
Ezpeleta jolasean zikloaren barruan, beste bi jolas-saio antolatuko dira aste honetan: adin guztietarako parte hartzeko instalazioak eta sormen-guneak izanen dira eraikineko patioan. Art Cinco, Holoqué eta Itinerània konpainien eskutik, abuztuaren 11n (asteartea) eta 13an (osteguna) gozatzen ahalko da jarduerez, 18:00etatik 21:00etara. Jarduera doakoa da eta iristeko hurrenkeraren arabera sartzen ahalko da, San Frantzisko kaletik. Zikloa datorren astean bukatuko da, abuztuaren 18an, 19an eta 20an, Juega a lo grande konpainiaren El patio en juego (Patioa jolasean) jarduerarekin.
Eta asteartean, abuztuak 11, bi proposamen: Art Cinco konpainiak ¿Y tú, qué les dirías? (Eta zuk, zer esanen zenieke?) sormen-gunea eskainiko du, eta Holoqué konpainiak, berriz, Steam Pinballs errealitate mistoko parte hartzeko instalazioa. Giza zibilizazioari buruzko mezuak zituzten urrezko diskoak espaziora jaurti ziren 1977an eta hori da, hain zuzen ere, lantegi iruindarraren proiektu sortzaileak jorratzen duen gaia. Gainera, bertaratuek aukera izanen dute beren sateliteak sortu eta mezuak eta objektuak uzteko. Bigarren proposamena, kaleko antzerkian espezializatutako konpainia katalanaren eskutik, aukera paregabea izanen da ikus-entzuleek errealitate mistoko instalazio batez goza dezaten, Doing eta Cloing anaiek Ezpeletaren jauregira eramanen duten steampunk estetikako tramankuluei esker. Ikuskizunean artisautzak eta teknologiak bat egiten dute, eta esperientzia holografiko eta birtual batez gozatzeko aukera paregabea da.
Ostegunean, abuztuak 13, parte hartzeko instalazioetan espezializatutako Itinerània konpainiak girotuko du eguna Laberint II eta Titeretú jarduerei esker. Lehenengoa adin guztiei dago zuzenduta: jolasgune bihurtuko da patioa, eta bertan hormek, ateek eta enigmek jarraitu beharreko bidea zehaztuko dute. Titeretú, berriz, txotxongilolarien sei esku erraldoiz osatutako instalazio bat da: burdinez eta zurez eginak daude eskuak, eta errai mekanikoak begi bistan izanik, instalazioak ikus-entzuleei utziko die protagonismoa, orekan, zehaztasunean eta koordinazioan oinarritutako jokoak ebazteko aukera emanez.
EZPELETA JOLASEAN. EZPELETAREN JAUREGIKO PATIOA. 18:00 – 21:00
• Abuztuak 11, asteartea:
o ¿Y tú, qué les dirías? (Eta zuk, zer esanen zenieke?). Art Cinco. Sormen-gunea.
o Steam pinballs. Holoqué. Errealitate mistoko parte hartzeko instalazioa
• Abuztuak 13, osteguna: Laberint II eta Titeretú. Itinerània. Parte hartzeko instalazioak
• Abuztuak 18 (asteartea), 19 (asteazkena) eta 20 (osteguna): El patio en juego (Patioa jolasean) Juega a lo grande (Handiki jolastu)