Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu-proiektua 287,6 milioi eurokoa da, hiriaren historian izan den handiena

Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu-proiektua 287,6 milioi eurokoa da, hiriaren historian izan den handiena
Inbertsioak 37,9 milioira iritsiko dira, azpiegitura handiei jarraipena emateko, inbertsio-proiektuak lotzeko datozen urteetako zuzkiduretarako, gastu sozialaren aldeko konpromisoa berretsita
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi

Iruñeko Udalaren 2025. urterako aurrekontu-aurreproiektua 287,6 milioi eurora iritsiko da, hiriak inoiz izan duen kopururik handiena, 2007an onetsitako 270 milioiak gaindituko baititu. 287,6 milioi euro horiek 2024rako onartutako 266,9 milioiak baino % 7,7 gehiago dira. Aurrekontu horren % 40 gastu sozialera bideratuko da, eta % 25 inguru hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko. 37,9 milioi euroko inbertsioak aurreikusi dituzte, 2024an baino % 28,6 gehiago.

Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Garbiñe Bueno Zabalza Ogasuneko eta Kontratazioko zinegotzi ordezkariak, Mikel Armendáriz Barnechea Geroa Baiko udal taldeko bozeramaileak eta Txema Mauleón Echeverría Contigo Zurekin taldeko bozeramaileak azpiegitura handiei eta legealdiko proiektuei jarraipena emanen dien eta gastu sozialerako konpromisoa beteko duen aurrekontu-aurreproiektua aurkeztu dute. Orain, negoziazio prozesu bat irekiko da, gehiengoak kontuei babesa eman diezaion lortzeko, asmoa baita, hasiera batean, kontuok azaroaren erdialdean Tokiko Gobernu Batzarrean onestea, eta azaroaren 28rako aurreikusita dagoen osoko bilkurara eramatea.

Iruñeko alkateak adierazi duenez, aurrekontuen aurreproiektuak erakusten du Udal Gobernuaren ekintza politikoa bideratuta dagoela ezaugarri hauek dituen hiri bat bultzatzera: gastu soziala sendotzen duen hiri bat, hiri proiektu berriak eta espazio enblematikoak berritzeko proiektuak abiarazten dituena, bizikidetzaren eta auzoak hobetzearen alde egiten duena, eta Iruñeko Udala bera inplikatzen duena etxebizitzaren arazoari irtenbideak modu aktiboan bilatzen.

Gastuaren azken zifra osoak nabarmen gainditzen du hasieran aurreikusitako 272 eta 279 milioi bitarteko tartea, hiru arrazoi hauengatik: batetik, lurrak saltzeagatiko diru-sarrerak berrikustea, 6 milioi euroan igo baita aurrekontua aurrekontua egungo prezioak aplikatzearen ondorioz; bestetik, pentsa baino 2 milioi euro inguru gehiagokoa izan da kanpoko kapitala lortzeko aurreikuspena, eta Europako funtsetatik diru-sarrera handiagoak izanen direla kalkulatzen da, Iruñeko Hiri Agendako proiektuak burutzeagatik.

100 eurotik 39,09 gastu sozialera bideratuko dira

Ehun eurotik ia 40, 39,09 euro zehazki, gastu sozialera bideratuko dira, zeinetan sartuko baitira, Gizarte Ekintzako Alorrari esleitutako aurrekontuaz gain, etxebizitzarako, ikastetxeetarako, haur-eskoletarako, gazteriarako, berdintasunerako, ekintza komunitariorako eta kulturaren eta kirolaren sustapenerako partidak ere. Bestetik, ehun eurotik 24,68 hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko erabiliko dira. Kopuru horren barnean sartzen dira Auzoen Planeko zuzkidurak, hiri-kontserbaziorako, mugikortasunerako eta proiektu estrategikoetarako partidak, besteak beste. Azkenik, 19,11 euro erabiliko dira bizikidetzaren hiriaren oinarriak ezartzeko, Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren bidez.

