Iruñeko Udalak Zabalguneko hainbat kaletako zirkulazio-fluxua aztertu du Labriteko Igarobide Jasangarriaren proiektua osatze aldera

Iruñeko Udalak Zabalguneko hainbat kaletako zirkulazio-fluxua aztertu du Labriteko Igarobide Jasangarriaren proiektua osatze aldera
Jarduketa horien xedea da garraiobide jasangarriek (bizikletak, oinezkoak eta garraio publikoa) nahikoa espazio izatea
aforador

Iruñeko Udalak matrikulak irakurtzen dituzten 7 zirkulazio-neurgailu jarri ditu Labrit, Amaia eta Nafarroako Gorteen kaleetan zirkulatzen duten ibilgailuen jokabidea aztertzeko. Instalatutako sistemak ibilgailuen zirkulazioaren ezaugarriak zehatz-mehatz ezagutzea ahalbidetzen du: auto kopurua eta horien batez besteko abiadura eguneko une bakoitzean eta asteko egun guztietan zehaztu ez ezik, autoen jokabideari buruzko analisi aurreratu bat ere eskaintzen du, bereziki horien ibilbideen jatorriaz eta helmugaz bezainbatean. Datuen azterketak aukera emanen du jakiteko eremu horretan zirkulatzen duten autoen helmuga Zabalguneko punturen bat den, edo, aldiz, helmuga eremu horretan ez duten eta kale horiek iragaitzazko bide gisa erabiltzen dituzten. Sistema hori 24 orduz egonen da jardunean hainbat astez. Hortaz, zirkulazio-fluxu gehien dituzten egunak eta orduak zehaztu ahal izanen dira, lanegun edo asteburuen arabera bereizita.

Azterketa egiteko, 7 neurgailu kokatu dira. Horietako bostek errai bakarra kontrolatzen dute, eta bik bi errai monitorizatzen dituzte, halako moduan non batek Labriteko aldapan gora sartzen diren ibilgailuak kontrolatzen baititu, eta besteak, ateratzen direnak. Gainerakoek Amaia, Aralar eta Olite kaleak monitorizatzen dituzte.

Zirkulazioaren ezaugarriak ezagututa, zirkulazio-fluxuaren gainean jardun ahal izanen da Labriteko Igarobide Jasangarria gauzatzen den aldi berean. Azken horretan aurreikusita dago bidegorri bat jartzea, oinezkoendako hobekuntzak egitea eta garraio publikoak ematen duen zerbitzua hobetzea.

Zirkulazioa nolakoa den ezagutu, etorkizuneko igarobide jasangarriaren eragina jakiteko

Une honetan Iruñeko Udala etorkizunean eginen den Labriteko Igarobide Jasangarria izeneko esku-hartzearen aurreproiektua prestatzen ari da, zeinak barne hartzen baititu Magdalena, Vergel, Joan Labritekoa, Nafarroako Gorteak eta Lizarra kaleak, eta aurreikusten ditu jarduketa elkartuak Zabalguneko zati handi batean –Alde Zaharraren eta Nafarroa Behereko etorbidearen artean–. Etorkizuneko Igarobidean zein alboko kaleetan beharrezkoa da bertatik oinez zein bizikletaz igarotzen direnen segurtasuna eta erosotasuna bermatzea, baita garraio publikoaren funtzionamendu ona ere, aldi berean hiriaren kalitatea hobetuta. Proiektuaren azken helburua da, izenak dioen bezala, toki nahikoa eta baldintzarik onenak ematea mugitzeko modu jasangarrienei. Hirian barnako ibilbide nagusitzat jotzen da, non aldi berean modu horiek garatu eta zirkulazioaren gainean jardun daitekeen, zirkulazioa murriztea eta baretzea lortzeko.

Neurgailuen bidez lortutako informazioarekin, Iruñeko Udalak zirkulazio-datuak ezagutu eta aztertuko ditu, horien ezaugarriak jakiteko eta emaitzen arabera jardun ahal izateko. Aurreproiektuaren egungo fasean, beharrezkotzat jotzen da ezagutzea hala ibilgailuen guztizko kopurua (informazio hori Udaltzaingoak ohiko zenbaketa sistemarekin lortzen du) nola autoen helmuga, aurreikusitako esku-hartzeek zirkulazioan izan dezaketen eragina zehaztu ahal izateko.

Neurgailuak erosi dira, eta hiriko beste eremu batzuetan jarri ahal izanen dira

Iruñeko Udalak neurgailuak erosi ditu, eta horrez gain, datuen trataera kontratatu du hiru hilabetez. Aurrekontuak, guztira, 15.367 euro jotzen du. Denbora tarte horren ondoren, aztergailuak hiriko beste eremu batzuetan jarri ahal izanen dira, era berean iragaitzazko zirkulazioa monitorizatzeko. Hala, hainbat eremutan esku hartzeko beharrezkoak diren jarduketak baloratu ahal izanen dira, baldin eta eremu horietan beharrezkoa bada hiriko kalitatea hobetzea eta modu egokiagoan banatzea oinezko, bizikleta, garraio publiko eta ibilgailu pribatuen zirkulaziora bideratutako tokia.

Ibilgailuak zenbatzeko eta zirkulazioaren fluxua aztertzeko sistemak radar teknologia du oinarri –ibilgailuei antzeman eta horien abiadura jasotzen du–, eta horri lotuta, matrikulak hautemateko kamerak erabiltzen dira, datu horiek anonimoki landu eta zirkulazio-fluxua zehazte aldera. Nafarroako gazte talde batek sustatu duen Anteral enpresa hari da lan horiek egiten. Aurrez antzeko proiektu pilotu bat abiarazi zuten Pio XII.aren etorbidean, Smart Iruña Labs programaren barruan, benetako hiri-esparru batean teknologia berritzailea probatzea ahalbidetzen duena.

Etengabeko neurketak, on line plataforma batera sartuta

Pio XII.aren kasuan neurgailuek ibilgailuak zenbatu zituzten zirkulazio-fluxua zehaztu gabe –orain txertatu da identifikatzeko software hori–, baina ibilgailuak motordunak ala bizikletak ziren desberdinduta, eta horien abiadura eta noranzkoa zehaztuta. Ikerketa hori oso erabilgarria izan zen Igarobidearen funtzionamendua zehazteko eta ziklisten mugikortasunaren ezaugarriak ezagutzeko.

Ekimen horiek Iruña Smart City Estrategia garatzen dute, etengabeko neurketak egiten baitira eta on line plataforma batera sartuta adierazleak ikus baitaitezke. Horri esker, hainbat parametro monitorizatu daitezke eta, kasu honetan, mugikortasun jasangarriko politikak bideratu, modu zentzudun batean, teknologiaren bidez.

Bidegorri sare segurua eta eraginkorra

Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorra lanean ari da une hauetan, Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Itunak eta Bidegorrien Planak markatutako ildoei jarraiki, auzo guztiak lotuko dituen bidegorri sare seguru eta eraginkor bat sortzeko. Hain zuzen, Labriteko Igarobide Jasangarriaren ibilbidea horren ardatz nagusietako bat da. 

Gaur egun beste jarduketa batzuk planifikatzen ari dira, eta kasu askotan beharrezkoa izanen da bidegorrietarako toki gehiago lortzea, oinezkoen mugikortasunari eragin gabe eta garraio publikoa lagunduta. Horregatik, zirkulazio-fluxua ikertzea beharrezkoa da, mugitzeko modu guztietarako espazioa era orekatuan banatzea lortzeak berekin baitakar nahitaez ibilgailu motordunen zirkulazioa murrizteko eta baretzeko estrategiak aplikatzea.
 

¿Te ha sido útil esta página?