
Uda dela eta eskolarik ez dagoela baliatuta, Iruñeko Udalak, Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxe publikotan egokitzapen- eta modernizazio-lanak abiatu ditu. Guztira, 480.000 euro inbertitzea aurreikusten da, kalitate akustikoa hobetzeko, argiztapeneko lanak eta teknologia zuzkidurak egiteko eta espazioak birnaturalizatzeko lanak egiteko. Xedea da eraberritze-lan horiek guztiak ikasturtearen hasierarako prest egotea, iraileko lehen asterako, gutxi gorabehera.
Une honetan, lanak San Frantzisko HLHIP eta Azpilagaña HLHIP zentroetan egiten ari dira batez ere, baina Patxi Larrainzar HLHIPn eta Amaiur Ikastolan ere hobekuntzak egiten ari dira. Lehenengoan, bi lan egiten ari dira aldi berean. Alde batetik, sotoan dagoen jangelako kalitate akustikoa eta argiztapena hobetzen ari da. Zehazki, sabai aizuna soinua xurgatzeko gaitasun handiagoa duen batengatik ordezkatzen ari dira, espazioaren eta erabileraren ezaugarriak direla eta. Aldi berean, orain dagoen argiztapen-sistema –paretara itsatsitako banakako luminariak– ordezkatuko da eta sabai aizunean led teknologiako zerrenda jarraituen sistema lineala jarriko dute. 67.000 euro inbertituko dira jarduketa horretan.
Bestalde, ikastetxeko patioa birnaturalizatzen ari dira eta berdeguneak eta jolasguneak sortuko dituzte, gaur egun dagoen 1.180 metro karratu inguruko kirol anitzeko pista estalia ordeztuta. Hala, patioan hiru plataforma edo altuera eraikiko dira, arrapala irisgarrien bidez lotuta eta, plataformen artean, harmailak, berdeguneak eta egoteko espazioak sortuko dira. Eremu horietan zuhaitz eta zuhaixka espezieak landatuko dira berdeguneak sortzeko. Gainera, kirol anitzeko pista bat sortzea planteatu da eta bertan bi minibasket saski, eskubaloiko eta areto-futboleko arauzko ate bat, eta rokodromo eremu bat instalatuko dira.
Lan horiek egiteko 325.000 euro bideratzea aurreikusten da eta Iruñeko Udalaren Azpiegitura Berde eta Urdinen Planaren barruan daude, hiriak klima-aldaketaren aurka duen estrategiaren parte baitira. Jolasguneetan elementu naturalak sartzea da lanen helburua, baina ez hori bakarrik: patioen diseinua eta funtzionamendua moldatu nahi dute, hainbat motatakoak sortu, ikastetxeen heziketa-helburuetara, helburu sozialetara eta ingurumenarekin lotutako helburuetara egokitzeko. Horretarako, jolas libreko, egoteko eta hizketan aritzeko guneak sortuko dira.
Azpilagaña HLHIPn uda honetan egiten ari diren lanek Ikasnova gela bat sortzea dute ardatz, hau da, digitalizazio-osagai garrantzitsua duen eta irakaskuntza partekatuaren eta elkarreraginean dauden taldeen bidez gaitasunak garatzea eta ikasle guztien inklusioa sustatzen duen espazio bat. Udalak 62.000 euro inbertituko ditu lan horietarako, eta horiei esker 120 metro karratuko ikasgela bat sortuko da eraikinaren bigarren solairuan.
Beste ikastetxe batzuetan ere Ikasnova gelak sortzen ari dira. Izan ere, aste hauetan Patxi Larrainzar HLHIPn eta Amaiur ikastolan ere ari dira espazioak helburu horrekin egokitzen. Azken zentro horretan 15.800 euro inbertitzea aurreikusten da hornidura digital hori lortzeko: ikasleen eta irakasleen parte-hartzean eta elkarrekintzan oinarritutako osagai pedagogiko bat izanen du. Patxi Larrainzar HLHIParen kasuan, inbertsioa 10.500 eurokoa izanen da. Hiru ikastetxe berri hauekin, Ikasnova ikasgelak 24 udal zentroetatik 17tan egonen dira 2026-2027ko ikasturtean.
Jarduketa horiek guztiak Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako 24 ikastetxe publikoak zaharberritu eta birgaitzeko Udalaren ekintzen barruan sartzen dira. Ikastetxe gehienak duela hamarkada batzuk eraiki ziren, eta etengabe eguneratu behar dira erabilera eta pedagogia berrietara egokitzeko.