Atzo arratsaldean Navarrería kalean izandako gertakari tragikoaren aurrean, Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen hau egin nahi du.
Une hauetan, errespetuz eta zuhurtziaz jokatu behar dugu, eta biktimei nahiz haien senideei babesa eta gertutasuna adierazi. Gertatutakoak kezka handia eragin du hirian, eta, gure ustez, une honetan garrantzitsuena da kaltetutako pertsonen ondoan egotea eta erantzun lasaia, bateratua eta arduratsua ematea.
Horregatik guztiagatik, Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako hau adierazi nahi du:
Iruñeko hiriaren, herritarren eta ordezkari publikoen izenean, gure atsekabea adierazi nahi dugu atzo arratsaldean izandako gertakari tragikoagatik. Era berean, gure doluminik zintzoenak helarazi nahi dizkiegu hildako pertsonaren familiari eta ingurukoei, eta gure babesa eta gertutasuna adierazi nahi dizkiegu kaltetutako pertsona guztiei.
Iruñeko Udalak behar diren udal baliabide guztiak jarriko ditu atzoko gertakari tragikoaren biktimei laguntzeko, une latz hauei aurre egin ahal izan diezaieten.
Udal zerbitzuek, Udaltzaingoa buru dutela, gertatutakoa argitzen laguntzeko eta beharrezkoa den guztian lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen dute.
Eskerrak eman nahi dizkiegu gertakariaren lekuan biktimei laguntzen saiatu ziren pertsonei, bai eta esku hartu zuten profesionalei eta laguntza-zerbitzuei ere. Haien azkartasunak eta profesionaltasunak hiri osoaren aitortza merezi dute.