Iruñeko Udalaren ‘Birzikletatu’ bizikletak konpontzeko lantaldeak 283 bizikleta konpondu ditu sei hilabetean, eta horien % 69 gizarte-programei eman dizkie

Iruñeko Udalaren ‘Birzikletatu’ bizikletak konpontzeko lantaldeak 283 bizikleta konpondu ditu sei hilabetean, eta horien % 69 gizarte-programei eman dizkie
Zeregin horiek kontratupean ikasi dituzten sei pertsonek gaitasun profesionalen egiaztapena eskatzen ahalko dute esperientziari esker
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak 283 bizikleta konpondu eta prest jarri ditu Birzikletatu programaren bigarren edizioan. Bizikletak konpontzeko udal-programa hori 2024an hasi zen, eta Nafarroako Gobernuko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak finantzatzen dute. Horretarako, lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten eta Konekta 2 programatik datozen sei langabe kontratupean aritu dira lanean martxoaz geroztik, lantalde-begirale batek gainbegiratuta eta zuzenduta, zeinak prestakuntza eman eta lantegiko jarduera zuzendu baitu.

Soldata bat kobratzeaz gain, Buztintxuriko udal-lokaletan, erabiltzen ez ziren bizikletak konpontzen eta berreskuratzen ikasi dute begirale baten zuzendaritzapean, baita zeharkako beste lan-trebetasun batzuk ere. Irailaren 19an amaituko da aurtengo edizioa, eta parte-hartzaileek enpresa-ziurtagiri bat jasoko dute esperientziari esker gaitasun profesionalen egiaztapena eskatu ahal izateko.

Gaur goizean, Lehendakaritza Batzordeko kideek instalazioak bisitatu dituzte, programaren hasieran egin zuten bezala. Alderdi soziolaboralaz gain, Birzikletatu programak gizarte-ekintzako kutsu argia du. Tresna eta makineria espezifikoz hornitutako 190 m2-ko lantegi horretarik hainbat zerbitzuetarako bizikletak atera dira azken seihilekoan, hala nola: haur, nerabe eta familiendako prebentzio-programarako, Nafarroako Gobernuaren adin txikikoak babesteko zerbitzu eta zentroetarako (adin txikikoak zaintzeko eta hartzeko zentroak eta beste egoitza-baliabide batzuk), Caritaserako, Gurutze Gorrirako eta hainbat ikastetxeetarako. Eskuragarri dauden bizikleta guztietatik 204 eman dira eta 39 stock-ean daude oraindik.

Birzikletatu programaren 2025eko edizioan, oraingoz, konpondutako bizikleten % 69 ematea aurreikusten da. Iaz, lantaldean konpondutako 68 bizikleten ia % 100 eman ziren, behar izan zituzten gizarte-programei utzitakoen eta hainbat erakunde eta udalek Valentzian GOIDIak kaltetutakoen zerbitzura jartzeko eskatutakoen artean.

Aurtengo edizioan 283 bizikleta konpondu dira, 2024ko edizioan konpondu zituzten bizikleta kopuruaren laukoitza. Udalaren biltegitik (123), dohaintzetatik (77), Emauseko trapuketarietatik (36) eta Mugikortasuneko Zerbitzutik (21) datoz. 2024an 68 bizikleta jaso ziren. Valentziako GOIDIak kaltetutako pertsonei eman zitzaizkienak barne hartuta, ia bizikleten % 100 eman zuten. Gainera, aurten, Birzikletatu programako lantaldeak hainbat udal-zerbitzuren 48 bizikleta konpondu ditu eta beste 40 desmuntatu, zeuden egoera dela eta ez baitzuen merezi horiek konpontzea, eta horietatik ateratako piezak ahal den neurrian lantegian bertan berrerabiltzen dira.

Parte-hartzaileak eta lantaldeko begiralea kontratatzeagatik eratorritako soldata-gastuek 91.850 euro jo dute. Horietatik, Udalak % 56 hartu du bere gain (51.590 euro) eta Nafarroako Gobernuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, gainerako % 44a (40.260 euro). Iruñeak, halaber, tresnak, makineria eta ordezko materialak erosi ditu, eta aurtengo edizioan, 2.500 euro gastatu dituzte.


2025EKO BIRZIKLETATU PROGRAMAREN LABURPEN BAT
Gizarte-enpleguko kontratuak: 7
o    Bizikletak konpontzeko tekniko-mekaniko 1 (D maila)
o    Bizikletak konpontzeko 6 peoi (E maila) Bost gizon eta emakume bat.


BIRZIKLETATU programaren bigarren edizioa (2025)

•    Jasotako bizikletak 283

Jatorriaren arabera:
o    121 bizikleta, udal-biltegikoak, bide publikotik erretiratuak eta jabeak erreklamatu gabeak
o    36 bizikleta, Emauseko trapuketariek emanak
o    77 bizikleta, partikularrek emanak

•    Konpondutako bizikletak: 283 
•    Entregatutako bizikletak: 156
o    123 gazte eta haurrekin lan egiten duten programa eta entitateei
o    33 hainbat udal-zerbitzuri, laneko joan-etorrietarako (auzo-unitateak, hilerria, eskolak)


•    Stockean, emateke daudenak: 39
•    Desmuntatutako bizikletak: 40
•    Halaber, udal-zerbitzuen 48 bizikletari mantentze-lanak egin zaizkie eta prest jarri dira.

 

¿Te ha sido útil esta página?