Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorrak egiten dituen prestakuntza-ekintzek ISO 9001:2015 egiaztagiria jaso dute, hau da, Kalitatezko Kudeaketa-Sistemak arautzen dituen nazioarteko estandarra betetzen dute. Zehazki, maila hau honako hauei aitortu zaie: Iruñeko Udaleko lantegi eskoletako programetako prestakuntza ekintzen diseinu, kudeaketa eta irakaskuntzari; tokiko entitatean egiten diren langabetuendako ikastaroei eta Udalak espetxean bultzatzen dituen lantegiei.
Hiru lan-ildo hauetako bakoitzeko azken edizioan 280 pertsona inguru parte hartzen ari dira (edo parte hartu dute): oraindik ikastaroa egiten ari diren 100 gazte, sei lantegi-eskoletan; 60 pertsona, langabetuendako hainbat ikastaro-modalitatetan, eta 120 inguru, espetxeko lantegietan. Hori azken 18 hilabeteetan, baina prestakuntza-ekimen horiek –hainbat eduki, ikasle-profil ezberdin eta eskolak emateko ere hainbat leku izan dituzte denboran zehar–, Iruñeko Udalean ibilbide luzea dute, beraz, milaka pertsonarengana iritsi den prestakuntza-esperientzia da eta haren lan-ildoei jarraipena eman nahi zaie.
1986ean Landaben Prestakuntza Zentroan egindako lehenengo lantegi-eskoletatik hasi, 80ko hamarkadatik hainbat udal-lokaletan ematen diren langabetuendako ikastaroak barne, eta 2000. urtean hasitako espetxe barneko prestakuntzari emandako bultzadara arte, ahalegin honen iraupenak Udalak herritarrak gizarteratzeko eta lanera bideratzeko duen interesa egiaztatzen du. Udalerriko enplegurako prestakuntza-programen kalitatea egiaztatzeko lana 2020ko irailean hasi zen ABACCO enpresa gainbegiralearekin eta, sei hilabetez egiaztapenak, bilerak eta doikuntzak egiten aritu ondoren, ISO 9001:2015-aren lorpenarekin amaitu da, ADOK CERTIFICACION ebaluazio-enpresaren ikuskaritzaren bitartez.
Kalitate egiaztatuko programak
Gaur egun, Iruñeko Udala eduki espezializatuko sei ikastaro ematen ari da beste hainbeste lantegi-eskolatan (Lorezaintza, Soldadura, Zurgintza, Hargintza, Igeltserotza eta Askotariko zerbitzuak), zeinak Landaben eta Arantzadiko formakuntza zentroetan eta Maiteminduen pasealekuko udal-lokaletan baitaude. Prestakuntza prozesua benetako lan inguru batean garatzen da; beraz ikasleek, saio teorikoak jasotzeaz gain, Udaleko alor ezberdinentzat edo beste zenbait entitate edo enpresentzat obra eta enkarguak egiten dituzte. Lantegi-eskolen azken edizioa amaierako fasean dago jada (landa fase edo “gizarte-ekintza” delakoan) eta udaren ostean itxiko da, COVID-19ari aurre egiteko planek markatutako edizio honetan.
Une hauetan bukatu dena langabetuendako prestakuntzako honako ikastaro hauen azken edizioa da: trebetasunak eskuratzea ostalaritzan eta sukaldaritzan (Fiteroko monasterioko lokaletan) eta “Mendekotasun egoeran dauden pertsonei gizarte erakundeetan gizarte- eta osasun-arta ematea” (Errotazar). hiru eduki horietarako 60 profesional berri prestatu dira, eta horien praktikak antolatzea zaila izaten ari da pandemia garaian, oso kaltetuta dauden bi sektorerekin lotuta baitaude: ostalaritzarekin eta adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzekin. Une hauetan, Udala Nafar Lansareren bidez Nafarroako Gobernuaren deialdi berria gaitzeko zain dago, edizio berri bat irekitzeko. Hala lantegi-eskolak nola prestakuntza ikastaroak, Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatuta daude –Nafar Lansareren bidez–, eta amaieran ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzen dituzte, ikasleen ezagupenak eta trebatzea egiaztatzeko.
Eta 2021eko martxoan espetxeko lantegien beste edizio bat hasi da, emakume zein gizonei zuzenduak. Eskaintza horrek beti jarraipen-maila altua izaten du, 120 pertsona ingurukoa edizio bakoitzean, nahiz eta saioetara doazen lagunei buruzko datuak desberdinak izan; izan ere, beharrezkoa da ikasleekin malgutasuna izatea, itxialdi-egoeratik sartu eta irteten baitira.