Iruñeko Udalak zientzia ikasgeletara eramanen du jolasa ardatz duten jardueren bitartez

Iruñeko Udalak zientzia ikasgeletara eramanen du jolasa ardatz duten jardueren bitartez
‘Manyaren sekretua’ izeneko Udalaren hezkuntza-programa hiriko 26 ikastetxetako DBHko laugarren mailako kimikako eskoletan eskaintzen da

iencia en clase

 

Iruñeko Udalak hiriko ikastetxe eta institutuetan hezkuntza-curriculuma osatzeko programa-sorta bat eskaintzen du, eta ikasturte honetan, programa horien artean ‘Manyaren sekretua’ dago. Jarduera pedagogikoa da, DBHko laugarren mailako kimika-eskolen barruan ematen dena, eta jolasa eta Marie Curie zientzialaria oinarri ditu, ikasleei eredu atomikoen, taula periodikoaren eta zientzia-propietateen inguruko ezagutzak helarazteko. Guztira, programa hori 26 ikastetxe publiko eta itundutan eskaintzen da, Nafarroako Unibertsitateko Zientzietako Museoarekin elkarlanean.

‘Manyaren sekretua’ joko bat da, eta horren bidez ikasleek ebatzi beharko dituzte ikasturtean zehar emandako kimikako irakasgaiko kontzeptuekin –eredu eta propietate atomikoak, erreakzio kimikoa, taula periodikoa eta estekiometria, besteak beste– lotutako igarkizunak, buruhausgarriak eta asmakizunak. Programa horren helburu nagusia da ikasleei kimika erakustea modu erakargarri, dibertigarri eta atseginean. Halaber, bokazio zientifikoak sustatu eta emakumeak zientzian duen garrantzia ikusarazten da Marie Curieren bidez; izan ere, haren bizitza da saio bakoitzean aurkezten den jokoaren haria.

Jokoak, metodologia berritzaile bat erabiliz, ikasleen interesa piztu nahi du, ikasgelatik atera gabe. Jarduera hori egiteko, ikasgelak bost kideko sei taldetan banatzen dira, eta bakoitzari proposamena osatzeko tresna guztiak ematen zaizkio. Ikasleek asmakizun teoriko eta praktiko batzuen emaitzak bilatu beharko dituzte, jarduera interaktiboak errealitate areagotuarekin eta esperimentazioarekin txandakatuz.

Prestakuntza-proposamenak gai jakinetan beste ikuspegi batzuetatik sakontzeko

Prestakuntza-proposamena ikasgelan bertan egiten da, ordu bat eta laurdenez, baina aldez aurretik prestatu egiten da, egun batzuk lehenago. Ikasleek etxean ikus-entzunezko bat ikusi eta hainbat datu bildu behar izan dituzte; datu horiek garrantzitsuak dira jokoa gauzatzeko. Bide horretan, ikasleek irakasleen laguntza izanen dute; irakasleei txosten bat emanen zaie azalpen zientifikoekin eta ikasgelan esperimentuak egiteko proposamenekin.

Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako Alorreko pedagogia-unitateak doan eskaintzen die hiriko ikastetxeei oinarrizko curriculuma osatzeko programa-sorta bat, zenbait alderdi osatu edo ezagutzei ikuspegi desberdin, berritzaile eta esperimentaletatik heltzeko. Legealdi honetan, bereziki sustatzen ari dira STEM –Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren akronimoa ingelesez– ezagutzekin eta gaitasunekin lotutako programak, batez ere, neskengan bokazio zientifikoak pizteko asmoz. 2020-2021eko ikasturtean ‘Maleta periodikoa zure ikastetxean bisitan’ programa eskaintzen hasi zen, Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa, eta balantze positiboa izan ondoren, ikasturte honetan martxan jarri dira ‘Manyaren sekretua’ eta Iruñean barnako ibilbide matematikoak; azken horri hasiera emateko “Paseo matematikoak Alde Zaharrean” argitaratu da.

¿Te ha sido útil esta página?