Aurreproiektu honek antz handia du martxoan 2024. urterako onetsitako aurrekontuarekin. Azpiegituretan egindako inbertsioen gorakadak eta zuzkidura berrietarako eta berrurbanizazioetarako proiektuen idazketak sendotu egin du hiri finkatua hobetzeko partidetarako % 5eko igoera. Hartara, 2024ko aurrekontuetan 100 eurotik 19,14 eurokoak izatetik, 2025erako aurreikuspenean ehun eurotik 24,68 eurokoak izatera pasatu dira. 

Udalaren alorrei dagokienez, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrari 63.974.028,56 euro esleitu zaizkio; Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzakoari, 54.992.097,51 euro; Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorra, 48.711.440,90 euro izanen ditu, eta Gizarte Ekintzakoak, 34.435.056,43 euro. Aurrekontuak 24.469.076,37 euro bideratuko ditu Giza Baliabideetarako; 13.537.519,63 euro Ogasuneko eta Kontratazio Publikoko Alorrerako; 12.033.563,76 euro Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako Alorrerako; 10.568.121,05 euro Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Alorrerako. Hamar milioi eurotik beherako aurrekontua izanen dute Gerentziak eta Aholkularitza Juridikoak (9.365.536,17 euro), Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrak (7.045.637,83 euro), Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako Alorrak (6.560.582,94 euro) eta Alkatetzak (1.974.620,61 euro).

100 eurotik 13,2 euro inbertsioetarako eta hiri-proiektuetarako 

Aurrekontuaren % 13,2 inbertsioetarako da. 6. eta 7. kapituluetan 37,9 milioi euro jaso dira, 2024rako kontu-proiektuan kontsignatu zirenak (29,5 milioi) baino % 28,6 gehiago. Horiez gain, beste proiektu batzuk jorratzen ari dira, aurtengo aurrekontua ixterakoan sortuko diren diruzaintzako gerakinen kontura finantzatu ahal izanen direnak, eta aurreikusitako 37,9 milioi horiei gehituko zaizkienak. Era horretan Iruñeko Udalak izanen duen inbertsio-ahalmena handitu eginen da.

2025ean zehar, legealdiko proiektu handiak martxan jartzea aurreikusten du Iruñeko Udalak, besteak beste, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa. Datorren urtean 3,1 milioi euro bideratuko dira obra hori egiteko. Horrez gain, 1.2 milioi euro erabiliko dira Belosoko igarobide jasangarria amaitzeko eta Pío XII.aren etorbideko lanak amaitzeko; eta 1,4 milioiko inbertsioa eginen da etorbide horretan gune jasangarriak sortzeko. 

Azpiegiturez haratago, hiri finkatua berritzearen eta zerbitzu publikoak indartzearen aldeko apustuari eutsiko zaio. 5,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da hornidura sare batzuk berritzeko eta Txantreako hainbat kale berrurbanizatzeko; 3 milioi euro makineria eta garbiketa ibilgailuak berritzeko; 2 milioi asfaltatze planerako, eta 960.000 euro inguru disuasio-aparkalekuak sortzeko. Horrez gain, udal-zuzkidurak indartuko dira: 514.000 euro, Arrotxapean eguneko zentro bat gaitzeko, milioi bat euro baino gehiago Seminario Etxea berritzeko, 1,2 milioi euro Biritxitun errugbi-zelai bat egiteko, eta 350.000 euro (diruzaintzako gerakinetatik), Emakumeen Etxeko ekitaldi-aretoa berritzeko.

Auzoen Plana eta Etxebizitza Plana lehentasunen artean 

Etxebizitza izanen da udal-politiken beste ardatz nagusietako bat 2025ean. Urte hasieran aurkeztutako Etxebizitza Eskuragarriaren Plana bultzatuko dute, 4,5 milioi eurorekin (1,36 aurrekontu honetan eta 3,2 milioi aurreikusitako gerakinekin), eraikinak birgaitzeko. Iruña Biziberritzen enpresa publikoari 771.000 euroko transferentzia egitea aurreikusi da, etxebizitzaren arloko jarduketak egiten jarraitzeko. Azkenik, 254.000 eurorekin finantzatuko dira plangintza-azterketa batzuk, hirigintza-garapen berriak egiteko Beloson, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruan eta Donapean besteak beste.

