Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean ekin dio Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako eskolatze- eta matrikula-kuotak kentzeko prozesuari, hurrengo ikasturtetik aurrera, horrela onartuak izanen diren haurren familiek zerbitzua doan jasoko dute. Neurri hori gauzatuko da aurtengo kontuetan gehitutako 400.000 euroko zuzenketa bati esker, eta zenbateko hori Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren transferentzia arruntei gehituko zaio.
Neurri hori abian jartzeko prozesua gaur goizean hasi da, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 8. arauaren aldaketa onetsi duenean; arau horrek Udal Haur Eskolen hezkuntza- eta laguntza-zerbitzuarengatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzen ditu. Aldaketa horren xedea da Haur Eskoletan 2020-2021eko ikasturtean eta, kasuan kasu, hurrengoetan, matrikulatzen diren familiei eskolatze-kuota ordaintzetik salbuesteko xedapen bat aurreikustea, dagokion aurrekontu-xedapena onetsi ondoren. Proiektua onetsi ondoren, hurrengo Osoko Bilkuran, otsailaren 4an, eztabaidatu eta bozkatuko da.
Hurrengo ikasturtetik aurrera martxan jarriko den neurriak berekin dakar Iruñeko Udalak bere gain hartzea eskolatze- eta matrikula-gastuak, eta horrela familiek jantokiko kuota bakarrik ordainduko dute, dagokien errentako tartearen eta ikasturte bakoitzerako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezarritako araudian aurreikusten diren beste inguruabarren arabera.
Udaleko Haur Eskolak doan izatea ahalbidetuko duen Udal-aurrekontuei egindako zuzenketak, Iruñeko Udaleko Navarra Sumaren eta Sozialistak udal-taldeetako zinegotzien botoei esker onetsia, 400.000 euro aurreikusten ditu 2021eko ekitaldirako Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko aurrekontuan, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren aldeko transferentzia arrunten partidan. Horrela, Erakundeari emandako aurrekontu-partida igoko da, hasierako 7.965.000 euroetatik behin betiko 8.365.000 euroetara igaro baita. Igoera horri esker, doakotasuna bermatuko da 2021-2022eko ikasturterako, hau da, 2021eko abuztutik–ikasturtearen hasieratik– 2021eko abenduaren 31ra arte; alabaina, hurrengo udal-aurrekontuetan beste finantzaketa bat beharko da hala ikasturte osoa barne hartzeko nola neurriak hurrengo ikasturteetan jarraituko duela bermatzeko.