Iruñeko Udalaren Gizarte Enplegu Babestuan gaur egun 74 pertsonek parte hartzen dute, eta 2021ean plaza-kopurua 80ra handituko da. Udaleko ekimen horren xedea da gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ibilbidearen barruan sartutako lan-kontratu bat eskaintzea gizartean bazterturik daudenei edo Errenta bermatua jasotzen ari direnei. Parte-hartzaileen kopurua handitzeak gaur egun dauden 10 lantaldeei beste bat gehitzea ahalbidetuko du. Jarduera lantaldea izanen da eta, Nafarroako Elikagai Bankuarekin elkarlanean, arduratuko da janaria banatzeko puntu bat martxan jartzeaz larrialdi-egoeretarako, horrela pandemiaren ondorioak direla-eta familia askok jasaten ari diren egoera zailari erantzuteko.
Jarduera-lantaldea sortu zen Iruñeko Udalak Nafarroako Elikagai Bankuarekin hartutako konpromisoaren ondorioz, banaketa-puntu bat mantentze aldera, eskaera mota hori nabarmen handitu baita garai hauetan, egungo osasun krisia dela-eta. Hori martxan jartzeko, Udaleko gizarte enplegurako programak arduradun bat kontratatuko du eta parte-hartzaileen plaza-kopurua handituko du, gaur egun dauden 74tik 80ra.
Iaz, Iruñeko Udaleko gizarte enplegurako programak 74 plaza izan zituen eta parte-hartzaileek guztira 888 hilabeteko kontratazioa osatu zuten. Pertsona horietatik % 90 baino gehiagok Errenta bermatua jasotzen zuten, eta jasotzen ez zutenak egiaztatutako gizarte-bazterketan zeuden.
Herritarrendako zerbitzua gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuan dauden pertsonen enpleguaren bidez
Iruñeko Udaleko Gizarte Enplegurako Programa Nafarroako Gobernuak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako udal-baliabidea da. Herritarren zerbitzura dagoen ekimena da eta zeregin bikoitza dauka: alde batetik, gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ibilbidearen barruan, lan-kontratu bat eskaintzea gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei –gehienek Errenta bermatua jasotzen dute–. Programa horren beste helburuetako bat da hiriarentzako eta herritarrentzako onak diren interes sozialeko zerbitzuak eta lanak egitea. Gaur egun, programa hori bederatzi lantaldek edo lan motek osatzen dute: obrak eta etxebizitzak zaharberritzea, soldadura, pintura, garbiketa, jantzigintza, tapizgintza, koadernaketa, jantoki soziala, ibaiak eta lorategiak, eta zerbitzu anitzak atezaintzan. Bederatzi arduradunen eta 17 ofizialen bidez egituratzen dira, eta bi gizarte-langileren, administrari baten eta arkitekto tekniko baten laguntza dute.
Programa zenbait lantegitan eta lantokitan banatuta dago, eta aldian-aldian berritu eta berregokitzen diren udal-instalazioak ditu. Urte honetarako helburuak dira, azpiegiturei dagokienez, lantaldeetan erabiltzen den makineria eguneratu eta hobetzea, eta garbiketako langileendako ibilgailu berri bat lortzea. Zerbitzu hori oinarrizkotzat jo da COVID-19a heldu zenetik, eta horrek bere jarduera handitzea ekarri du eta eskakizun berriak agertzea.
Iruñeko Udaleko Gizarte Enplegurako Programak ere parte hartzen du Nafarroako Enplegu Zerbitzuak interes orokorreko eta gizarte-intereseko lanak egiteko langabeak kontratatzeko egindako deialdietan. 2020an bi proiektutan parte hartu zuen, bata, eraikitzailea eta bestea baratze-lanetarako eta hiri-altzariak margotzeko, buru-nahasmenduagatik desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko, Elkarkiderekin elkarlanean. Urte honetarako helburua, proiektu horietan jarraitzea ez ezik, kontratatzeko ahalmena handitzea ere bada, Lezkairuko jubiloteka martxan jartzeko proiektua egin ahal izateko. Halaber, handitu nahi da Elkarkiderekin elkarlanean egiten den kontratazio-aldia –egungo lau hilabeteetatik urte erdira–, egiaztatu ondoren gaur egungo denbora-aldi hori eskasa dela gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ibilbideetan aurreikusitako helburuak lortzeko.