Iruñean erremonte eta erremintako pilota jaialdiak antolatuko dira urteko hirugarren hiruhileko ostegunetan, Labrit pilotalekuan

Iruñean erremonte eta erremintako pilota jaialdiak antolatuko dira urteko hirugarren hiruhileko ostegunetan, Labrit pilotalekuan
EIruñeko, Uharteko eta Biarritzeko udalek partekatzen duten IRUHBI Pilota izeneko mugaz gaindiko lankidetza proiektuaren parte da ekimena
Remonte

 

Tokiko Gobernu Batzarrak laguntza teknikorako kontratu baten lizitazioa onetsi du Labrit pilotalekuan urteko azken hiruhilekoan modu egonkorrean antolatzeko erremonte eta erreminta jaialdiak. Kontratuak 50.000 euroko zuzkidura du, eta Euskal Pilotaren Mugaz Gaindiko Ibilbidean kokatzen da, IRUHBI Pilota proiektuaren barruan. Honako hauek parte hartzen dute proiektuan: Iruñeko, Uharteko eta Miarritzeko udalek, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak, Iparralde Pilota Batzordeak eta Biarritz Athletic Clubek. Proiektu honen % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatua da.

Jaialdi horiek tokiko eta kanpoko publikoa erakartzeko proiektu pilotu gisa sortzen dira, eta astez asteko eskaintza erakargarria dute, Iruñean hain ohikoak ez diren euskal pilotako espezialitateen inguruko interes turistikoa sortu nahi baita, hiriko pilotazaletasuna biziberritzearekin batera. Iruñeko Udalak Labrit pilotalekua proiektuaren eta enpresa esleipendunaren esku jarri du, kalitatezko kirol proposamen turistikoa diseina dezaten Nafarroako erreminta klubekin batera, lehen mailako erremontistei eta beste euskal pilota modalitate batzuetako pilotariei parte hartzeko aukera emanez.

Beraz, urritik abendura bitartean, ostegunetan, hamar jaialdi antolatuko dituen enpresa bat kontratatu nahi da. Egun hauetan, zehazki: urriaren 8an, 15ean, 22an eta 29an; azaroaren 5ean, 19an eta 26an, eta, abenduaren 3an, 10ean eta 17an. Enpresa adjudikaziodunak ordainduko ditu antolaketa-gastu guztiak, pilotarien kontratazioa eta jaialdien publizitatea eta hedapena ere barne. Hiruhileko horretan sarrera doan izanen da. Beharrezkoa izanez gero, enpresak berak kudeatuko ditu sarrerak eta gonbidapenak.

Pilotaren inguruko produktu turistikoa
Iruñeko, Miarritzeko eta Uharteko udalak 2025az geroztik ari dira IRUHBI Pilota proiektuaren baitako lankidetzan euskal pilotaren inguruko produktu turistiko bat garatzen. Pilotari lotutako produktu turistiko bat edukitzeak, euskal pilotak maila turistikoan duen trakzio-indarra probesteko egoera eta baliabideak aztertzea bilatzen du batetik, eta, bestetik, produktu turistiko hori garatzeko jarraibideak definitzea, hala nola azpiegiturak, seinaleztapena, interpretazioa, eskaintza turistikoa, dinamizazio-ekitaldiak eta sustapen- eta merkaturatze-ekintzak. 

Lan horien barnean sartzen da produktu turistikoa garatzen hasteko inplementatzen ahal diren proiektu pilotuak definitzea. Proiektu pilotu horietako bat da Labrit pilotalekuan programazio egonkor bat abiaraztea, pilota profesionalaren programaziotik independentea, eta hirian erreminta-espezialitateen inguruan giro pilotazalea sortzeko gaitasuna izanen duena, batez ere erremontearen inguruan, hirian lehendik dagoen eskaintzaren osagarri gisa. 

Azken finean, Euskal pilota, gastronomia eta erakargarritasun turistikoa uztartzea da helburua. Hedabideen esparruan profesionaletako eskuko espezialitatea gailentzen den arren, proiektu honen bidez IRUHBI lurraldean berezkoak diren modalitateak indartu nahi dira, ikusgarritasunagatik eta aniztasunagatik erakargarritasun turistikoa izan baitezakete eta, bide batez, mugaz gaindiko ondarea balioesten lagundu. 

¿Te ha sido útil esta página?