Iruñeko Udaltzaingoak 402 salaketa penal jaso ditu online, duela sei hilabete ziurtagiri digital bidezko izapidetze berria ezarri zuenetik

Iruñeko Udaltzaingoak 402 salaketa penal jaso ditu online, duela sei hilabete ziurtagiri digital bidezko izapidetze berria ezarri zuenetik
Ekainera arte, Udaltzaingoaren bulegoetara joan behar zen online salaketa sinatzeko

foto


2024ko ekainaz geroztik, Iruñeko Udaltzaingoak hainbat delitu arinen 402 salaketa penal jaso ditu online. Duela sei hilabetetik hona, online salaketa egiten duenak ziurtagiri digital bat izan behar du. Hala, prozesua erabat telematikoa da eta saihesten da Udaltzaingoaren bulegoetara joan behar izatea; lehen beharrezkoa zen bulegoetara joatea. 

Udaltzaingoak online salaketa bidezko izapidetzea 2022. urtearen amaieran ezarri zuen , herritarrei delitu arinengatik salaketak jartzea errazteko, besteak beste galtze, ebasketa eta kalteengatik direnak. Inoiz ez delitu astunetarako, hala nola sexu-gertakarietarako edo egilea identifikatzen ahal den delituetarako. Hasiera batean, izapide hori Iruñeko Udaltzaingoaren webgunearen bidez egiten zen, ziurtagiri digitalik gabe, eta beharrezkoa zen salatzailea Salaketen Bulegora bertaratzea agiria sinatzera.

Ekainetik aurrera, online-salaketa ziurtagiri digitalaren bidez egiteko aukera ezarri zenetik, kopuruak gora egin du. 2022an 9 salaketa soilik egin ziren online, prozedura urte amaieran jarri baitzen abian. 2023an 224 salaketa izapidetu ziren, eta 2024an, ekainera arte, hau da, ziurtagiri digitalik gabe, 286 erregistratu ziren. Beraz, ziurtagiri digitala baliatuz eginiko online salaketek bikoiztu egin dituzte aurreko urte osoan jarritako 224 salaketak. 2024an, ziurtagiri digitalarekin eta gabe egindako online salaketak batuta, 688 dira, hau da 2023an halako lau. 

Eraginkortasuna eta azkartasuna izapidetzeetan
Ziurtagiri digitalaren bidezko online salaketa berri hori eraginkorragoa da herritarrendako; izan ere, berehala eta komisariara joan beharrik gabe, eguneko edozein unetan jartzen ahal da salaketa, eta une horretan bertan jasotzen da atestatuaren zenbakia, bai eta ondorengo izapideetarako beharrezkoak diren frogagiriak ere, besteak beste, bankuei edo aseguru-etxeei erreklamazioak egiteko behar direnak.

Era berean, oso izapide aproposa da, bai salaketa-kopuru handia duten merkataritza-kate handiendako, bai ebasketak izaten dituzten eta izapidetzeko bide hori aukeratzen duten saltoki txikiendako, batez ere horrek denbora aurreztea dakarrelako, baita Iruñeko Udaltzaingoak gertaeren berri izatea ahalbidetzen duelako, eta horiek prebenitu eta ikertu ahal izatea.

Salaketa online jarri ahal izateko beharrezkoa da salatutako gertakaria Iruñeko udal-mugartean gertatzea. Salbuetsita daude bankuetako iruzurrak, normalean atzerriko herrialdeetatik egiten baitira. Salaketak ezin dira online izapidetu indarkeria fisikoa edo larderia erabili den kasuetan, egitateak sexu-izaerakoak direnean, egitateen egileak guztiz identifikatzen ahal direnean edo delitua ikusi ahal izan duten lekukoak daudela ziur dakigunean.

¿Te ha sido útil esta página?