Iruñeko Udalak Zabalguneko Civivox berriko lanak lizitatu ditu 9,9 milioi euroan

Iruñeko Udalak Zabalguneko Civivox berriko lanak lizitatu ditu 9,9 milioi euroan
Helburua da lanak udazkenean hastea eta eraikina 22 hilabeteko epean amaitzea
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak adostu du gehienez ere 9.936.081 euro (BEZ barne) bideratzea Bigarren Zabalguneko Civivox berria eraikitzeko, Salestarren orubean kokatuko dena. Tokiko Gobernu Batzarra gaur bildu da eta lan horren lizitazioa onetsi du Behin lanak adjudikatuta, xedea da azaroan hastea eta 22 hilabeteko epean burutzea. Hala iragarri du Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak Iruñeko biztanleendako aisia eta kulturako gune berria iragartzeko deitutako prentsaurrekoan.

Obren kostua 2022tik 2024ra bitarte ordainduko da, hala, 2023an gehiengoa ordainduko da, 6,2 milioi, eta 2024an gainontzeko 2,8 milioiak. Eraikuntzaren adjudikazioa prozedura irekiaren bitartez eginen da, Europako araudiak ezartzen duenarekin bat. Proposamenak aurkezteko epea 45 egunekoa da DOUEn argitaratzen denetik. Lanak adjudikatzeko orduan honako hauek baloratuko dira: proposamen teknikoa (45 puntura arte), proposamen ekonomikoa (30 puntura arte) eta gizarte- eta ingurumen-irizpideak (10 eta 15 puntura arte, hurrenez hurren). Azken horren kasuan, bereziki baloratuko dira ingurumen-kudeaketa, ingurumen-etiketa ekologikoa duen pintura erabiltzea eta kanpoko arotzeriako profilak fabrikatzeko material birziklatua erabiltzea, bai eta enpresa hornitzaileak kalitate-egiaztagiriak izatea ere. Bereziki baxutzat joko dira lizitazio prezioaren % 20tik gorako beherapena duten eskaintza ekonomikoak. 

Eraikin hori honako arkitekto hauek idatzitako proiektuari jarraiki eraikiko da: Alfonso Orueta Jannone, Diego Fernández Vidaurre, Jaime Suescun Sánchez, Andrea Franconetti eta Mikel Perea López, OFS Office fo Sustainnability Sociedad Cooperativa Profesional enpresakoak, zeinak aurreikusten baitu beheko solairu eta hiru altuerako eraikin bat, sotoaz eta solairuarteaz gain, Salestarren UGPSaren 7. lurzatian, Media Luna kalearekin muga eginez. Guztira, 4.767,37 metro karratuko azalera eraikia planteatu da, non beheko solairua 1.200 metrokoa izanen baita, eta goiko gainontzeko solairuak 500 metro karratu ingurukoak. 
Eraikinak Salestarren oinezkoendako plazara irekitako karrerape handi bat izanen du, 400 lagun baino gehiagorendako edukiera duen auditorio bat, hainbat erakusketa-areto Javier Ciga margolariari eta Pablo Sarasate musikariari eskainitako erakusketak egiteko eta askotariko jarduerak egiteko gelak.

Zehazki, erakusketa-eremua sotoan egonen da eta 1.423 metro karratukoa izanen da. 1.200 metro karratuko beheko solairuan ekitaldi-aretoa egonen da, zuzkidura nagusi gisa. Gainerako solairuetan hitzaldi-aretoak, informatika-ikasgelak, erabilera anitzeko aretoak, arte-lantegiak, haurrendako aretoak, gimnasioa eta dantza- eta sukaldaritza-ikasgelak banatuko dira, adin guztietarako ikastaro eta lantegi eskaintza zabala eskaintzeko xedez. 


Kapital kulturala eta soziala garapen eta hazkunde bidean dagoen eremu baterako
Kapital kulturala eta soziala garapen eta hazkunde bidean dagoen eremu baterako
Hirian duen kokapenagatik eta kultura-zentroen sarean integratzeagatik, Civivox berria eraikitzeak eragin sozial positibo handia izanen du lurralde-testuinguruan. Izan ere, zuzkidura-ekipamendu berri horrek, alde batetik, eremuan dagoeneko zegoen eskaera bati erantzuna eman dio eta, bestalde, azken urteotan hiriko zonalde horretan ematen ari den hirigintza-garapenari emandako erantzun kultural eta soziala ere bada. Nahiz eta Bigarren Zabalguneak dagoeneko baduen bere zentroa, Nafarroako Blanca plazako eskola zahar bateko instalazioetan, urteak pasa ahala erabilgarri dauden ikasgelak ez dira nahikoak 20.942 biztanle dituen auzo bateko programaziorako eta espazioak lagatzeko gaur egun dauden beharrak asetzeko.

