Iruñeko Udalaren egitura berria zortzi alorrez eta beste horrenbeste zinegotzi ordezkariz osatu da; besteak beste, Merkataritza barne hartu duen Gobernu Estrategikoko alor bat dago eta Proiektu Estrategikoetako beste bat, non mugikortasunerako zein jasangarritasunerako bultzada nabarmendu baita. Goizean, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Ana Elizalde, María Echávarri eta María Caballero alkateordeek udal-antolamendu berria aurkeztu dute:aurreko egitura, berregituraketaren aurretik hamar alorretan banatua, pixka bat murriztu da. Alkatetza-dekretua goizean bertan sinatu da. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean alkateari esleitzen zaio udal-administrazio betearazlearen antolamendua eta egitura ezartzeko eskumena.
Honako hauek dira zortzi unitate organiko handiak: Gobernu Estrategikoa, Merkataritza eta Turismoa, Ana Elizalde zinegotzi ordezkaria delarik eta Turismoko zinegotzi berezi bat ere baduelarik, Carmen Albarekin; Zerbitzu Orokorrak María Echávarriren ardurapean daude; Herritarren Segurtasuna, Javier Labairu zinegotzi ordezkariarekin; Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria, Fernando Sesmaren ardurapean, eta Gazteriako zinegotzi berezia Arturo Lecumberri delarik; Kultura eta Berdintasuna, María García-Barberena zinegotzi ordezkaria delarik eta Berdintasuneko zinegotzi berezia Cristina Martínez delarik; Gizarte Ekintza eta Kirola, María Caballero buru duelarik eta Fernando Aranguren Kiroleko zinegotzi berezia delarik; Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuna, Juanjo Echeverría zinegotzi ordezkariarekin; eta Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Jasangarritasuna, Fermín Javier Alonsoren ardurapean. Alorrek, gutxienez, zuzendaritza eta idazkaritza tekniko bana izango dituzte. Aurrekoa gorabehera, hainbat alorrek zuzendaritza eta idazkaritza teknikoa partekatu ahalko dituzte. Alkatetza Kabineteak batzen ditu guztiak.
Udal-enpresa eta -erakundeez bezainbatean, ANIMSA Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorraren menpean izango da; Mercairuña SA eta Comiruña SA, Zerbitzu Orokorretako Alorrean; Iruñeko Haur Eskolen Erakunde Autonomoa, Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorrean; Gayarre Antzokia Fundazioa, Kultura eta Berdintasunekoan; Etxebizitza eta Birgaitze Bulegoa, Hirigintza Gerentzia eta Pamplona Centro Histórico, Iruña Biziberritzen SA merkataritza-sozietatea, Hirigintza eta Osasunekoan; eta, azkenik, Energia Agentzia, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorrean.
Gobernu Estrategikoa, Merkataritza eta Turismoa: 7 esparru
Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko Alorrak honako 7 esparru hauek ditu: plangintza estrategikoa, merkataritza eta turismoa, administrazioaren koordinazio teknikoa – udal-gerentzia, gardentasuna, berrikuntza, udal-sektore publiko instituzionalaren politika orokorra eta kontratazio publikoa. Lege-aholkularitzaren zuzendaritza barne hartzen du. Adibidez, plangintza estrategikoarenak honako zeregin hauek ditu, besteak beste: hiriaren etorkizunaren diseinu orokorra; eskualdeko, Estatuko zein Europako finantziazioa lortzea; zeharkako udal-proiektuak koordinatzea; eta hiriaren gizarte-egoerari eta haren eraldaketei buruzko azterketa soziologikoak egitea.
Merkataritza eta Turismoan enplegu eta enpresa berriak sortzeko babesa emango da, baita ere, dinamizazio-kanpainak egiteko, auzo guztietan merkataritza-jarduera bultzatze aldera plan bat garatzeko; turismoa bultzatuko da eta azpiegitura turistikoak koordinatuko. Halaber, alor honetan, beste erakundeekiko harremanak ezarriko dira, administrazio elektronikoa bultzatuko da, gardentasuna zein informaziorako irisgarritasuna sustatuko da, eta Smart City estrategia garatuko da.
Zerbitzu Orokorrak –Ogasuna eta Giza Baliabideak– eta Herritarren Segurtasuna
Zerbitzu Orokorretako Alorrak Ogasuna eta Giza Baliabideak kudeatuko ditu. Honako zeregin hauek ditu, besteak beste: plantilla organikoa eta kontratazioak kudeatzea, udal-baliabide ekonomikoak administratzea, tributuak kitatzea eta inbertsioak aztertzea. Osoko Bilkurako idazkaritza alor honen barruan dago.
Herritarren Segurtasuneko Alorraren ardurapean izango da, besteak beste, honako afera hauei lotutako guztia: bide-segurtasuna, zirkulazioa eta aparkatzea, bide publikoaren erabilera eta ekitaldien kontrola, babes zibila, gizarte-babesa poliziaren esparruaz bezainbatean, delinkuentziari aurrea hartzea, hiriko seinaleak jartzea eta eremu publikoa arautzea, ibilgailuen zein oinezkoen mugikortasuna bermatze aldera.
Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria eta Kultura eta Berdintasuna
Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria alor berean izango dira. Hezkuntza, Joaquín Maya musika-eskola eta Haur-eskolak barne hartzen dituena, hezkuntza-instalazioen mantentze-lanez eta esparru honetan programak garatzeaz arduratuko da. Herritarren Partaidetza herritarrendako arreta zerbitzuaz, elkarteekiko harremanez eta sustapenaz, onlineko parte-hartzeaz eta herritarren kontsultez, erroldaz, ezkontza zibilez eta izatezko bikoteen erregistroaz arduratuko da. Gaztediaren Etxea, gazteen zein gazteendako ekimenetarako babesa eta biztanle-sektore honendako plan baten garapena dira Gazteriako unitateak dituen zereginetako batzuk.
Kultura eta Berdintasuneko Alorra honako esparru hauei lotutako guztiaz arduratuko da: lehen esparrua, kultur jarduerak sustatu eta hedatzeaz gain, Civivox sareaz, liburutegien zein arte plastiko, eszeniko eta kulturalen bultzadaz eta ondare artistikoa handitzeaz arduratuko da. Halaber, euskarazko kultur jarduerak sustatuko ditu eta euskara zerbitzua kudeatuko du. Berdintasuneko helburuetako batzuk hauexek dira: udal-ekintzetan genero-ikuspegia txertatzea, aholku ematea eta ekintza positiboko neurriak diseinatzea. Beste hauek ere bai: emakumeek zein gizonek norbere bizitza, lana eta familia bateragarri egiteko baliabideak egokitzea, balizko bereizkeria-egoerak antzematea eta formakuntza- eta sentsibilizazio-programak antolatzea. Halaber, Compañiako zentroa dinamizatuko du, teknologia berriak ardatz dituena.
Gizarte Ekintza eta Kirola eta Hirigintza eta Osasuna
Gizarte Ekintza eta Kiroleko Alorrak dituen lan-ildoetako bat zera da: Udalaren gizarte-zerbitzuen sistema publikoa herritarren eskura jartzea ahalbidetzea, herritarren beharrei erantzuna emanda, komunitate solidarioagoa, orekatuagoa eta gizarte-kohesio handiagokoa lortze aldera. Era berean, honako zeregin hauek ditu: beharrizan-egoera sozialei aurre hartzea; norberaren autonomia bultzatzea eta autonomia-arazoak dituztenak artatzea; txirotasunaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka; etxebizitza-premiako egoeretarako baliabideak bultzatzea; haur, familia edo nagusiendako programak gauzatzea; eta auzoetan komunitate-ekintza eta prebentzioa koordinatzea.
Honako afera hauez arduratuko da: Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua, Garapenaren aldeko Lankidetza Programa, Gizarte- Ekimenetarako Zentro Komunitarioak eta Komunitate Ekintzako Prebentzio Lantaldeak. Kirol-esparruan, Udalaren kirol-instalazioen mantentze-lanez, biztanle-sektore ezberdinei jarduera fisikoak egiteko aukera ematen dien proiektuez eta kirol-ekitaldien sustapenaz arduratuko da.
Beste alor bat Hirigintza, Etxebizitza eta Osasunekoa da. Hirigintza hiri-plangintza eta -antolamenduaz zein etxebizitza eta birgaitzeaz arduratuko da. Zereginak honako afera hauei lotuta daude, besteak beste: lizentziak, plangintza, udal-etxebizitzen kudeaketa eta mantentze-lanak, alokairuko etxebizitzaren sustapena eta hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko ekintzak. Osasunak zera hartzen du barne: ingurumenaren zein elikaduraren ikuskaritza, animalien eta horien gaixotasunen kontrola eta osasunaren aldeko hezkuntza. Hilerria, laborategia eta komun publikoak kudeatzen ditu.
Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Jasangarritasuna
Proiektu Estrategikoek, Mugikortasunak eta Jasangarritasunak zortzigarren alorra osatzen dute. Proiektu Estrategikoak proiektu eta obrez eta hiri-kontserbazioaz arduratuko dira. Proiektuek honako esparru hauek ukituko dituzte: eraikingintza, urbanizazioa, aparkalekuak, azpiegiturak eta oztopo arkitektonikoen ezabapena; eta Iruñearen etorkizunerako azpiegitura estrategikoetako plana bultzatuko dute. Bide publikoak, lorategiak, hiri-altzariak, igogailuak, eraikinak, argiteria etab. mantentzeko eta garbitzeko lanek beste multzo bat osatuko dute Proiektu Estrategikoetako jarduketan.
Mugikortasuna, zerikusia duten gainontzeko alorrekin elkarlanean, buru izango da mugikortasun jasangarrirako politikatik ondorioztatzen diren aldaketa fisikoen diseinuan eta jarduketan. Gainera, hiriko auzoen arteko eta Iruñerriarekiko oinezkoen ibilbide-plan bat garatuko da, bereziki, oztopo arkitektonikoak kenduz eta garraiobide guztien arteko loturak ahalbidetuz. Ildo berean, hiri-mugikortasun jasangarria sustatuko da: eskolarako bide seguruak, egungo bidegorri-sarea aztertzea eta hedatzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea eta udal-parke mugikorra elektrifikatzea.
Jasangarritasuneko zerbitzuaren helburuak honako hauek dira: ingurumenarekiko kontzientzia aktiboa eta eraginkortasun energetikoa sustatzea, bai herritarren artean bai udal-administrazioan bertan; halaber, natura hiriaren barruan sartzeko igarobide ekologikoetako sare baten sorrera aztertzea; hiriko bioaniztasuna babestea eta hori ezagutzea; hiri-baratzeak eta komunitate-konpostajea arautu eta bultzatzea; herritar guztientzat ingurumen-hezkuntzako programak bultzatzea; eta energia berdearen instalazioa ahalbidetzea.