Iruñeko Udalaren hurrengo Osoko Bilkuran udal-aurrekontuan 11,6 milioi euroko aurrekontu-aldaketak egitea eztabaidatuko da

Iruñeko Udalaren hurrengo Osoko Bilkuran udal-aurrekontuan 11,6 milioi euroko aurrekontu-aldaketak egitea eztabaidatuko da
Xedea da langileriako ezohiko gastuak, energia-hornidurakoak eta eskualdeko hiri-garraioko gastuak finantzatzea, besteak beste

Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean aurrekontua 11.628.246,62 euroan aldatzeko proposamena ezagutu du, besteak beste, langileria-gastuei, energia-hornidurari, hiriko mantentze-lanei edo Iruñerriko Mankomunitateari eta Haur Eskolei egin beharreko transferentziei aurre egiteko. Aldaketa horiek urriaren 26rako aurreikusita dagoen Iruñeko Udalaren hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatu eta onetsiko dira, hala badagokio.

Lehen espedienteak aparteko gastuei aurre egiteko aurrekontu-aldaketak jasotzen dira, gaur egun ez baitago 7.458.082,17 euroko partidarik. Gastu horiek Iruñeko Udalaren gastu orokorretarako diruzaintzako geldikinen kontura finantzatuko dira. Guztira, 1.807.000 euro erabiliko dira udal-eraikinetan edo bide publikoetan gas-, elektrizitate- edo berokuntzarako energia-hornidura ordaintzeko. Proposatutako beste partida batzuek honako hauekin dute zerikusia: eremu urdineko kontratuaren ezohiko gastuekin (1.524.288,86 euro), obren prezioen berrikuspenarekin (280.000 euro baino gehiago), asfaltatze-lanekin (164.000 euro), larrialdietarako laguntzekin eta eskola-jantokiko bekekin (230.000 euro), etxez etxeko laguntza-zerbitzurako ekarpenekin (240.000 euro) eta kirol-ekitaldiekin (58.000 euro).

Espediente honek barne hartzen du Iruñerriko Mankomunitateari egin beharreko 2.374.657,65 euroko transferentzia, hiri garraiorako, Udalaren aurtengo hirugarren eta laugarren hiruhilekoetarako ekarpenaren zati gisa. Diru horren zati bat, 1.650.827,62 euro, diruzaintzako geldikinekin finantzatutako kreditu-gehigarri batetik dator, eta gainerakoa, 723.830,03 euro, Hirigintza Gerentziaren ekarpenetatik. 

Diruz lagundutako langile-gastuak
Bigarren espedienteak langileria-gastuak Nafarroako Foru Komunitateak emandako dirulaguntzen bidez finantzatzearekin du zerikusia. 3.750.937,10 euroko aurrekontu-aldaketa proposatu da, eta, batez ere, Gizarte Enplegu Babestuko eta Joaquín Maya Musika Eskolarako pentsio eta ordainsarietarako izanen da..

Zehazki, 3,7 milioi euro horiek honela banatuko dira: 2.142.201,60 euro Enplegu Sozial Babestuko aldi baterako lan-kontratudunen oinarrizko ordainsarietarako, 1.211.953,67 euro pentsioei eta erretiroei lotutako eskubide pasiboak finantzatzeko eta 396.781,83 euro Joaquín Maya Musika Eskolako funtzionarioen oinarrizko ordainsarietarako.

Transferentzia Haur Eskolei 
Hirugarren espedienteak Iruñeko Udal Haur Eskolak erakunde autonomoaren aurrekontuari ere eragiten dio. Udalaren aurrekontuan kreditua sortu nahi da, Haur Eskolei 419.227,35 euroko transferentzia egiteko, langileen ordainsariak ordaintzeko. 

Azkenik, espediente horrek berak 315.772,65 euroko kreditu-gehigarria jasotzen du Haur Eskolen aurrekontuan, erakunde autonomoaren diruzaintzako geldikinekin finantzatuta, funtzionarioen, lan-kontratudunen edo ordezkapenetarako ordainsarien zati bat ordaintzeko.
 

¿Te ha sido útil esta página?