Iruñeko Udalak zirkulazioaren gaineko zergaren ordainketa eten du eta seihilekoko ordainagirien epea berrikusiko du

Iruñeko Udalak zirkulazioaren gaineko zergaren ordainketa eten du eta seihilekoko ordainagirien epea berrikusiko du
Neurri horien bidez kutsatze-guneak saihestu nahi dira, eta jarduera ekonomikoak koronabirusaren epidemia dela-eta eragindako zerga-karga arindu
fachada

 

Iruñeko Udalak zirkulazioaren gaineko zergaren ordainketa etetea erabaki du; ordainketa hori aste honetan zen igortzekoa, baina neurri berezi hori hartu da, estatu osoan alarma-egoera deklaratzea ekarri duen koronabirusaren epidemia dela medio. Halaber, seihilekoko ordainagiriak ordaintzeko epeak berrikusiko dituela iragarri du, aurreko urteetan ekainean ordaindu baitira. Neurri horiekin ordainagiriak ordaintzera bulego eta banku-entitateetara joaterakoan izan daitezkeen kutsatze-guneak saihestu nahi dira, eta zerga-karga arindu nahi da, besteak beste Enpresa Jardueren gaineko Zergarena (JEZ), uneotan hiriko jarduera ekonomikoaren zati handi bat geratuta baitago.
 

Zirkulazioaren gaineko zerga zen orain lehen ordaindu beharrekoa; izan ere, Udalak martxoaren 9an onetsi zuen urteko likidazioa. Kopuruak 9,7 milioi jotzen zuen. Aitzitik, hori onetsi eta hiru egunera ordainagiriak inprimatu eta igortzeko lanak etetea erabaki zuten, koronabirusaren epidemiak eragindako egoerari aurre egiteko premiazko neurri gisa. Horrela, ordainagiriak hiri osoan zehar banatzen dituzten langileen zirkulazioa murriztu da, eta, baita ere, igorritako ordainagiriei loturik gestioak egin behar dituztenen joan-etorriak, Zergadunendako Arreta Bulegora ez ezik ordainketen kudeaketan laguntza ematen duten finantza-entitateetara ere. Zentzu horretan eta erregistratutako azken datuek jasotakoaren arabera, Zergadunendako Arreta Bulegoan zirkulazioaren gaineko zergarekin lotuta egindako gestioen % 40 martxoan eta apirilean egin dira, hain zuzen.
 

Horregatik guztiagatik, zergadunen egutegian hasiera batez ezarritako ordainketa-epea baliogabetu da. Epe berria egoera orokorraren eta alarma-egoeraren bilakaera aintzat harturik ezarriko da.
 

Seihilekoko ordainagiriak

Berehalako ordainagirien gainean neurriak hartzeaz gain, Udala aztertzen ari da ezohiko egoera honek seihilekoko ordainagirietan izan dezakeen eragina, haien likidazioa ez baita oraindik onetsi –kontribuzioa, Bide Publikoa okupatzearen gaineko zerga (OVP) eta Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga (JEZ), besteak beste–. Azken urteotan tasa horiek ordaintzeko borondatezko epea ekaina eta azaroa bitarte zen. Alabaina, Udala epe hori atzeratzea aztertzen ari da, beste beste jarduera ekonomikoa zergapetzen dituzten udal-tributuen ordainketa ez dadin izan enpresentzat egoera honi gehitzen zaion beste zama bat.
 

Udalak 463/2020 Errege Dekretuaren babespean onetsi ditu neurri horiek guztiak; dekretu horren bidez deklaratu ziren alarma-egoera eta herritarren konfinamendua, hamabost egunez gutxienez, birusaren hedapena kontrolatze aldera. Neurri horien barruan erabaki zen, baita ere, aurrez aurreko arreta ematen duten bulegoak ixtea. Hala ere, zergadunek aurrez aurrekoak ez diren beste udal-bideetara jo dezakete, 010 telefonoaren bidez edo www.pamplona.es webgunearen bidez. Inguruabar hauetan, lehentasunez artatuko dira JEZean alta eta baja hartzeko kudeaketak, uneotan premiazkoenak izan baitaitezke eta egoitza elektronikoan ez baitago horretarako berariazko izapiderik.

¿Te ha sido útil esta página?