Gainera, kontuan hartu behar da hiriko elkarte-mugimenduak indar handia duela udalerri guztian, eta hori modu argian islatzen da Civivoxetan. Bigarren Zabalgunearen eragin-eremuan egoitza soziala duten erakunde, elkarte eta kolektiboen kopurua handia da, eta osagai integratzaile argia dute; beraz, orain arte, eskura zituzten instalazioak ez dira nahikoak izan haien lana egiteko. Zabalgune-Salestarretan zentro bat sortzeak aukera emanen du elkarte-lan hori hartzeko, parte-hartzea eta ekintza kolektiboa sustatuz. Zuzkidura berriaren bidez, interes kolektiboen kudeaketan herritarren inplikazio-maila handia izanen duen kultur-komunitatea garatuko da. 


Eraikin berezia eta moldagarriaXedea da Civivox berria auzoko topagune eta biltzeko toki bihurtzea, alegia, erreferentziazko eraikin bat. Hori dela eta, diseinu berezia du, kanpoko karrerape handi batekin eta atzeraemandako gainontzeko mailekin, bai eta beheko solairuan eraikitzea aurreikusten den lorategi-estalkia ere. Fatxada hormigoi aurrefabrikatuzkoa izanen da. Gainera, eraikinak leihate zabalak izanen ditu, saretekin konbinatuta. Civivox berria diseinuan funtsezkoak diren lau alderdiri jarraiki eraikiko da: jasangarritasuna, funtzionalitatea, moldakortasuna eta ingurunean integratzea. 

Izan ere, eraikin jasangarria lortzeko, inguruko materialen eta eraikuntza-prozesu eraginkorragoen aldeko apustua eginen da, CO2 isuriak murrizteko. Halaber, energia ia nuluko eraikuntza irizpideak jarraituko dira.  Ildo horretan,eraikinaren energia-eskari guztiak elektrikoak izanen dira eta energia berriztagarrietan oinarrituko dira, hala nola aerotermian eta  teknologia fotoboltaikoa erabiliz energia elektrikoa bertan edo gertu sortzean (autokontsumo partekatuaren kontzeptua baliatuz). Gainera, beheko solairu gaineko landare-estalkiaz gain, euri-ura hartzeko sistema bat instalatuko da eraikin barruan erabiltzeko, hala bere aztarna ekologikoa murrizteko.

Zuzkidura-espazio berrirako sarrera nagusia oinezkoen plaza batetik egiten da –dagoeneko eta ofizialki Salestarren plaza izendatua–, eta hari irekita estalitako karrerapea egonen da. Karrerape horrek eraikinen atarira zein auditoriora sarbidea izanen du, aparteko erabilera ahalbidetuz. Halaber, Media Luna kaletik beste sarbide bat sortuko da, Ciga eta Sarasateri eskainitako erakusketa-guneetara zuzeneko sarrera ahalbidetuko duena.


Civivoxaren atondoa herritarrei harrera egiteko eremu zabal eta garbia da, aldi baterako erakusketak ere har ditzakeena. Bertan, auditorioa nabarmentzen da, 19 x 17,40 metro, 5,80 metroko altuera, eta 402 lagunendako edukiera dituena. Aurreikuspenen arabera 253 besaulkiko harmaila teleskopiko bat eraikiko da, eta aurreneko ilaretan eserlekuak lurrean bermatuta egonen dira, tokiz aldatu edo kentze aldera, aretoaren konfigurazio ezberdinen arabera. Moldakortasun horrek, beraz, garatuko den edozein ekintza motatara egokitzea ahalbidetzen du (antzerkia, ikusleak zutik dauden kontzertuak, ekitaldien aretoa, hitzaldiak...). Beheko solairuko ertz batean haurren aretoa egonen da, haurrek jarduerak egitera erraz sartu ahal izateko, eta gainerako ikastaro, lantegi eta hitzaldiak, berriz, goiko solairuetan eginen dira. 
 

¿Te ha sido útil esta página?