Ostalaritzako zortzi establezimendu salatu dira sanferminetan Ikuskizun publikoak eta aisia-jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea ez betetzeagatik, edukierari eta irekiera-ordutegiei dagokienez. Horietako bat, salaketen ondorioz itxi egin dute. Itxiera horrez gain beste establezimendu bat ere itxi dute behin eta berriro ez betetzeak egiteagatik, ez baitzuen lizentziarik egiten duten praktikarako.
Iruñeko Udalak eta Iruñeko Udaltzaingoak urtean zehar, bai eta sanferminetan ere, kontrol sakonak egiten dituzte araudia betetzen dela bermatzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko espazio publikoetan eta ostalaritza- eta merkataritza-lokaletan. Lokalak eta salgaiak ikuskatzeko eta zaintzeko lan horren ondorioz hainbat produktu konfiskatzeko 59 operazio egin dira orain arte festetan. Operazio horiek sanferminetan lanean ari diren segurtasun-kidego guztiek egin dituzte. Hiru konfiskaziotik bik, 40 guztira, kontsumitzeko janariekin eta edariekin izan dute zerikusia, arazoak zituztela edo eskatutako kontrolik ez zutela detektatu baita. Konfiskazio horiei beste zortzi gehitu behar zaizkie, bitxigintzako gaiekin lotuak; bi arropa eta jantziekin; bat puxikekin; bat artisautzako produktuekin; eta zazpi beste elementu batzuekin.
Ohikoa ez bada ere, Babes Zibileko Tokiko Batzordea uztailaren 14an, igandearekin, ere bilduko da, bi arrazoi direla eta: alde batetik, asteburu ondorengo igandea delako, eta bestetik, Eurocoparen finalaren emanaldiaren inguruko dispositiboa koordinatzeko. Iruñeko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko du Yamaguchi plazan, partida RTVEk lagatako seinalearekin ikusi ahal izateko. Aurreikuspenen arabera, Errioxa kalea itxiko dute eta garbiketa-, segurtasun- eta osasun-arretako zerbitzuak indartuko dira.
11.000 pertsonatik gora Gazteluko plazako argibide-gunean
Gaur goizean egindako Babes Zibileko Tokiko Batzordeak azken 24 orduetan jarritako 1 eszenatokiko hiru sexu-erasoengatik (ukituak eta baimenik gabeko musuak) hiru salaketen berri izan du. Polizia-kidego desberdinek erasoetako baten ustezko egilea atxilotu dute eta beste biak atxilotzea espero da.
Sexu-erasoen inguruan sentsibilizatzeko ekintzen artean, Udalak sanferminetan argibide-gune bat jarri du Gazteluko plazan. ‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpainaren erreferentziazko eta entzute aktiboko gunea da, eta bertan sustapen-materialak banatu eta Iruñeko Udalak ezarritako baliabideei buruzko informazioa ematen dira.
Festetan zehar, sexu-erasoei buruzko argibide-guneak 11.396 pertsona artatu ditu, horietatik 1.023 azken 24 orduetan. Uztailaren 14ra arte egonen da zabalik honako ordutegi honetan: goizez, 11:30etik 15:00etara eta arratsaldez, 18:00etatik gauerdira arte. Ematen duten arreta profesionalaren barruan, argibide-gunea kudeatzen dutenek ahalmena dute laguntza-zerbitzuak eta erasorik izanez gero dagozkien protokoloak aktibatzeko.
Salaketek behera egiten jarraitzen dute
Jasotako salaketek behera egiten jarraitzen dute. Atzo, uztailaren 11n, ostegunarekin, 130 salaketa erregistratu ziren, 2023ko uztailaren 11n baino % 43 gutxiago, 226 jaso baitziren orduan. Atzoko salaketen erdiak ebasketekin zerikusia izan zuten. Guztira, 64 ebasketa salatu ziren, zehatz-mehatz iazko egun berekoen erdia.
Era berean, zazpi salaketa jarri ziren lesioengatik, sei indarra erabilita lapurreta egiteagatik, bost kalteengatik eta lau indarkeria erabilita lapurreta egiteagatik, besteak beste. Polizia-kidegoek 18 pertsona atxilotu dituzte salaketa horien ondorioz azken 24 orduetan.