Iruñeko Udaltzaingoak 2023a itxi zuen hainbat delitugatik 5.459 salaketa jarrita, iaz baino % 10,1 gutxiago, orduan 6.071 jarri baitzituzten. Iaz, 763 pertsona atxilotu zituzten eta 2.219 auzi penal argitu ziren. Atxilotutako pertsona guztien artean, 158 tratu txar fisiko eta psikologikoengatik atxilotu zituzten, 106 bortxa edota larderia erabilita lapurtzeagatik eta beste 69 sexu-erasoengatik; horiek dira arrazoi nagusiak.
Urtean zehar, EKZ Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroak 181.112 dei jaso zituen, eta horietatik 32.373tan (% 17,8) poliziak esku hartu behar izan zuen. Honako hauek dira esku-hartze ohikoenak: trafikoari lotutakoak (7.985), elkarbizitza arazoak bide publikoan eta etxeetan (4.758), osasun- edo arrisku-arrazoiengatik laguntza behar zuten pertsonei arreta ematea (4.044) eta mota desberdinetako delituei lotutako esku-hartzeak (1.269).
Egindako polizia-ikerketen ondorioz, egindako atxiloketez gain, 530 objektu baino gehiago konfiskatu ziren, besteak beste, 139 arma zuri, 3 su-arma, debekatutako 26 arma, 28 telefono mugikor eta jaurtigairik gabeko 15 arma. 1.357 droga-atzipen egin ziren, horietatik 1.183, zakur-unitatearen kontrolen ondorioz eta 49, adingabeei.
Hirian barna 129 km/h-ko abiaduran zirkulatzen
Iruñeko Udaltzaingoak 7.735.948 ibilgailu kontrolatu zituen iaz hiriko radarren bidez; horietatik 36.606 ibilgailu salatu zituzten, % 0,47. Salaketa gehieneko gunea Nafarroako etorbidearen eta Ezkirotz kalearen arteko elkargunea izan zen; 13.609 zehapen jarri ziren, guztien % 37 baino gehiago. Gidari bat ikertu zuten Miluzeko errepidean 129 km/h-ra zirkulatzeagatik.
Sarbide Kontrolatuko Eremuan (SKE) egindako ez-betetzeengatik kamera-sistemek kontrolatutako 3.731.939 ibilgailuetatik 39.049 ibilgailuri zehapena jarri zitzaien (% 1,04). Salaketak % 15,1 murriztu dira aurreko urtearekin alderatuta, orduan 45.986 salaketa jarri baitziren.
2023an Udaltzaingoak alkohola eta drogak detektatzeko 33.945 proba egin zituen 211 kontroletan, eta emaitza positiboa izan zen 1.511 kasutan (% 4,45). Zehatutako 1.500 gidari baino gehiago horietatik, 280 epaitegietara heldu ziren, eta 1.231 isun administratiboetan geratu ziren. Isun administratiboen bostena (203) droga- eta/edo estupefaziente-probetan positibo eman ondoren gidatzeagatik jarri ziren.
Guztira, 361 pertsona ikertu eta atxilotu ziren bide segurtasunaren aurkako delituengatik. Gainera, 99 pertsonak epaitegietara jo zuten gidabaimena ez izateagatik edo indarrean ez egoteagatik.
Komunitate Poliziaren 3.100 errekerimendu baino gehiago
Komunitate-poliziak 3.146 esku-hartze egin zituen 2023an. Garrantzitsuenak ikastetxeen (377) zein norbanakoen (371) eskaerekin zerikusia izan zuten. Lehenengo kasuan, eskolara sartzean eta irtetean zirkulazioa erregulatzeko, ikasleekin arazoak konpontzeko, drogekin edo absentismoarekin lotutako gaietarako... esku hartu ohi da. Norbanakoen kasuan, batez ere, behin eta berriz agertzen diren auzo-arazoak dira, eta polizia-bitartekaritzaren bidez konpontzen saiatzen dira.
Beste 241 eskakizun auzo-unitateetatik heldu ziren, eta haiekin lankidetza estuan aritzen dira, erabiltzaile bortitzen edo beste kasu batzuen aurrean poliziaren laguntza behar duten egoerak konpontzeko. Halaber, Komunitate Poliziari osasun-zentroetatik, farmazietatik edo finken administratzaileetatik ere egiten zaizkio errekerimenduak, bai herritarren segurtasunari dagokionez, bai bizikidetza-arazoei dagokienez, bai bakarrik bizi diren eta egunero ikusten ez diren pertsona zaurgarrien egoera zehatzei dagokienez. Era berean, Komunitate Polizia Auzo-eztabaidaguneetan, Haurren Sarean edo Adinekoen Planetan dago.
UPAS, Hurbiltasuneko Brigada eta Bizikidetzarako Hezkuntza
Iruñeko Udaltzaingoaren Gizarte Babes eta Laguntzako Brigadak (UPAS) 162 pertsona atxilotu zituen iaz genero indarkeriagatik eta 41 etxeko indarkeriagatik. 127 esku-hartze egin ziren adingabeekin, zeinetatik 37k alkoholarekin eta estupefazienteekin zerikusia zuten, 33k ganberrismoarekin eta 20 lapurreta eta ebasketekin. Familiaren esparruan, 2.535 esku-hartze egin ziren, eta beste 884 gizarte-arazoekin zerikusia izan zuten, horien laurdena pasadizoko pertsonekin lotuta.
Hurbiltasuneko eta Prebentzioko Brigadak esparru penaleko atxiloketetan gorakada bat erregistratu du, 2022an 302 izatetik 2023an 381 izatera igaro baitira, % 26 gehiago. Ugaritu egin dira, adibidez, bide publikoan pixa egiteagatik jarritako salaketak, bai eta ikastetxeen inguruko droga-salmenta txikien eta kontsumoaren kontrolak, konfiskazio-aktak edo adingabeei alkohola saltzen dieten lokalei jarritakoak ere. Aitzitik, jaitsi egin dira txakurrak edukitzearekin lotutako ez-betetzeengatiko salaketak.
Udaltzaingoaren Bizikidetzarako Hezkuntza Taldeak, 2023an, 355 jarduera egin zituen bide-hezkuntzari lotuta, eta 336, berriz, gizarte-hezkuntzari lotuta. Bide-hezkuntzako eskolak eman zizkieten 8.060 ikasleri, eta gizarte-hezkuntzako saioak hainbat hezkuntza-mailatako 7.700 ikasleri.