2025erako aurreikusitako inbertsioek hiriarentzat lehentasunezkotzat jotzen diren etorkizuneko proiektuen oinarriak ezarriko dituzte, dela aurrekontuaren bidez, dela diruzaintzako gerakinen bidez. Horiek horrela, 150.000 euro bideratuko dira Erripagañako liburutegiaren eta civivoxaren proiektua idazteko, 175.000 euro Pilotaren Interpretazio Zentroaren proiektua idazteko, 200.000 euro Nicasio Landan civivoxa egiteko proiekturako eta 500.000 euro (100.000 aurrekontuatik eta 400.000 gerakinetatik) Santa Ana plazaren proiektua egiteko eta obrak hasteko. Ideia-lehiaketa berri bat ere antolatu nahi dute, Lezkairun civivoxa, liburutegia eta eguneko zentroa hartuko dituen eraikin bat eraikitzeko.

Diruzaintzako gerakinen bidez, 100.000 euro inbertituko dira Donibanen haur-eskola berria egiteko proiektuan, 700.000 euro Arrosadian civivox bat egiteko proiektua egin eta obrak hasteko eta 500.000 euro Sanduzelai auzoa eraldatzeko jarduketetarako. Azken finean, hiri osoan inbertsioak egitea da helburua, 30 milioi euro baino gehiago izanen dituen Auzoen Planaren bidez, jarduera horiek eta beste batzuk garatzeko.

Gastu arruntek eta langileriakoek gora egin dute, baita diru-bilketak ere

Gastuen kapituluan, handitu egin dira 1. eta 2. kapituluetako aurreikuspenak, langileriari eta gastu arruntei dagozkienak. Langileria gastuak 112,7 milioi eurotik 117 milioi izatera pasatuko dira, 2024an baino % 3,8 gehiago, besteak beste Iruñeko Udaltzaingoaren ordainsariei buruzko epai judizialak eguneratzeak finkatu dituelako, eta KPIaren igoera aurreikusten delako. Langileria-gastuetan igoera aurreikusten den arren, aurrekontuan duen ehunekoa 2024an % 42,22koa izatetik % 40,67koa izatera jaitsiko da 2025ean. 

Ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak % 8,9 igo dira, eta aurten 88,66 milioi euro izan direnak datorren urtean 96,57 milioi izanen direla aurreikusten da. Hainbat faktorek eragin dute igoera hori, besteak beste honako hauek: prezioen igoera aplikatzeak, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) bezalako udal-zerbitzu berriak finkatzeak eta Buztintxuriko udal-kiroldegia edo Bigarren Zabalgunean eraikitzen ari diren eta 2025ean amaituko den civivoxa bezalako zuzkidura berriak martxan jartzeak eta finkatzeak. Hala eta guztiz ere, kapitulu horrek gastuen aurrekontu osoan duen pisuak bere horretan jarraituko du 2025ean: aurten % 33,2koa izan baita, eta % 33,57koa izanen baita hurrengo urtean. 

Diru-sarrerei dagokienez, gora egin dute 1., 2. eta 3. kapituluetako aurreikuspenek, Balorazio Txostena eguneratzearen ondorioz, eta horrek lurralde-ekarpenean eta zeharkako zergen diru-bilketan, batez ere, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren (EIOZ) bidezkoan, izan duen eraginagatik. Zeharkako zergen diru-sarrerek % 2,2 egin dute gora, guztizkoaren % 21,92 izatetik % 24,11 izatera. 4. eta 6. kapituluetan, beste administrazio batzuetatik jasotako kapital transferentziei buruzkoetan, batez ere Nafarroako Gobernuak eginikoek, 6,5 milioi baino gehiagoko ekarpena eginen dute: 2024an 124,3 milioi euro zirenak 131,8 milioi izanen dira datorren urterako aurreikuspenean. Lurren salmentek eragindako diru-sarrerak 1,3 milioi gehiago izanen dira, 17 milioi eurora iritsi arte.

¿Te ha sido útil esta página?