Iruñeko Udaleko Biltegirako eta harria lantzeko Lantegi Eskolak konponduko du udal-hilerriko sarrerako errekarrizko zoladura, udaberrian

Iruñeko Udaleko Biltegirako eta harria lantzeko Lantegi Eskolak konponduko du udal-hilerriko sarrerako errekarrizko zoladura, udaberrian
Une honetan 15 ikasleak Santiagoko bastioiko kasamata-patioan eta sarbideetan leheneratze- eta garbiketa-lanak amaitzen ari dira

 

 

Iruñeko Udaleko sei Lantegi Eskolek berriz ere ireki zituzten ateak deskonfinamendu-garaian aurrez aurreko prestakuntza emateko. Egunotan, Landaben Prestakuntza Zentroko espezialitateetako bateko ikasleak, Biltegirako eta harria lantzeko jarduera osagarrikoak, Santiagoko bastioiko kasamata-patiora sartzeko tuneleko materialak zizelkatzen ari dira, non mantentze- eta garbiketa-lanak ere egin baitituzte. Lan horiek ‘gizarte-ekintza’ deiturikoaren parte dira, hiriaren onurarako lanbide baten ikaskuntzaren praktika, hain zuzen.

Eskola horiek, Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, ‘lan eginez ikasi’ prestakuntzarako eta praktikarako baliabideak dira, 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzenduak. Sarritan partaideek enplegagarritasun falta duten profilak dituzte, eta prestakuntza bitartean, hasieran beka bat kobratzen dute, eta ondoren, soldata. Espezialitate honen egungo edizioa 2019ko urrian hasi zen eta, amaitzen denean, aurtengo irailean, bertako 15 ikasleek (13 gizon eta 2 emakume) 1. mailako bi profesionaltasun-agiri lortuko dituzte, biltegiratzeari eta harria lantzeari dagozkionak. Une honetan, osasun-segurtasuneko arauak betez, landa-lanean aritzen diren taldeak eta lantegiko prestakuntza teoriko-praktikoa txandakatzen dituzte.

Hurrengo hilabeteetarako aurreikusita dago udal-hilerriko sarrerako errekarriak konpontzea, Taconeran jardinerak gainean jartzeko harrizko pilastrak egin eta instalatzea, Miluzeko zelaiko espazioak banatzeko harlangaitz-horman lanak egitea eta galtzada-harriak eta harriak prest uztea lantegi-eskolako hurrengo deialdirako. Lan horiek aurreko edizioetan hiriarendako egindako beste lanei gehituko zaizkie, hala nola hilerriko kaleetako adierazleak, Caparrosoren Errotako eraikinaren finkapena, San Pedroko monasterio zaharreko patioa, Ziudadelako espazioak –kasamata-patioak kasu– eta Gotorlekurako sarbidea Gaztelugibeletik: Laguntza Atea.

Hargintzako prestakuntza Iruñean inplementatu zen lehenetarikoa da –1986an hasi zen–, eta beti laneratze portzentaje altua izan du, eskaria edukirik bai Nafarroan bai foru-komunitatetik kanpo. Lantegi-eskola hauetan laneratze-kopuruak ikasleen % 70 jotzen du, espezialitatearen eta lan-merkatuko uneko egoeraren arabera; azken horren eskarietara doitzen dira edukiak urtez urte. Gaur egun, Landaben Prestakuntza Zentroan beste hiru eskola gehiago ematen dira: Igeltserotza-lanak, Zerbitzu anitzeko mantentze-lanak eta Altzariak muntatzeko eta egurra eraldatzekoa, 15 ikaslerekin eskola bakoitzeko. Horrez gain, Iruñeko Udalak baditu beste bi eskola. Batetik, Arantzadi Prestakuntza Zentroan (Arantzadiko ingurunea), Baratzezaintza, Loregintza eta Lorezaintzako Lantegi Eskola, eta bestetik, soldadurakoa, guztira 100 ikaslek jasotzen dutelarik prestakuntza.

¿Te ha sido útil esta página?