzaketen arriskuez. Produktua zein adinetara zuzenduta dagoen zaintzea edo jolasten ordu gehiegi ez ematea gurasoek zein adingabeek kontuan hartu beharreko jarraibide giltzarriak dira gailu eta plataforma horiek gaizki erabiltzeak eragiten dituen ludopatia-, menpekotasun- eta sedentarismo-arazoak saiheste aldera.

Saioak Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik Bigarren Hezkuntzako lehen mailara bitarteko ikasleei zuzenduta daude eta udaltzainen azalpen txiki batekin abiatzen dira, ikus-entzunezko baliabideez eta adibide praktikoez lagunduta. Ondoren, elkarrizketa-dinamika bat hasten da, zeinetan ikasleek bideojokoekin dituzten esperientziak kontatu eta esparru horretan dituzten zalantzak argitzeko. Polizia-kidegoan gai horiez propio arduratzen den Talde bat egoteak inplikatutako udaltzainei ahalbidetzen die ikasgela bakoitzean sortutako adibide eta planteamenduak beste ikastetxe batzuetara eraman ahal izatea eta, hala, prestakuntza hobetzeko erabiltzea.

Iruñeko Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeko udaltzainek ohartarazten dute itxura batean kalterik egiten ez duten jokoak arriskutsuak izan daitezkeela ez badira egoki erabiltzen. Horren adibide dira futbola edo beste kirol batzuk ardatz dituzten onlineko lehiaketa tradizionalak. Izan ere, eguneraketek eta aurrerapenek ludopatia eta menpekotasuna sustatu dezaketen elementuak txertatu dituzte, hala nola jokalariak salerostea (fikziozko diru kopuru handiak maneiatzea irudikatzen dute) edo beste jokalarien aurkako onlineko lehiaketak (adingabeek ezagutzen ez dituzten pertsonekin denbora luzea ematen dute elkarreraginean).

Udaltzaingoak behin eta berriz esaten du  bideojokoen erabilera okerrak ekar ditzakeen eragin negatiboen aurka egiteko tresnarik onenetako bat dela horiek dituzten adin-gomendioak –sektorearen autoerregulazio mekanismo batean oinarrituta– errespetatzea. PEGI Sistemak (Pan European Game Information) era horretako produktuen kontsumo-adin egokiari buruzko informazio orientagarria ematen du. Bi ikono deskribatzailek osatzen dute, bat gomendatutako adinari buruzkoa, eta bestea azter daitekeen eduki espezifikoari buruzkoa. Informazio-logotipoen diseinua bide-segurtasuneko argietan oinarritzen da, hala, interpretatzeko errazagoa eta ikusgarriagoa da. Adinaren zigiluekin batera, jokoaren edukiari buruzko termino piktografikoak daude.

Askotan, adingabeek helduek baino gehiago dakite gai honi buruz: aita, ama eta hezitzaileen arazo handia

Udaltzaingoak ikasturtean zehar ikasgeletan egiten dituen hitzaldien funtzioak are garrantzi handiagoa du askotan gurasoen eta seme-alaben artean dagoen eten digitala kontuan hartzen bada, izan ere, batzuetan, ezjakintasunagatik, jokabide desegokia gurasoek izaten dute. Hori gertatzen da, adibidez, anai-arreba txikiei handiagoekin jolasteko aukera ematen zaienean bideojokoaren kalifikazioa kontuan hartu gabe, edo zenbait joko oparitzen direnean soilik aintzat hartuz modan egotea edo telesail arrakastatsu batean oinarritzea. Era berean, ohartarazi da gurasoek ez dituztela adingabeak bakarrik utzi behar gailu eta onlineko lehiaketa horiekin, eta, nolabait, beti gainbegiratu behar dituztela jolas-uneak.

Haurrak eta nerabeak natibo digitalak direla kontuan hartuta, arazoa areagotu egiten da, askotan haiek hezitzaileek baino askoz informazio gehiago baitute gai horien inguruan. Ildo horretan, udaltzainek ikastetxeetara egiten dituzten bisitek arazo hori konpontzen dute; izan ere, adingabeekin aurrez aurre hitz egiten dute sektorearen errealitatea eta joko bakoitzaren ezaugarriak sakon ezagututa, eta, beraz, jakin badakite zer arrisku izan ditzaketen.

 

 

 

 

 

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean