Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu proiektua, 287.662.104,83 eurokoa, hiriaren historiako handiena. Kontu horiek 37.971.171,62 euro jasotzen dituzte inbertsioetarako, hiriko auzo guztietan hainbat proiektu eta jarduketa egiteko 90 partidatan. Sarasate pasealekua berrurbanizatzea, Txantreako kaleak berritzea, Belosoko bidegorria, Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarria edo Biritxitun errugbi-zelai bat egitea dira datorren urterako aurreikusitako inbertsio nagusienetako batzuk.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak agerraldia egin du Kondestablearen jauregian, udal-gobernua osatzen duten EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin udal-taldeetako hamar zinegotziekin batera, onetsitako aurrekontu-proiektuaren ildo nagusien berri emateko. Joan den ostiralean aurrekontu-akordioa sinatu zen "Iruñeko Udaleko Sozialistak" udal-taldearekin, eta, beraz, 2025erako kontuek bermatuta dute onespena. Aurreikuspenen arabera, aurrekontu-proiektua azaroaren 28an eramanen da Osoko Bilkurara, onetsiz gero 2025eko hasieran indarrean jar dadin.
Aurrekontu-proiektu honetan jasotako inbertsioei Iruñeko Udalak diruzaintzako gerakinen kargura finantzatuko dituen proiektuak gehituko zaizkie 2024ko kontuak itxitakoan. Urte-sasoi honetan ezin da eman diruzaintzako gerakinen kargura inbertsioetarako diru erabilgarriaren kopuru zehatz bat; dena den, Udalak badu dagoeneko ziur horiekin finantzatuko diren 40 bat esku-hartze eta proiekturen zerrenda bat. Gerakinen bidez finantzatutako inbertsio horiek eta hemendik aurrera gehituko direnak Udaleko Osoko Bilkurak onetsi beharko ditu datorren urtean.
Txantrea, Sarasate, Beloso, Pío XII.a eta Etxebizitza Eskuragarriaren Plana, proiektu nagusienak
Aurreikusitako inbertsiorik handienak hauek dira: 5,7 milioi Txantrea berrurbanizatu eta zenbait kaletako sareak berritzeko; 3,1 milioi Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko lanen proiektua idazteko, obren zuzendaritzarako eta lanak hasteko; 3 milioi garbiketa-makineriarako; eta 1,7 milioi RUNA 2025 proiektuko jarduketetarako, hala nola Ilundaindarren errotako ibai-erreserbarako (Next Generation EU Europako funtsekin finantzatuta), desjabetzeak egiteko edo ikastetxeetako jolastokiak birnaturalizatzeko.
Aurrekontu-proiektuak etxebizitza politikekin eta Etxebizitza Eskuragarriaren Planarekin lotutako hainbat inbertsio-partida ditu. 1,3 milioi erreserbatzen dira birgaitzeko dirulaguntzetarako eta Sanduzelain eginen diren birgaitze-hitzarmen izendunetarako, beste 771.500 euro PCH-Iruña Biziberritzen sozietateak jarduketak egiten jarrai dezan, eta 254.000 euro Beloso, Donapea eta NUPen hirigintza-plangintzako azterketak egiteko.
Milioi bat eurotik gorako inbertsioei dagokienez, 1,2 milioi jaso dira Belosoko bidegorria amaitzeko; 1,2 milioi Biritxitun errugbi-zelai bat egiteko; 1,1 milioi Pio XII.eko igarobide jasangarrirako; 1.070.000 euro Seminario Etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko; milioi bat euro Labrit pilotalekuan hainbat esku-hartze egiteko, eta 1 milioi ANIMSArako, bi partidatan, ekipamendu informatikorako eta aplikazioak garatzeko.
Auzoetarako eta zuzkidura publikoetarako inbertsioak
Aurreko jarduerez gain, hiriko auzoetan hainbat inbertsio egitea aurreikusten da. 960.000 euro erabiliko dira disuasio-aparkalekuak sortzeko; 575.000 euro Arantzadi eta Txantrea lotuko dituen pasabiderako; 514.000 euro Arrotxapean eguneko zentro bat eraikitzeko; Buztintxurin 500.000 euro Gipuzkoa etorbideko berdeguneetarako; 400.000 euro Magdalena berreskuratzeko plan baterako, eta 200.000 euro Nicasio Landa HLHIParen zati bat civivox gisa egokitzeko.
Gainera, 250.000 euro jaso dira Kondestable eraberritzeko; 175.000 euro Pilotaren Interpretazio Zentroaren proiekturako; 150.000 euro Erripagañako liburutegiaren eta civivoxaren proiektua idazteko; 100.000 euro Santa Ana plaza berrurbanizatzeko, eta 100.000 euro Azpilagañan lokal berriak eta eguneko zentro bat egiteko. Era berean, 45.000 euroko partidak ditu Lezkairun civivoxa, liburutegia eta auzo-unitate bat egiteko ideia-lehiaketarako, eta 30.000 eurokoa Santa María la Realen espazio publikoa hobetzeko ideia-lehiaketarako.
Azkenik, inbertsioak eginen dira ikastetxeetan eta Udalaren kirol-zuzkiduretan. Besteak beste, 800.000 euro jaso dira ikastetxe publikoetako jolastokiak birnaturalizatzeko, 552.000 euro Arantzadiko kirolguneko komun eta aldageletarako, 350.000 euro Lezkairuko futbol-zelaiko soropil artifiziala ordezteko, 335.000 euro Mendigoiti, Iturrama eta San Juan de la Cadena ikastetxeetan galdarak ordezteko, edo 40.000 euro haur-eskoletan konponketak egiteko.
Soberakinekin ziur finantzatuko diren 40 proiekturen zerrenda
2025erako aurrekontu-proiektutik harago, Iruñeko Udala diruzaintzako gerakinen kargura finantzatuko diren beste proiektu eta jarduketa batzuk zehazten ari da. Inbertsio horietarako erabilgarri dagoen azken zenbatekoa ekitaldi honetako kontuak likidatzen direnean jakinen da, baina 40 proiektu baino gehiago finantzatuko dira, ziur, bide horretatik. Horien artean nabarmentzekoak dira 2,7 milioi euro PCH-Iruña Biziberritzen sozietaterako eta Etxebizitza Eskuragarriaren Plana garatzeko; 1 milioi euro Magdalena parkearen hirugarren faserako, 1 milioi Basotxoa berrurbanizatzen jarraitzeko; 1 milioi urteko asfaltatze-kanpainarako, eta 1 milioi hiriko argiteria berritzen jarraitzeko, led sistemara bihurtzeko. Horiez gain, 700.000 euro erabili nahi dira Guelbenzuko Civivoxaren proiektua eta obra idazteko, beste 700.000 euro errausketa-labe baterako, 700.000 euro baso gorritxorako eta Emakume Aitzindarien Parkeko basorako, eta 650.000 euro Soto Etxeko proiektuetarako.
Gerakinak erabiliz ziur eginen diren 40tik gora inbertsio horien artean honako hauek daude: 500.000 euro, birgaitzeko dirulaguntzak handitzeko; 500.000 euro, Navarrería kaleko Oscus eraisteko eta lokal berria egiteko; 500.000 euro, Arrosadiko lokal komunitarioa hobetzeko eta plaza bat egiteko; 500.000 euro, Sanduzelai eraldatzeko proiektuak idazteko; eta 200.000 euro, San Domingoko Baratzetako kiroldegiaren proiektua idazteko eta obrak egiteko. Era berean, zerrenda horretan jaso dira 300.000 euro Arrotxapeko Errotazar kalean ardatz jasangarri bat sortzeko, 200.000 euro oPEN Lab proiektuko ekintzekin jarraitzeko, eta beste 200.000 euro Iturrama eta Vázquez de Mella ikastetxeetan instalazio fotovoltaikoak jartzeko.
100 eurotik ia 40 gastu sozialera bideratuko dira
Datorren urteko aurrekontu-proiektuak 287,6 milioi euro jotzen du; hau da, martxoan 2024rako onetsitako aurrekontuak zituen 266,9 milioi euroak baino % 7,7 gehiago. Guztira, 2025eko kontuetako 100 eurotik 39,09 gastu sozialera bideratuko dira; 24,68, hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko erabiliko dira, eta 19,11, Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bidez elkarbizitzaren hiriaren oinarriak ezartzera.
Aurrekontuaren igoerak gastuak eta diru-sarrerak handitzea ekarriko du. Langileriako gastuak 112,7 milioi euro izatetik 117 milioi izatera igaro dira, 2024an baino %3,8 gehiago, eta ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak % 8,9 igo dira, eta aurten 88,66 milioi euro izan direnak datorren urtean 96,57 milioi izanen direla aurreikusten da.
Diru-sarrerei dagokienez, % 10,4 igo dira zuzeneko eta zeharkako zergen, tasen eta prezio publikoen bilketa-aurreikuspenak, 2024ko 108 milioitik 2025eko 119,3ra. Era berean, igo eginen dira beste administrazio batzuetatik datozen kapital-transferentziak (2024an 124,3 milioi izan ziren, eta 2025ean 131,8 milioira igotzea espero da) eta lursailen salmentagatiko diru-sarrerak (1,3 milioi euro igo dira, guztira 17 milioi eurora).