Iruñeko Udaleko organigrama zehaztu da, Udaleko Gerentea, Udaltzainburua eta alorreko hiru zuzendari izendatu ondoren

Iruñeko Udaleko organigrama zehaztu da, Udaleko Gerentea, Udaltzainburua eta alorreko hiru zuzendari izendatu ondoren
Alkateak emakume-profil nabariko Gobernu-taldea osatu du, 25 postutatik 13 emakumeekin beteta

Fitxategi

foto

 

Tokiko Gobernu Batzarrak, gaurko saioan, onetsi du Ignacio Gallardo Iruñeko Udaleko gerente eta Luis Manuel Iribarren Aguerri Udaltzainburu izendatzea. Halaber, alorreko hiru zuzendari berri izendatu dira: Pertsonen Kudeaketakoa; Hirigintza eta Etxebizitzakoa; Turismo eta Merkataritza Sustapenekoa, eta Haur Eskolen Erakunde Autonomoko gerentziako zuzendaritza, eta beste zazpi zuzendari bere postuan berretsi dira. Iruñeko Udaleko zuzendaritza-taldea osatzen duten 25 pertsonetatik 13 emakumeak dira.

Gallardo (Lleida, 1976) Enpresen Zuzendaritzan eta Administrazioan lizentziaduna eta MBA da, eta hogei urtetik gorako ibilbide profesionala du enpresen munduan, lan hori irakaskuntzarekin uztartuz. Estrategian eta negozio ereduetan aditua da, hainbat enpresendako lan egin du, hala nola Logistix Kids operazio-marketineko agentzia edo Planeta d’Agostini. Aldez aurreko eskarmentu horrek Marketig Tactic aholkularitza estrategikoko kide eta zuzendari exekutibo bihurtzeko balio izan zion. Enpresa hori ADI Taldean sartu zen, eta bertan Gallardo bi urtez negozio garapeneko arduradun gisa aritu zen. Azken hilabeteotan Anaitasuna KKAEaren zuzendari gisa aritu da.

Irakasle-lanari esker hainbat negozio-eskolatan eta unibertsitatetan eskolak eman ditu, hala nola ESADEn, ESICen eta Nafarroako Unibertsitatean. Gainera, enpresa-azeleragailuetan eta -mintegietan coach-a da, besteak beste, Horizon 2020, InnoEnergy, Ecoemprendededor XXI, BCN Activa eta Madri+D. 

Bestalde, Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak Luis Manuel Iribarren Aguerri izendatu du Udaltzainburu, Javier Goyaren ordez, eta abuztuaren 16an hasiko da. Iribarren Zuzenbidean lizentziatua da UHUNen eta lan harremanetan diplomaduna NUPen, orain arte Udaltzaingoaren barruan Hurbiltasuneko Brigadan bitarteko inspektore lanpostuan aritu da.

Udaltzainburu berria Iruñeko Udaltzaingoan sartu zen 1995an. Irakaslea da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan eta Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea Foro Europarra Negozio Eskolan. 2017an Iruñeko Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea eta Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua eratzeaz arduratu zen mahai teknikoan parte hartu zuen.

Gaurkoan onetsitako izendapenen artean, halaber, Eunate Ayestarán Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren zuzendari kudeatzaile berria izatea adostu da. Ayestaránek (Beasain, Gipuzkoa, 1971) urtarrilean dagoeneko organismoaren zuzendaritza tekniko postua hartu zuen. Hezkuntza Zientzietako lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Haur Hezkuntzako Irakasle Ikasketetan diplomaduna Alcalá de Henareseko Cardenal Cisneros Unibertsitatean. Duela gutxi berriz ireki berri den Mendebaldea Haur Eskolako zuzendariaren ordezkaria izan da. Gainera, zuzendari pedagogiko eta hezitzaile gisa lan egin du, hainbat haurtzaindegitako 2-3 urteko gelaren arduradun gisa Iruñean eta Burlatako Bizkarmendia eta Eguesibarko Malkaitz haur-eskoletan. 

Hiru Alorretan zuzendari berriak
Udaleko organigrama berrian Olga Gordillo izanen da Pertsonen Kudeaketako Alorreko zuzendaria, eta María Echávarri zinegotziaren mende egonen da zuzenean. Olga Gordillo Lan Zientzietan lizentziaduna da Errioxako Unibertsitatean, Gizarte graduan diplomaduna Zaragozako Unibertsitatean eta Giza Baliabideetan espezialista Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan, bai eta Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuko funtzionarioa ere, 1988tik. Hiru hamarkadatan zehar, hainbat eginkizun hartu ditu bere gain, eta, horri esker, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Langileriako zuzendari izan zen 2013 eta 2015 artean. Denbora-tarte horretan Anbulatorioen Zuzendaritzako Onarpen Zerbitzuko arduraduna, Laguntza Espezializatuko eta Laguntza Anbulatorioko Kudeaketa Arloko zerbitzuburu izan da. Halaber, Nominen Unitateko eta Langileriako Ataleko buru izan da, besteak beste. 

