Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuaren programak eta proposamenak osasun-eskaera eta -beharretara egokituko dira hala ikasleei nola herritar guztiei modu seguruan eskaintzen jarraitu ahal izateko. Materialak eta gelak etengabe desinfektatzeaz gain, jarduerak batez ere kanpoko guneetan egitea erabaki da. Ildo horretan berean jaio da ‘Iruña berdea da’, Iruñeko toki enblematikoetan naturaz gozatzeko proposamen-sorta bat. Horrez gain, konfinamendua hasi zenetik bide telematikoaren aldeko apustua egiten ari da hitzaldi, lantegi edo eskola-programen irisgarritasuna bermatzeko, alerta sanitarioaren egoera edozein izanik ere.
Osasun-egoera berria gorabehera, Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak programak eskaintzen jarraituko die Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleei. Aurrez aurrekoak orain Ingurumen Hezkuntzako Museoaren instalazioen ondoan dauden kanpoko guneetan eginen dira batez ere, Arantzadiko parkean eta monasterioaren patioetan, kasurako. Barruko gela bat erabili behar izanez gero, zabalenak aukeratuko dira, hala nola erakusketa-aretoa, eta erabilera bakoitzaren ondoren guneak nahiz erabilitako materialak desinfektatuko dira. Jarraian, berrogeialdia pasa beharko dute berriro erabili aurretik.
Naturarekiko lotura ahalbidetzen duten proposamenak, ikasleek joan-etorri luzeak egin behar izan gabe
Halaber, Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuak ikasleek ikastetxetik mugitu gabe egin ditzaketen beste jarduera mota batzuk eskaintzen ditu aurten. Curriculumeko jarduerak online landuz egiten du, edo material ibiltariak erabiliz, bide ematen baitute energiarekin, zaratarekin edo urarekin lotutako gaiak ikasgelan bertan jorratzeko. ‘Natura sentitu’ berariazko programak aurten ingurumen-sentsibilizazioko jarduerak eskaintzen ditu ikastetxeetatik hurbil dauden berdeguneetan. Irtenbide horri esker, naturarekiko loturaren bidez ongizatea sustatzen da, modu seguruan eta joan-etorriak ekidinez.
Ikasturte honetan osasun-eskaera berrietara egokituko dira eskola-baratzeak, zeinetan ingurumen hezkuntzako teknikariek laguntza eta aholkuak ematen baitizkiete ikasleei gune horietan egiten diren baratzezaintza-lanen inguruan. Proposamen berriak ere egokituko dira, hala nola gamifikazioaren bidez gauzatutako energia-eraginkortasuneko hezkuntza-programa bat, inguruabarrek hala eskatuz gero, jarraipena on line egiteko aukera ematen duena.
‘Iruña berdea da’, koronabirusaren garaian hiri-naturaz gozatzeko proposamena
Iruñeko Udalak berritasun gisa eskaintzen du aurten ‘Iruña berdea da’ programa. Hamabost jarduera eginen dira hiriko hainbat berdegune enblematikotan, besteak beste, Arantzadin, Ziudadelan eta Taconeran. Jarduerek kontaktuan egoteko dugun beharrari erantzutea bilatzen dute, bai eta harremanetan jartzeko, ingurune seguruetan gaudela sentitzeko eta ongizate fisiko, psikologiko nahiz soziala berreskuratzeko beharrak asetzea ere. Jarduerak irailaren 15etik azaroaren 21era bitarte eginen dira, Ingurumen Hezkuntzako zerbitzuaren eta Udaleko Kultura eta Turismoko Alorraren arteko elkarlanari esker.
Taldeka egiteko jardueren proposamenaz gain, ‘Iruña berdea da’ programak barne hartzen du hiriaren alderdi enblematikoei buruzko erronkak sustatzea. Hala, herritarrei animatuko zaie, zeharka, ingurumenaz, kulturaz eta turismoaz bezainbatean garrantzitsuak izan daitezkeen Iruñeko mugarriak ezagut ditzaten
Hitzaldiak, lantegiak eta bisita gidatuak osasun-neurriei egokituak
Jasangarritasun Eskolak hitzaldiak, lantegiak eta bisita gidatuak eskaintzen jarraituko du, baina oraingoan beharrezkoa izanen da izen-ematea aurrez egitea, eta edukiera unean-unean indarrean den araudiaren arabera mugatuko da. Irisgarritasuna errazteko, jarduera batzuk grabatu eta Interneten zuzenean emanen dira. Gainera, proposamenetako batzuk kanpoko guneetan eginen dira, horien ezaugarriek errazago egiten baitute birusaren hedapena ekiditea.
Konfinamenduaren hasieratik egiten ari den egokitzapen-lana
Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzuak, programak eta jarduerak ikasturte berrira begira egokituz, jarraipena ematen dio martxoan alarma-egoera dekretatu zenean hasitako lanari, besterik ez. Programak halabeharrez bertan behera geratu ziren, eta horregatik alternatibak azkar bilatu behar izan zituzten. Horiek berehala heldu ziren, hamar bat hezkuntza-ekintza eskaini baitzituzten, besteak beste, onlineko jarduerak edo telebistarako bideo-grabazioak.
Konfinamenduaren lehen asteetan, herritarrei oro har eskainitako proposamenak ere egoera berrira egokitu ziren. Ildo berean, zazpi ekintza egin dira. Horien artean aipagarria da gune digital bat abiatu izana elikaduraren, biodibertsitatearen eta mugikortasunaren inguruko jarduerak egiteko onlineko metodologia baliatuta. Behin konfinamendua amaituta, eskaintza digital horri gehitu zaizkio udan Ingurumen Hezkuntzako Museoan aurrez aurre eskaini diren jarduerak, betiere pandemiaren hedapena ekiditeko beharrezkoak diren osasun-neurriekin bat.