Ikastetxez ikastetxe, ingurumenari buruzko edukiz, jokoz eta materialez betetako hainbat maleta Iruñeko ikastetxeetan barrena ibiltzen dira ikasturtean zehar. Maleta ibiltariak dira, eta Iruñeko Udalak Haur Hezkuntzako eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasle guztien esku jartzen ditu, jolasen bidez ikasi ahal izan dezaten.
Ikasturte honetan, bost gai nagusi izanen dituzte maleta horiek: zarata eta kutsadura akustikoa, elikadura, energia, ura eta baratzea. Materiala berritu dute beraz. Adin guztietara egokitutako hainbat tresna eta baliabide sartu dituzte maleta horietan gainera: sonometroak eta bero-neurgailuak, uraren kalitatea aztertzeko tresnak, haziak, jakien fitxak, jokoak, puzzleak eta txostenak, besteak beste. Finean, hezkuntzarako doako baliabideak eskaintzea da helburua, ikaslgeletan jolasen bidez landu ahal izateko. Baliabideez gain, maletetan hezkuntza-proposamen bat ere badago, materialak errazago erabili ahal izateko.
Orain arte ez bezala, ikasturte honetan bizikletaz eramanen dituzte maletak eskaria egin duten ikastetxeetara, modu jasangarrian alegia. Orain arte ikastetxeetako arduradunek joan behar izaten zuten Ingurumen Hezkuntzako Museora maletak hartu eta bueltan eramatera. Proposamen xume horren bidez, isuri kutsatzaileak murriztuko dituzte.
Erreserbak, online
Hezkuntza-baliabide horiek eskuratu ahal izateko, aurrez erreserba egin behar da online, Udalaren webgunean. Ingurumen Hezkuntzaren atalean, hezkuntza-eskaintza guztien barruan, material ibiltariak maileguan eskatu daitezke. Ikastetxeetarako pentsatuta dago material hori, baina beste talde batzuek ere badute eskatzeko aukera: hala nola ludotekek, dibertsitate funtzionaleko taldeek eta elkarteek.
Prestakuntza zer hezkuntza-etapatan eginen den adierazi, eta nahi den maleta ibiltaria aukeratu besterik ez da egin behar. Haur Hezkuntzarako bi maleta daude eskuragarri: bata elikadura osasungarria jorratzeko, eta bestea baratzea lantzeko. Lehen Hezkuntzarako bost Maleta ibiltari diseinatu dituzte. Bat elikadurarekin lotutakoa da, eta elikadura osasungarria eta jasangarria lantzeko balio du: liburuak, karta-jokoak, memoria-joko bat, plater osasungarriaren kit bat eta beste material osagarri batzuk ditu barruan. Zarataren aurkako maleta bat ere diseinatu dute, zarataren eta sortzen dituen arazoen inguruan esperimentuak egin ahal izateko: sonometroak eta dezibelioen semaforoak ditu barruan.
Lehen Hezkuntzarako beste maleta bat energiaren ingurukoa da. Entxufeak, liburuak eta hainbat joko ditu barruan, eta hainbat gai landu ahal izanen dira horiekin: energia-iturri desberdinak, oharkabeko kontsumoa, energia aurreztea, energia erabiltzearen ondorioak eta energia-mendekotasuna. Baratze-saskian, berriz, haziak sartu dituzte, dagozkien argazki eta guzti, jolasaren bidez, ondo pasatuz eta esperimentuen bidez ikasleak baratzearen mundura hurbiltzeko. Azkenik, uraren maletan iragazkiak, lupak, oxigenoa neurtzeko potoak eta erreaktiboak, nitratoa eta ph-a, eta jarduerak egiteko askotariko materiala sartu dituzte. Hala, ikasleek modua izanen dute ibai bateko ekosistema zer egoeratan dagoen aztertzeko, uraren kalitatea neurtzeko, inguruko biodibertsitatea aztertzeko eta gizakiak ibaian duen eragina ikusteko.
Bestalde, bi maleta diseinatu dituzte Bigarren Hezkuntzarako: bat energia-trantsizioa lantzeko, eta bestea urari buruz. Lehenengoan hainbat tresna sartu dituzte: argindarraren kontsumoa neurtzeko gailuak, luxmetro bat, termometro infragorri bat eta distantziak neurtzeko gailu digital bat. Maleta horrekin, energia-trantsiziorako eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako funtsezkoak diren eguneroko kontuak landuko dituzte: etxean energia nola erabili, energia-efizientzia, elikadura eta mugikortasuna. Uraren maleta Lehen Hezkuntzarako diseinatutakoaren antzekoa da: gidak, liburuak, prismatikoak, iragazkiak, lupak, oxigenoa neurtzeko potoak eta erreaktiboak, nitratoa eta ph-a, sartu dituzte hemen ere.
Material hori guztia Iruñeko Udalak Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren barruan egiten dituen ekintzetako bat da, gizartean klimaren inguruko kultura sustatzeko helburu estrategikoarekin lotuta.