Iruñeko Udalak Zangoza kaleko aparkalekuko obrak bertan behera utzi ditu, Gurutzeko plazaren berrurbanizazioa bermatzen duen akordio bat bilatzeko

Iruñeko Udalak Zangoza kaleko aparkalekuko obrak bertan behera utzi ditu, Gurutzeko plazaren berrurbanizazioa bermatzen duen akordio bat bilatzeko
Alkateak udal taldeei aurrera egiteko eta hiria hobetzeko lan egiteko deia egin die
parking


Iruñeko Udalak Zangoza kaleko lurrazpiko aparkalekua eraikitzeko obrak bertan behera uzteko erabakia hartu du. Proiektua gainontzeko udal-taldeekin kontsultatu eta eztabaidatuko da, nahikoa babes duen irtenbide bat lortzen saiatzeko Gurutzeko plazaren berrurbanizazio lanak egiteko, hori baitzen Udalak finantzatzen zuen zatia. 

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak agerraldia egin du komunikabideen aurrean gaur goizean lanak eten direla iragartzeko. Zangoza kaleko aparkalekuko proiektua auzotarren eskaritik sortu da. Eraikuntza Iruñeko Udal Planarekin eta Bigarren Zabalguneko HJPBarekin bat dator, eta xede du Gurutzeko plazaren espazioa berreskuratzea, horixe baita proiektuaren funtsezko elementua Iruñeko Udalarendako.

Gurutzeko plazak premiazko hirigintza-jarduketa bat behar du. Berrurbanizazio-proiektuak gune erakargarriago, atseginago eta seguruago bat eratzen zuen, trafiko gutxiagorekin eta jasangarriagoa. Egun, eremua ez dago herritarrek erabiltzeko baldintza egokienetan, polizia-atestatuak areagotu eta segurtasun-gabezia hautematen baita. Proiektuak, halaber, eremuko merkataritza eta ostalaritza biziberritzea du xede. Azken batean, plaza berrurbanizatzea eta inguruko aparkatzeko arazoak konpontzeko akordio bat lortu nahi da.

Hitzezko erasoak eta azpiegiturei eta altzariei egindako erasoak gaitzestea
Proiektua ezagutu zenetik, 2022ko amaieran, gaur egun arte, eta batez ere, uztailaren erdialdean obrak abiatu zirenetik, aparkalekuaren eta Gurutzeko plazaren berrurbaniazazioaren aurkako mobilizazioak, errekurtso judizialak eta manifestazioak egin dira. Alkateak askatasunez manifestatzen direnekiko errespetua adierazi du, baina obren inguruan zein sare sozialetan egindako hitzezko erasoak eta azpiegiturei edo altzariei egindako erasoak gaitzetsi nahi izan ditu, sare sozialetan lanek aurrera ez egiteko edozein ekintza egiteko deia egin baita. 

Balizko agertoki guztiak aztertu eta dauden aukerak baloratu ondoren, lanak bertan behera uztea erabaki da. Gainera, proiektuaren helburu nagusia betetzeko, hau da, bertako auzotarren bizi kalitatea hobetzeko, bermerik ez dagoela uste da. Hala, Gurutzeko plazan esku hartzeko eta aparkatzeko arazoa konpontzeko babes gehiago –hala politikoa nola herritarrena– duen akordio bat lortzearen aldeko apustua egin da, Iruñearen onerako eta pertsonendako hiri hobeago bat lortzeko. 
 

¿Te ha sido útil esta página?