Iruñeko Udaleko Herritarrendako Arreta Zerbitzuak (HAZ) duela 18 urte lortu zuen lehen aldiz, 2006ko apirilaren 24an. AENOR Normalizazio eta Ziurtapenerako Espainiako Elkarteak UNE-EN ISO 9001:2015 arauaren arabera erdietsitako ziurtagiri hori berritzeko auditoretza bat egin du hilabete honetan.
Analisi-prozeduraren arabera, Udalak kalitatezko kudeaketa-sistema egiaztatu bat du herritarren eskariari erantzuteko informazio orokorra telefonoz, telematikoki edo aurrez aurre ematea eskatzen badute; hiru bide horietatik jasotako udal-izapideak kudeatzeko; Udalari zuzendutako herritarren abisu eta erreklamazioak erregistratzeko; udal-alorrek eskatuta, herritarrekin telefonoz harremanetan jartzeko, eta udal-jardueretarako inskripzioen erregistroa egiteko. Ikuskatutako zerbitzuak hauek dira: 010 telefono bidezko arreta-zerbitzua eta Aurrez Aurreko Laguntza Bulegoa (ALB), errolda, erregistro eta ezkontza zibilen departamentuak biltzen dituena.
Ziurtagiri berriak 2027ra arte iraunen du, baina tarteko urteetan segimendu-ikuskapenak eginen dira.
Herritarrendako Arreta Telefonoa
Orain 25 urte betetzen dituen 010 zerbitzuak 964.099 kontaktu izan zituen iaz, 2022an baino %5 gehiago, orduan 922.499 egin baitzituen. Kontaktu horiek, batez ere, oinarri dute telefono dei (273.519 jasotakoak), SMS eta mezu elektronikoei (678.558) erantzutea, eta bestelako administrazio-kudeaketak, hala nola izapideak edo udal-programetarako izen-emateak. Iaz, bi laguntzaile birtual jarri ziren martxan, eta horiek ezartzeak dei-kopurua murriztea eta itxarote-denborak laburtzea ekarri du.
Urtean zehar 273.519 dei erregistratu ziren, eta horietatik 232.798 deiri erantzun zitzaien, 2022an baino 17.000 gehiagori, hau da,% 8 gehiagori. Arreta-indizea % 85ekoa da. Dei bakoitzaren batez besteko iraupena 119 segundokoa da, iazkoa baino 11 segundo gehiago. Astelehenetik ostiralera, deien eguneko batez bestekoa 1.085 izan zen; larunbatetan, berriz, 54 dei izan ziren batez beste.
Aurrez Aurreko Harrera Herritarrendako Arreta Bulegoan
Iruñeko Udaleko Herritarrendako Arreta Bulegoak aurrez aurreko 38.360 hitzordu erregistratu zituen iaz, aurreko urtekoaren antzeko kopurua. Hitzordu horietatik, 35.617 erroldari lotutako arretak izan ziren, eta 2.743, erregistroari lotutakoak. Erregistro-kopurua pixka bat igo zen (% 4) iazko kopuruekin alderatuta.
Kondestable jauregian dagoen bulegoan batez beste itxaron beharreko denbora hiru minutu eta hogeita hamasei segundokoa izan zen, aurreko urtekoa baino handiagoa, batez ere azken hiruhilekoan. Igoera horren arrazoia da eguneko hitzorduen kopurua handitu egin zela, egunetan itxaron beharreko denbora murriztu ahal izateko. Bulegoak hamar minutu baino gutxiagoan artatu zituen herritarrak Kondestablen, kasuen % 89,5ean.
Ezkontza zibilei dagokienez, iaz 214 egin ziren Ziudadelako Lidia Biurrun aretoan. Kopurua 2022koa baino zertxobait baxuagoa da, 229 ezkontza egin baitziren.