Iruñeko Udaleko haur-eskolek guztira 873 leku eskainiko dituzte 2021-2022ko ikasturterako, eskolatze doanekoak eta euskara ingelesarekin duten bi lerro zabalduta

Iruñeko Udaleko haur-eskolek guztira 873 leku eskainiko dituzte 2021-2022ko ikasturterako, eskolatze doanekoak eta euskara ingelesarekin duten bi lerro zabalduta
Eskatu daiteke, jada, aurretiko hitzordua, martxoaren 1etik (astelehena) 15era bitarte, behin-behineko izen-ematea egiteko heldu den ikasturterako

 

 

Astelehenean hasiko da epea Iruñeko Udalaren haur-eskoletan 2021-2022ko ikasturterako eskaini diren 873 lekuetarako behin-behineko izen-ematea egiteko. Bi berrikuntza daude ikasturte berrirako. Lehendabizikoa doakotasuna da, 0-3 urteko ziklo osoan familia guztientzat, Iruñeko Udaleko Navarra Suma eta Sozialisten udal-taldeen artean egindako aurrekontu-hitzarmenari esker.

Bigarrena, hizkuntza-eskaintzaren berregituraketa, hizkuntzen eredu mistorantz bilakatzen joatea xede hartuta. Hurrengo ikasturterako, Udalak, Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bidez, apustu sendoa egin du ingelesezko jarduerak txertatzearen alde, hala gaztelaniazko ereduan egiten ari direnei eutsiz nola, berritik, euskarazkoan horiek gehituz. Hartara, 2021-2022ko eskaintzan, euskara ingelesezko jarduerekin ikasteko aukera gehitu da ‘ibiltarien’ eta ‘bularrekoen’ taldeetan, Hello Buztintxurin (Buztintxuri) eta Printzearen Harresi/Fuerte del Príncipen (Milagrosa), eskaintza hori beste adin-tarteetara zabaltzeko xedez  hurrengo ikasturteetan.

Eskatu daiteke, jada, aurretiko hitzordua, martxoaren 1etik (astelehena) 15era bitarte behin-behineko izen-ematea egiteko libre dauden ikaspostuetan. Familiek bi aukera bitarte eskatzen ahalko dute, baina bigarrena bakarrik hartuko da kontuan lehen aukera gisara eskatutakoak esleitu ondoren leku librerik badago. Behin-behineko izen-ematearen aldia eta balorazio-prozesua amaitutakoan, jendaurrean jarriko dira, maiatzaren 10ean, behin-behineko zerrendak eta itxarotekoa.

Udaleko Haur Eskolen sareak, une hauetan, 756 leku eskaintzen ditu egonaldi osoan, eta 117, egonaldi erdian, heldu den ikasturterako. Honako lerro hauek eskaintzen ditu: gaztelania, euskara, gaztelania ingelesezko jarduerekin eta euskara ingelesezko jarduerekin, eta horiek eskola-multzo batean garatuko dira, non instalazioak egokitzen joan diren aldaketa arau-emaileen arabera. Udal sareak 11 eskola ditu, baina horietako bat, Mendebaldea, itxita egonen da hurrengo ikasturtean, hain zuzen, egokitze-obrak egiteko. Mendebaldea eskolako haurrak beste udal haur-eskoletan eskolatuko dira behinik-behin.

Udaleko Haur Eskolek 1979an ekin zioten bere ibilbideari, eta geroztik etengabe hobetzen ari den hezkuntza-proiektu propioa garatzen dute. Egungo egoeran, COVID-19a prebenitzeko plana eskola bakoitzean abiatuta, toki seguruak direla erakutsi da eta jardunean segitzen dute beren hiru funtsezko eginkizun betetzeko: haurtzaroari lagun egitea, abegikor hartzea eta sozializatzea.

Udaleko haur-eskolak: eskolatzea kosturik gabe

Iruñeko Udalean hartutako aurrekontu-hitzarmenari esker, doan izanen da, lehenbiziko aldiz, udal-sarean eskolatzea. Familiek ez dute ordaindu beharko beren seme-alabak udal haur-eskola batera eramateagatik, baina egonaldi osoko ikaspostuetan, non halabeharrez jantoki-zerbitzua ematen baita, hori ordaindu beharko dute.

Jantoki-zerbitzuaren tarifaren kasuan, familia bakoitzari berea ezarriko zaio, familia-unitateak 2020ko errentan izandako diru-sarreren arabera eta familia eskatzaile mota kontuan hartuta (guraso bakarrekoa edo ez-bakarrekoa). Tarifa bi alderdi horiei erreparatuta ezarriko da gutxieneko 25 euroren eta gehieneko 95 euroren artean. Egonaldi erdiko ikaspostuetan ez da jantoki-zerbitzua ematen, hortaz, guztiz doan izanen dira.

Egonaldi osoa 07:30etik 16:30era bitartekoa da, eta egonaldi erdian haurra gehienez 4 orduz egonen da eskolan, ez du jantoki-zerbitzua eskaintzen, eta, horrenbestez, 08:00etatik 13:00etara bitarteko aldian gauzatzen da. Aurten, Hello Azpilagaña, Goiz Eder eta José María Huarte udal haur-eskolek eskaintzen dute egonaldi erdia. Egonaldi erdiko ikaspostuek heldu den ikasturterako eskaintzen direnen % 13,4 egiten dute.

