
Hurrengo astean martxan jarriko dira, berriz ere, Udaleko organo guztiak, bai Osoko Bilkura, zeina deituko baita datorren ostegunerako, irailak 12, 16:30ean, bai haren menpe dauden batzordeak ere. Gaur deituko dira, astearterako, Lehendakaritza Batzordea eta Herritarren Aferen Batzordea; astelehenean, berriz, Hirigintza Batzordearen gai-zerrenda itxiko da. Hirigintza Gerentziaren bilerak ere hasiko dira. Azken bi foro horiek asteazkenetan dituzte bilera arruntak.
María Echávarri Miñano zinegotzi erregionalistak kargua utzi du eta, horrenbestez, hurrengo batzordeetan 11 zinegotzi izanen dira, eta ez 12, ohiko moduan; horixe baita Osoko Bilkuraren menpeko organo horiek izan ohi duten kide kopurua. Hala izanen da, Unión del Pueblo Navarro udal-taldeak haren ordezkoa aukeratu eta alkatetza dekretuz onesten den bitartean. Osoko Bilkurak aste honetan jakin du Echávarrik uko egin diola karguari, eta Idazkaritza zain dago Hauteskunde Batzordeak noiz bidaliko erregionalisten zerrendan hurren den Fernando Arangurenen egiaztagutunak, zinegotzi akta jabetzan har dezan. María Echávarri Lehendakaritza eta Herritarren Aferen batzorde iraunkorretako kidea zen, baita Kontuen, Next Funtsen, Iradokizun eta Erreklamazioen, eta Kontratazioak Zaintzeko Batzordeetakoa ere.
Alkatetza dekretu bidez ere aldaketak izanen dira zenbait organotan, EH Bilduko zinegotzi Maider Beloki Unzuk baja medikoa baitu. Alde batetik, EH Bilduko Garbiñe Bueno Zabalza arituko da haren ordez Herritarren Aferen Batzordeko kide gisa (batzordekide berria izanen da). Bestetik, Belokik lehendakariorde izateko ardura izan du orain arte batzorde horretan; aurrerantzean, ordea, Aitziber Campión Gamboak (EH Bildu) hartuko du ardura hori, zeina batzordeko lehendakari izan baita orain arte.
Herritarren Aferen Batzordean hutsik geratuko den lehendakaritzarako Zaloa Basabe Gutiérrez (EH Bildu) izendatuko da. Basabek Hirigintza Batzordea utziko du, eta hartan Aitziber Campión sartuko da lehendakari. Astelehenean, halaber, Tokiko Gobernu Batzarrak berak hartutako erabaki bat aldatuko du, hain zuzen, Hirigintza Gerentziako kontseiluan ordezkariak izendatzeari buruzkoa, Zaloa Basabek utzi eginen baitu, eta Aitziber Campión sartuko baita. Udalaren erakunde autonomo gisa funtzionatzen duen erakunde bat zuzentzen du kontseilu horrek.