Iruñeko Udalaren aurrekontuen aurreproiektuak, 2021. urterako, 231,4 milioi eurora igo ditu gastuak, aurtengo kontuen hasierako luzapena baino % 18 gehiago

Iruñeko Udalaren aurrekontuen aurreproiektuak, 2021. urterako, 231,4 milioi eurora igo ditu gastuak, aurtengo kontuen hasierako luzapena baino % 18 gehiago
Aurrekontuak berriz ere luzatzeak gutxienez 8,8 milioi euroko galera ekarriko luke, bai eta atzerapena ere COVID garaian ekonomia berpizteko neurri eta inbertsioetan

Iruñeko Udalaren 2021eko aurrekontuaren aurreproiektua COVID-19ak sortutako egungo egoerak markatua dator. Gastu-muga 231,4 milioi eurora iritsi da, urte honetarako hasiera batean luzatutako aurrekontua (188 milioi) baino % 18,8 gehiago. Alde hori osatzen duten 43 milioi horiek osoko bilkuretan berreskuratu beharko lirateke, aurrekontu-aldaketen bidez, eta horrek berezko atzerapena ekarriko luke neurriak hartu, laguntzak eman edo hiria berpizteko proiektuak betetzerakoan.

 
Baina, 43 milioi euro horietatik gutxienez 8,8 galduko lirateke behin betiko inbertsio gisara. Aurrekontua berriz ere luzatuz gero, 8,8 milioi horiek, kontu luzatuen hiru urteetako (2018-2019-2020) diru-sarrera arrunten gehikuntzari dagozkionak, ezin izanen lirateke lotu gastu eta inbertsioen partidei, kontu luzatuak ‘itxita’ daudelako jada 2018ko eszenatokiarekin bat. Aurrekontu onetsi berri batek –gehi Udalaren ekonomia onbideratua eta pandemia dela-bide inbertitzeko ahalmena mugatzen zuen gastu-araua bertan behera geratu izana– 30 milioi euro bitarte ekarriko lituzke, inbertsioetan erabil litezkeenak.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María Echávarri Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak aurkeztu dituzte gaur goizean Udalaren 2021eko aurrekontuen aurreproiektuaren ildo nagusiak. Aurrekontuaren 231,4 milioi euroak honela xehekatzen dira: 193,4 milioi gastu arruntean eta udal-alorren kudeaketari lotutako funtzionamendu-gastuetan; 8 milioi, interesetan, maileguen amortizazioan eta aurrerakinetan, eta 30 milioi, inbertsioetan. Beste luzapen bat izanez gero, aurrekontua hasiera batean 188 milioi eurora murriztuko litzateke (180 alorren kudeaketari dagozkio, eta 8, interesei eta amortizazioei). Maiatz aldean, behin 2020. urteko ekitaldia itxi eta kontuetan diruzaintzako geldikinak gehituta, kalkulatzen da aurrekontua 15 milioi euroan handitu litekeela, bai onetsiz bai luzatuz gero; milioi horiek inbertsioetan eta gastu arruntetan erabiliko lirateke. Udalaren aurrekontua handitu liteke orduan eta 246,4 milioi eurora iritsi, edo 203ra aurrekontua luzatuz gero.


Iruñeko alkateak azpimarratu du zer garrantzia duen hurrengo urterako aurrekontua onesteak, eta udal-taldeei arduraz jokatzeko eskatu die. “Aurtengo urtea ezberdina da eta bestelako beharrak ditu aurreko edozein urtetako ekitaldien aldean. Eta horregatik, hain zuzen, ez onestearen ondorioak eta aurrekontu luzatuaz lan egin behar izatea askoz ere larriagoak dira aurreko egoeretan baino”. Orain negoziazio-prozesu bat zabaltzen da nagusiki inbertsio-proposamenen inguruan, eta horri buru emateko Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontuaren proiektua onetsiko du, zeina Lehendakaritza Batzordean azaldu ondoren Osoko Bilkurara eramanen baita hura eztabaidatu eta onesteko edo ez.


Pandemiaren eraginak udal-kontuetan
Aurrekontuen luzapenak berekin ekarriko luke baliabide gutxiago edukitzea pandemiak sortutako aparteko gastuei aurre egiteko; Iruñeko Udalak egindako kalkuluen arabera, gastu horiek hurrengo urtean 2 milioi euro joko dituzte. Gastu horiek barne hartzen dituzte NBE sanitarioak erostea, ikastetxeetako garbiketa-lan bereziak, larrialdi-egoeretan dauden pertsonen arta, menpekotasun egoeran dauden zaharren arta, hilerriko funtzionamendu-gastuak eta garapen ekonomikoa zein kulturala berraktibatzeko partidak.


Gainera, kontuan hatu behar da zein izan den 2020ko eszenatokia, pandemiaren ondorioz jaitsi egin baitira Udalaren diru-sarrerak, eta defizita handitu, zeina 10 milioi euroan kuantifikatu baita. Horri gehitu behar zaio Udalaren Osoko Bilkurak hasiera batez onetsitako ordenantza fiskalen eta prezio publikoak erregulatzen dituzten arauen proiektua, non jasotzen baita 2021eko zergak eta tasak izoztuko direla eta zenbait tasa ezabatuko direla, hala nola bide publikoko terrazena, horrek dakarren diru-sarreren murriztapenarekin.