Izaskun Zozayak zuzentzen duen Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzigoaren barruan José Luis Navarro (Kaparroso, 1967) izendatu dute zuzendari. Navarro Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta masterra Lurralde-antolamendu, Hirigintza eta Jasangarritasunean San Pablo-CEU Unibertsitatean. Navarro jardunean ari da 1995etik, eta udal-idazkari gisa eta aholkulari juridiko gisa aritu da Foru Komunitateko hainbat herri eta entitateetan. Hala, Barasoain-Olorizeko Udal-elkarteko, Mairaga-Erdialdeko Ur Mankomunitateko, Iruñerriko Abiadura Handiaren Patzuergoko eta Iruñeko Udaleko idazkaria izan da. Halaber, ahokulari juridiko-legelari gisa aritu da Noain/Elortzibarreko eta Tafallako udaletan. 2005. urteaz geroztik dago lotuta Iruñeko Udalarekin, orduan sei urtez izan baitzen Hirigintzako Gerentziako aholkularitza juridikoko zuzendari. 

Azkenik, Tokiko Gobernu Batzarrak Amparo Miqueléiz izendatu du Turismo eta Merkataritza Sustapeneko Alorreko zuzendari. Alorra Clara García Valiñok zuzentzen duen zinegotzigoaren mende dago eta Miqueléizek Gerentearen Albokoaren funtzioa ere beteko du. Miqueléiz (Iruña, 1979) Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Tokiko Zuzendaritza Publikoko goi-mailako tituluduna (NAPI); 13 urteko esperientzia du sektore publikoan. Uharteko Udaleko idazkari eta alkate izan da, bai eta Iruñerriko Zerbitzuen sozietate-publikoko zuzendari kudeatzaile eta Iruñerriko Mankomunitateko kabineteko buru eta Proiektu Estrategikoetako arduradun ere. Gainera, IE Business Schooleko Nafarroako ordezkaria izan da. Orain arte, Osasun eta Ongizateko, Komunikazioko eta Prestakuntzako arduraduna izan da FCCMAren Gipuzkoa-Nafarroako ordezkaritzan.

Jarraitutasuna giltzarri diren Alorretan
Cristina Ibarrola alkatea buru duen Gobernu-taldeak, halaber, jarraitutasunaren aldeko apustua egin du Udalean giltzarri diren hainbat Alorretan. Zentzu horretan, Tokiko Gobernu Batzarrak bere karguetan berretsi ditu Alorreko zazpi zuzendari. Horrela, Nuria Larrayoz Ogasuneko zuzendaria izaten jarraituko du; Olivia Elizarik Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzari eutsiko dio; Conchi Mateo Kiroleko zuzendari izaten jarraituko du eta horri Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako Alorreko zuzendaritza gehituko dio. Bestalde, Patxi Fernándezek Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendari izaten jarraituko du; Alejandro Astibiak Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Alorrekoa eta Óscar Esquíroz Hiri Kontserbazioko Alorrekoa, zeinak oraingoan Gobernu Estrategikoa ere barne hartuko baitu.

IZENDAPEN BERRIAK
•    Gerentea: Ignacio Gallardo
•    Udaltzainburua: Luis Manuel Iribarren Aguerri
•    Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendaria: Eunate Ayestarán
•    Pertsonen Kudeaketako Alorreko zuzendaria: Olga Gordillo
•    Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko zuzendaria: José Luis Navarro
•    Turismo eta Merkataritza Sustapeneko zuzendaria: Amparo Miqueléiz

BERE KARGUAN BERRETSIAK:
•    Ogasuneko Alorreko zuzendaria: Nuria Larrayoz Ilundain
•    Gizarte Zerbitzuetako Alorreko zuzendaria: Olivia Elizari Aranguren
•    Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako Alorreko zuzendaria: Concepción Mateo Pérez
•    Kiroleko Alorreko zuzendaria: Concepción Mateo Pérez
•    Herritarren Segurtasuneko Alorreko zuzendaria: Patxi Fernández Elizalde
•    Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Alorreko zuzendaria: Alejandro Astibia Bruno
•    Gobernu Estrategikoko eta Hiri Kontserbazioko Alorreko zuzendaria: Óscar Esquíroz Noble

¿Te ha sido útil esta página?