Eredu mistorantz hizkuntza-eskaintzan

Iruñeko Udaleko Haur Eskolek bilakaera-prozesu bati ekin diote, hizkuntza-modalitate bat baino gehiago elkartzen dituen eredu misto baterantz. Helburua da, familien eskaerei jarraikiz, hizkuntza bakarreko ereduekin batera pixkanaka ezartzea gaztelaniazko eta euskarazko ereduak ingelesezko jarduerekin.

2021-2022an, udal haur-eskolek lerro berriak zabaldu dituzte –euskara ingelesezko jarduerekin– Hello Buztintxurin eta Fuerte del Príncipe-Printzearen Harresin; hasteko, 30 leku eskaini dira guztira, eta asmoa da heldu diren ikasturteetan kopuru hori handitzea, bidenabar osatuz lehendik bazegoen eskaintza (gaztelania ingelesezko jarduerekin). Modalitate hori –gaztelania ingelesezko jarduerekin– honako haur-eskola hauetan eskainiko da: Fuerte del Príncipe-Printzearen Harresi, Hello Azpilagaña, Hello Buztintxuri, Hello Egunsenti, Goiz Eder eta José María Huarte. Goiz Ederrek osorik eskaintzen ditu gaztelania ingelesezko jarduerekin eta euskara.

Halaber, hizkuntza bakarreko eskaintzak bere horretan dirau Mendillorri, Haurtzaro, Donibane eta Fuerte del Príncipe-Printzearen Harresin (gaztelania). Euskarazko ereduaren kasuan, Izartegin segituko du hizkuntza bakarreko eskaintzak.

Behin-behineko izen-emateak eta matrikulak

Abiatu da, jadanik, udal sareko hamar eskoletara eta Gobernuak kudeatzen dituen bostetara sartzeko prozesua, eta berdina da guztietan. Behin-behineko izen-ematearen epea martxoaren 1etik 15era da. Izapide hori telematikoki egin daiteke https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean (cl@vePIN edo NAN elektronikoa erabilita), edo aurrez aurre. Azken kasu horretan, aurrez hitzordua eskatu behar da 948 420 098 telefonoan edo Udaleko Haur Eskolen webgunean zein www.pamplona.es webgunean (egoitza elektronikoa). Behin hitzordua hartuta, interesdunek autobusetako geltoki zaharrera (sarrera Tutera kaletik) joan beharko dute, dokumentazioa aurkeztera.

Eskolen sarerako sarbidea puntuazio-baremo baten arabera ezarrita dago; puntuazio hori agiri bidez egiaztatu behar da eta puntuak esleitzen dira aurrez finkatuta dauden honako irizpide hauen arabera: unitate-familiaren osaera eta errolda, gurasoen edo legezko tutoreen lan-egoera eta egoera akademikoa, familiaren errenta eta behar bezala justifikatutako behar pertsonalak, familiarrak edo sozialak. Haurrak zerbitzu honetara jotzeko adinean dituzten familiei buzoietan banatutako liburuxketan eta www.pamplona.es/escuelasinfantiles zein www.navarra.es webguneetan jasotako informazioan zehazten da formalki zer agirik egiaztatzen duen inguruabar horietako bakoitza eta kasu bakoitzean ematen den puntuazioa.

Behin-behineko onartuen eta itxarote-zerrendak maiatzaren 10ean argitaratuko dira, eta behin betiko zerrendak, maiatzaren 24an, erreklamazioetarako egun batzuen ostean. Gero, onartua izan den familia bakoitzak maiatzaren 24tik 28ra bitarteko epea izanen du dagokion haur-eskolan matrikulatzeko. Ikasturtea abuztuaren 16an hasiko da.

Udaleko haur-eskoletan eskainitako leku-kopuruak (2021-2022ko ikasturtea):

Lekuak egonaldiaren arabera

Egonaldi osoa (eo)                 756                  % 86,6

Egonaldi erdia (ee)                117                  % 13,4

Guztira:                                              873

Lekuak ereduka                                Postu-kopurua                                 %

Guztira gaztelania + ingelesa                        355 (254 eo/ 101 ee)                         % 40,66

Gaztelania, guztira                             294                                         % 33,68

Guztira euskara                                             194 (178 eo/ 16 ee)                           % 22,22

Guztira euskara + ingelesa                30                                                          % 3,44

Postuak guztira                      873                                                     % 100

Leku eskuragarriak eskolaka (eredua eta egonaldia)

  • Egonaldi osoa

Donibane (gaztelania)                                               70

Donibane (euskara)                                       32

Printzearen (gaztelania)                                            40

Printzearen (euskara)                                    32

Printzearen (gaztelania + ingelesa)                                       15

Printzearen (euskara + ingelesa)                                          15

Mendillorri (gaztelania)                                            102

Goiz Eder (gaztelania + ingelesa)                              32

Goiz Eder (euskara)                                       32

Haurtzaro (gaztelania)                                              82

Izartegi (euskara)                                           82

Hello Egunsenti (gaztelania + ingelesa)                                58

Hello Butzintxuri (euskara + ingelesa)                                  15

Hello Butzintxuri (gaztelania + ingelesa)                              67

Hello Azpilagaña (gaztelania + ingelesa)                               82

GUZTIRA                                                                   756

  • Egonaldi erdia

Hello Azpilagaña (gaztelania + ingelesa)                              41

Goiz Eder (gaztelania + ingelesa)                             16

Goiz Eder (euskara)                                      16

José María Huarte (gaztelania + ingelesa)   44

GUZTIRA                                                      117

 

¿Te ha sido útil esta página?