% 44,2 gizarte-gastuetarako
Gastu-araua bertan behera uzteak –inbertsioak egiteko ahalmena handitzen da horrela– ez du esan nahi ez direla kontuan hartuko egonkortasun ekonomikoko irizpideak, eta berez horiek aplikatzen jarraituko da, besteak beste, aurrekontuen oreka, zorraren jasangarritasuna edo diru-bilketaren oreka. Horiek horrela, 2021eko aurrekontuen aurreproiektuak lehentasuna ematen die gizarte-gastuei, izan ere, udal-aurrekontuan alorrei dagozkien 193,4 milioietatik % 44,2 (85,5 milioi) horretan erabiliko dira. Gastu horietan sartzen dira, esaterako, etxez etxeko laguntza, familiendako laguntzak, talde zaurgarrietarako arta edo haur-eskolen jarduna. 


Aurrekontu-aurreikuspenen arabera, % 22,5 (43,5 milioi) erabiliko dira hiri-kontserbazioan, altzarien eta bide publikoaren mantentze-lanetan, bide-garbiketan eta hirigintza- zein birgaitze-garapeneko jarduketetan. Herritarren segurtasunean baliabideen 17,6 (34,2 milioi) erabiliko dira. Kultura eta Berdintasuneko zein Merkataritza eta Turismoko alorretan, bestalde, % 8,4 (16,2 milioi) erabiliko dira, eta bestelako jarduketek, programek eta gastuek gainerako % 7,1a (13,8 milioi) eginen dute. 
Pandemiari aurre egiteko jarduketetan egindako gastuez gain, zenbait zerbitzu handituko dira, hala nola, eremu urdina hedatzea, udal-administrazioan digitalizazioa sustatzea, zeharkakotasuna indartzea berdintasun-politiketan, energia-trantsizio eta mugikortasuneko gaietan, eta lankidetza bideratzea entitate eta elkarteekin, hiriko kultur programak eta proiektuak indartzeko.


Inbertsio-proposamena, zabalik 
Heldu den urteko aurrekontuaren aurreproiektu honek inbertsio-proposamen bat egiten du, eta hura zabalik dago udal-taldeekin negoziatzeko. Honako inbertsio hauek egitea aurreikusten da: 2,2 milioi euro, Arantzadiko parkearen 2. eta 3. faseetan; 1,7 milioi, Txantreako hegoaldeko parkean; 1,3 milioi, Sadar ibaiaren hobekuntza hidraulikoan, eta 800.000 euro, Trinitariosko oinezko-loturan eta igogailuan. Halaber, 1,8 milioi auzo zaurgarrietan birgaitze-lanak diruz laguntzera bideratuko dira, eta 775.000 euro, energia-eraginkortasuneko eta inguratzaile-termikoetako obretan laguntzak ematera. 


Inbertsio-proposamenak beste zenbait proiektu ere jasotzen ditu, hala nola, 2,5 milioi Lezkairuko haur-eskolan; 1,1 milioi, beste haur-eskoletan berrikuntza-lanak egiteko; 850.000 euro, ikastetxe publikoetako obra-plan batean; 677.000 euro kiroldegietan berrikuntza-lanak egiteko; 916.000 euro San Pedro multzoko etxebizitzak birgaitzeko, eta 300.000 euro Civivox berri batean – Ziga museoan. Halaber, mugikortasun-jarduketak egiten jarraituko da, 1,1 milioi jotzen duen partida baten bidez. 972.000 euro Manuel de Falla kalea eta haren ingurua berrurbanizatzeko lirateke; 633.000 euro, Sanduzelaiko patinodromoaren proiekturako; 350.000, Oskoz multzoa berrurbanizatzeko; 470.000, Navas de Tolosa etorbideko hirugarren faserako; 175.000, San Domingoko baratzeetako aparkalekuaren proiekturako, eta 500.000, hilerrirako.


Bide publikoan obrak egiteko 2,5 milioi erabiliko dira, Ansoleaga eta San Frantzisko kaleak berrurbanizatzeko proiektuetan, Basotxoa kalea oinezkoendako bihurtze-lanetan, San Domingoko aldapako ezpondan eta kaleetako asfaltatze-lanetan. 660.000 euro udal-eraikinetan jarduketak egiteko aurreikusita daude; 525.000, hiri-jolasak eta -gimnasioak berritzeko; 500.000, Labriteko pasabiderako, eta 370.000 euro, LED argiztapenaren aldeko apustuari eusteko, hiriko parkeetan luminariak aldatuta.
888.000 milioi euro inbertituko dira zirkulazioa arintzeko, kuxin berlindarrak, abiadura moteltzeko gailuak, radar-kabinak edo abiaduraren neurgailuak instalatuta. Beste 813.000 euro oinezkoen pasabideetako segurtasuna hobetzera bideratuko dira (ikusgaitasuna hobetzea, hiri-garraiorako nasak, oinezkoen pasabide berriak, espaloiak aurreratzea...). Indartu nahi da, baita ere, disuasio-aparkalekuetako segurtasuna, 470.000 euroren bidez, eta semaforo-instalazioetan 200.000 euro inbertitu.

 
Horri guztiari beste kontzeptu batzuetarako bi partida gehitu behar zaizkio, hala nola digitalizazioa eta aplikazioen nahiz ekipamenduen garapen teknologikoa (1,1 miloi euro), Gizarte Enpleguko programetako inbertsioak eta Lantegi Eskolakoak (400.000 euro) edo garapenaren aldeko lankidetzakoak, non, besteak beste, aurrekontuaren % 0,8 inbertituko baita.
 

¿Te ha sido útil esta página?