Iruñeak eta Alemaniako Paderborn hiriak hiru hamarkadako senidetzea ospatu dute egunotan. Hori dela eta, Enrique Maya alkateak eta Udalbatzako kideek harrera egin diote Michael Dreier alkatea buru duen Alemaniako hiriko ordezkaritza bati. Harreran izan dira halaber, Heino Von Grooten Paderborngo Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteko lehendakaria, Antonio Sierra Paderborngo Elkarte Hispano-alemaneko lehendakaria eta entitate horretako zuzendaritza batzordeko beste zenbait ordezkari. Horiez gain Paderborngo Katedralaren Artxidiozesiko Abesbatzako 46 kideei ere egin zaie harrera; izan ere, hiru kontzertu emanen dituzte Kultur Aste Hispaniar-alemaniarraren baitan Nafarroako hiriburura egiten ari diren bisitan.
Hain zuzen ere, Espainiako Iparreko Elkarte Hispano-alemaniarrak dagoeneko ohikoa den Kultur Aste Hispaniar-alemaniarraren edizio berezia antolatu du urtemuga hau dela eta, joan den ostiraletik heldu den larunbatera, hilak 15, aurreikusitako ekitaldi sorta baten bidez. Izan ere, Enrique Maya Iruñeko alkateak inaugurazio-ekitaldian parte hartu zuen joan den ostiralean, Dreierrekin eta Michael Voss Alemaniak Bilbon duen kontsularekin batera. Zortzi egun hauetarako bisita gidatuak, txangoak, alemanezko zinema eta aurten, lehenengo aldiz, enpresa-topaketa bat ere antolatu da, Nafarroako eta Alemaniako enpresen artean. Jarduera horien artean dago gaurko harrera. Aurretik, Enrique Maya alkateak eta Michael Dreier Alemaniako homologoak bilera egin dute, eta agerian utzi dituzte bi hiriak lotzen dituzten lotura kulturalak eta sozialak.
Nafarroako hiriburuak zenbait jarduketa-lerro garatu ditu 1992az geroztik, Paderbornekin duen harremana hainbat arlotan sendotze aldera. Bi hirien arteko lotura 1992ko abenduaren 6an izenpetu zen, eta hitzarmen horren babesean, handik urtebetera Espainiako Iparreko Elkarte Hispano-alemana sortu zen, bi hirietako biztanleen artean esperientziak elkarri hurbiltzeko eta partekatzeko asmoz. Horiez gain, Udalak hitzarmen bat du Done Jakue Bidearen Lagunen Elkartea – Paderborneko Donejakue Ermandadearekin Iraizoz Txaleta deritzon erromes-aterpetxea kudeatzeko, zeinak orain ‘Paderborn Etxea’ izena hartu baitu. Alemana ikastea ere bultzatu da hainbat ikastetxetan. Horren adibiderik garbiena Paderborn-Víctor Pradera Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa da; komunikazio hizkuntzetako bat alemana baita, eredu elebidunean.
Bisita ikastetxera
Enrique Maya alkatea Alemaniako ordezkaritzarekin batera izan da gaur goizean, Milagrosa auzoan dagoen ikastetxe horren instalazioak bisitatzen. Ikastetxeak Haur hezkuntzako bigarren zikloa eta Lehen Hezkuntzako ikasmaila guztiak ematen ditu, 3 urtetik 12ra. Alde batetik, ikastetxeak funtsezko bi ezaugarri ditu: G-PAL eredu eleaniztunari eusten dio 2013-2014ko ikasturtetik; hau da, eskolak gaztelaniaz eta alemanez ematen ditu ingelesa ikasgai dela. Izaera publikoa duen alemanezko ikastetxe bakarra da Espainia osoan. Bestetik, erreferentziazko ikastetxea da entzumen-desgaitasuna duten ikasleentzat. Ikasturte honetan 347 neska-mutiko matrikulatu dira Paderborn-Víctor Pradera ikastetxean.
Zaragozako etorbidean dagoen ikastetxe hau 1952an inauguratu zen Udalak Nafarroako Gobernuari hezkuntza-zuzkidurarako lagatako orubean. 2000. urtetik 2013. urtera bitartean, auzoaren kokalekua eta biztanleria zirela eta, ikastetxean eskolatutako ikasle gehienak etorkinak ziren, eta ikasturte batzuetan guztizkoaren % 90 izatera ere iritsi ziren. Ikastetxearen irakaskuntza-helburuen artean gizarteratzea nabarmentzen da.
2013tik hona ikastetxearen osaera aldatu egin da. Azpilagaña auzoko erreferentziako ikastetxe publiko bihurtu da, nahiz eta beste auzo batzuetako ikasleak ere hartzen dituen. Iruñearen hiri senidearen ohorez alemana atzerriko bigarren hizkuntza gisa ezarri zenean, ikasleen kopuruak nabarmen egin zuen gora.
Elkarren arteko laguntza eta lankidetza
Kultura-trukeaz harago, Iruñearen eta Paderbornen arteko senidetzea adiskidetasun- eta lankidetza-akordio bat da, bertako biztanleek eta erakundeek kultura-, ekonomia-, gizarte- edo kirol-harremanak estutzeko eta herritarren onerako izango diren proiektuak sustatzeko.
Adiskidetasun horrek eraman zuen Iruñeko Udala, joan joan den maiatzean Alemaniako hiria tornado batek jo zuenean, hango berri jakin eta Paderborni bere laguntza eskaintzera.Tornadoak bete-betean astindu zuen hiria, eta hildako bat eta 43 zauritu eragin zituen. Horietatik 30 ospitalera eraman behar izan zituzten. Hirian eragin zituen kalteak hainbat milioi eurokoak izan ziren.