Bide publikoan ibilgailuekin, oinezkoekin eta bizikletekin batera bizitzen ikastea, zirkulazio-arauak errespetatzea eta agenteen jarraibideak ulertzea. Horra Iruñeko Udaltzaingoak hiriko ikastetxeetan egiten duen Bide-hezkuntzako programak bilatzen dituen helburuetako batzuk. Amaitzen ari den ikasturte honetan, guztira, 7.701 ikaslek parte hartu dute emandako 317 hitzaldietako batean, dela ikastetxeetan bertan dela Volkswagenen Polo parkean, harekin ere elkarlanean aritzen baitira.
Udaltzaingoak 1990ean abiatu zuen Bide-hezkuntzako programa, eta gai horri buruzko unitate didaktiko bat dauka, adinei eta ikasturteei egokituta. Bertan, pertsona bakoitzak espazio publikoan duen arduran sakondu nahi da, jokatzen duen paperaren arabera: oinezkoa bada, ibilgailuz zirkulatzen badu edo bizikletan edo patinetean badoa. Horretarako, hitzaldiak, simulazioak eta ariketa praktikoak egin ohi dira ikastetxeetan bertan eta Polo parkean. Trafiko-seinaleak identifikatzen eta igarotzeko lehentasuna nork duen irakasten dute, bizikletan nola zirkulatu eta, prestakuntza teorikoago baten ondoren, ikasitakoa praktikara eramaten dute ikastetxe inguruan edo hirian barna paseoak egiten, modu errealean bide-hezkuntza egokiaren garrantzia ikusarazteko eta segurtasun-aztura onak sortzeko.
Hitzaldi gehienak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendu zaizkie, eta berariazko lantegiak egin dituzte, halaber, ikasle zaharragoekin eta desgaitasuna dutenekin. Ikastetxeetan 233 jarduera eskaini dira, eta 5.436 ikaslek hartu dute parte. Ikastetxeetan gehien eskatutako jarduera seinale-zirkuituarena da. Patioetan egin ohi da eta 1.236 ikaslek parte hartu dute. Bertan, oinezko gisa eta bizikleta- edo patinete-gidari gisa izaten ahal diren arriskuekin lehen harremana dute. Egindako beste ekintza batzuk dira paseoak ikastetxe barrutitik kanpo, oinezkoen jokabideari buruzko hitzaldiak eta semaforoen zirkuituak. Halaber, 2.265 ikaslek zirkulazio-nozioak jaso dituzte Polo Parkean, 84 jardueraren bidez. Horietan ikasleek rol desberdinak dituzte: oinezkoa, kar- edo bizikleta-gidaria eta bidaiaria.
Prestakuntza prebentiboa
Bide-hezkuntzako programa Bizikidetza Hezkuntzako Taldearen barruan sartuta dago eta hau bilatzen du: ezagutzak helaraztea eta zalantzak argitzea, herritarrei gaztetatik gaitasunak eta ardura ematea eta ikasleengana hurbiltzea, prestakuntza prebentiboa emateko eta horrela bide publikoan izaten ahal diren arrisku-egoerak saihesteko. Ikastetxeek gero eta gehiago eskatzen dituzte jarduera horiek, ikasgeletan eman ohi den prestakuntza arruntaren osagarri gisa. Izan ere, Bide-hezkuntza zeharkako irakasgaia da hezkuntza-curriculumean.
Bizikidetzarako Hezkuntza Taldea osatzen duten lau agenteak, bi gizon eta bi emakume, arduratzen dira ikasleei zaintzaren, arduraren, arretaren eta zirkulazioarekiko eta bide publikoan dauden gainerako pertsonekiko errespetuaren mezu hori helarazteaz. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten dute, eskariaren arabera, ikasleen arreta eta interesa bereganatzea ahalbidetzen duten dinamika entretenigarrien bidez, beren egunerokoan praktikan jartzen ahal dituzten argibide argiekin, eta beren familia-ingurunea ere kontzientziatu ahal izateko moduan.