Maskarak zein babes-pantailak egiten zituzten boluntarioak, aretoak eta dotazioak desinfektatzen zituzten taldeak, animoa emateko udaltzainen marrazkiak egiten zituzten haurrak, lan-txanda luzeak hobe eramateko janaria eramaten zieten partikularrak... Aurten hainbeste herritar, kolektibo eta enpresari eman behar zizkieten eskerrak, ezen ezinezkoa baitzen denak ekitaldi bakarrean biltzea, alegia, Udaltzaingoak bere egunean egin ohi duen omenaldi-ekitaldian. Halaber, birusa hedatzea saihesteko egungo murrizketak kontuan hartuta, Udaltzaingoak erabaki du bere patroi San Mikel Goiaingeruaren egunaren ospakizuna atzeratzea. Hala ere, ez du aukera pasatzen utzi nahi izan eta esker oneko mezu bat bidali die COVID-19ari aurre egiteko lanean nolabait laguntzen ari diren guztiei. Herritarrei, oro har, helarazitako bideo baten bidez eginen du, non hilabete hauetan zehar jaso duten laguntza eskuzabalaren adibide diren zenbait kasu biltzen baitira.
Iruñeko udaltzainek, arauak betetzen direla eta birusa herritarren artean hedatzen ez dela ziurtatzeko eguneroko lanean, milaka laguntza-keinu jaso dituzte azken hilabeteotan kolektibo, enpresa, instituzio eta herritar anonimoen aldetik. Ohikoenak norbera babesteko ekipamenduen eta materialen lagapenak izan dira, birusaren efektuei lehen lerroan aurre egiteko. Baina, batez ere konfinamenduaren asteetan, herritar anonimo eta enpresa askok janaria helarazi zieten udaltzainei, bai hura behar zutenei helaraz ziezaieten, bai lan-txanda luzeak eramangarriagoak egiteko.
Adibide zehatzak jasotako laguntza oro eskertzeko
Udaltzaingoak herritarrei esker ona publikoki adierazteko egindako bideoaren hasieran mezu bat bidaltzen dute, non azaltzen baitute zergatik aurten ezin duten haien eguna ospatu: “gure esker ona agertu nahi dizuegu, baina ezin zaituztegu guztiak bildu”. Eta ikus-entzunezko baten bidez laguntza kasu zehatzak errepasatzen dituzte, hilabete hauetan lagun askoren lan eskuzabala nolakoa izan den irudikatzen dutenak. Lehen mezua udaltzanei beraiei zuzenduta dago: “gure lankideei, haien lan nekaezinarengatik”, haiei egokitu baitzaie lehen lerrotik birusaren kontrako borrokan aritzea. Keinu bat egiten zaie, baita ere, nolabait haien lana gauzatzen lagundu dieten guztiei.
Ikus-entzunezkoak, halaber, konfinamendu garaiko benetako bi lankidetza-istorio jasotzen ditu. Lehenengoa, Carmen Echávarrirena da. 88 urteko iruindar honek, bere zaintzailearekin batera, bizkotxo bat egin zuen etxean udaltzainentzat, eta eskuz idatzitako gutun batekin lagundu zuen. Horren bidez Udaltzaingoko kideak hunkitzea lortu zuen. Bideoan Pilar Garcíaren istorioa ere kontatzen da, zeinak etxean maskarak josi eta gero udaltzainei eman zizkien. Konfinamenduan zehar Udaltzaingoari marrazkiak bidali zizkieten hainbat neska-mutili ere zabaldu nahi diete esker oneko mezua, lan gogor eta nekaezinezko egunetan haien bulegoetako hormak apaindu eta animatzeko balio izan baitzuten.
Udalak babesa agertu dio Udaltzaingoari
Udaltzaingoaren egunean udaltzainei babesa emateko, Iruñeko Udalak adierazpen bat onetsi du non polizia-agenteek azken urtean egindako lana aintzatesten den, baita modu batean zein bestean Udaltzaingoari laguntza eman dieten herritar zein enpresek egindakoa ere, gure hirian arreta edo laguntza ematen zein delituari aurre hartze aldera.
Hiru puntu dituen adierazpen honen bidez, Iruñeko Udalak erabaki du Iruñeko Udaltzaingoari babes osoa eta aintzatespena adieraztea, eta urte honetan zehar hirian egindako lana aitortzea. Horrez gain, alarma-egoera deklaratu zenetik COVID-19aren pandemia prebenitu eta geldiarazteko lana eskertzen zaio, eta COVID-19aren kontrako borrokan lagundu duten udaltzain, herritar eta enpresei egindako lana aitortzen zaie, nahiz eta aurten, egoera dela-eta, ezin izanen duten aitortzarik jaso.