Iruñeko Udalak hozte-sistemak instalatuko ditu hiriko hamalau ikastetxetako hezkuntza bereziko hamabost gelatan

Iruñeko Udalak hozte-sistemak instalatuko ditu hiriko hamalau ikastetxetako hezkuntza bereziko hamabost gelatan
168.093,68 euroko aurrekontua dute lanek, eta lau hilabetez eginen dira


Tokiko Gobernu Batzarrak hozte-sistemak instalatuko ditu uda honetan Iruñeko hamalau ikastetxe publikotako hezkuntza bereziko hamabost ikasgelatan, ikasle eta irakasleek jasaten dituzten tenperatura altuen eragina arintzeko. Lanek xede dute honako ikastetxe publiko hauek hozte-sistemez hornitzea: Bernart Etxepare IP, Doña Mayor IP, García Galdeano IP, Cardena Ilundain HLHIP, Buztintxuri HLHIP, Sanduzelai IP, Rochapea HLHIP, Sanduzelai HLHIP, Iturrama HLHIP, Azpilagaña HLHIP, Hegoalde IP, Lezkairu IP, Mendillorri IP eta Mendillorriko El Lago IP. 

Kontratua lau lotetan banatu da hamalau ikastetxeen beharrak asetze aldera. 1. eta 3. loteetako bakoitzean lau ikastetxetako lanak barne hartzen dira, eta 2. eta 4. loteetan, hiru ikastetxetakoak;Buztintxuri ikastetxe publikoari dagokionez, bi gelatan instalatuko da hozte-sistema. Altxemi Huarte SL enpresak eginen ditu lau loteetako lanak, 168.093,68 euroan eta lau hilabeteko epean, eta irailetik aurrera ikasturte berria hasten denean hezkuntza-jardunean ahalik eta gutxien eragiten saiatuko da.

Aurreikusitako inbertsioa Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza-deialdi batetik dator. Dirulaguntza horrek ikastetxe publikoetan ikasten duten hezkuntza bereziko ikasleek ikasteko erabiltzen dituzten espazioak behar bezala klimatizatuta daudela bermatzea du xede. Jardun akademikoa oztopatzen ahal duten tenperatura altuei aurre egiten dieten ‘babesleku klimatikoak’ sortu nahi dira.

Hozte-sistemak ikasgeletan
Ikastetxeetako hezkuntza bereziko ikasgelek 50 m2 inguruko azalera dute eta geletako fatxadek hozte-sistemaren kanpoko unitatea jartzeko aukera ematen dute. Multisplit izeneko hozte-sistema jartzea planteatzen da, hozteko hodi batez lotuta dauden kanpoko unitate batez eta barneko bi unitatez osatuta. Kanpoko unitatea gelaren fatxadan jarriko da eta barruko unitateak gelaren barruan, kanpoko unitatea instalatu den fatxada berean. Barneko zein kanpoko unitateek kondentsatuak zuzenean kanporantz bideratzeko aterabidea dute.

Instalazioa egiteko, hurbilen dagoen koadro elektrikotik linea elektriko bat ezarriko da hiru unitateak elikatzeko. Sabai aizuna izanez gero, hargunea bertatik eginen da, eta, hori posible ez bada, ageriko kanalizazio bat jarriko da koadrotik unitate bakoitzera. Irakasleek erabiltzen duten mahaiaren ondoan termostatoa jarriko da, barneko unitateak kontrolatu eta dagokion gela hozte aldera.
 

¿Te ha sido útil esta página?