Iruñeko Udalak eta ETAren biktimen Nafarroako Elkarteak (ANVITE) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean. Horren bitartez, konpromisoa hartzen dute xaflak paratzeko talde terroristak Iruñean egindako atentatuen lekuetan, biktimei duintasuna emateko bitarteko gisara.
Iruñeko alkate Enrique Mayak eta ANVITEko lehendakari José Ignacio Tocak sinatu dute, Udaletxeko harrera-aretoan egindako ekitaldian. Hitzarmenaren bidez, Udalak konpromisoa hartzen du baimena emateko ETAren biktimen Nafarroako Elkarteari xaflak instala ditzan talde terroristak Iruñean egindako atentatuen lekuetan, eta horretarako, jabari publikoa erabiltzeko behar den lizentzia emanen dio. Udalak bere baliabideak erabiliko ditu xaflak paratzeko, eta zor zaien begiruneaz mantenduko ditu, bat etorrita haien duintasun-eginkizunarekin. Udalak eta ANVITEk jarraipen batzorde bat eratuko dute hitzarmenaren puntu guztiak betetzen direla bermatzeko.
ETA talde terroristak guztira 27 atentatu egin zituen Iruñean bere ibilbide-armatuan zehar. Lehenengoan, 1977ko azaroaren 26an, Joaquín Imaz Infanteria Armatuko komandanteburua tirokatuta erail zuten, zezen-plazan aparkatuta zuen autora zihoala. ETAren atentatu batek Iruñean eragindako azken biktima Tomás Caballero Udaleko zinegotzia izan zen. 1998ko maiatzean erail zuten, etxetik hamar metro eskasera. Iruñeko alkate Enrique Mayak biktimak eta haien senideak gogoratu nahi izan ditu hitzarmena sinatzean, eta azpimarratu du beharrezkoa dela biktimek gizartearen aintzatespena izatea, izan ere, “askok bere garaian ez zuten izan, batzuek oraindik ere ez dute, eta zalantzarik gabe merezi dute”.
ANVITEren beste ekintza bat ETAren biolentziaren inguruan kontzientziatzeko
Sinatutako hitzarmenaren bidez, ETAren Biktimen Nafarroako Elkarteak konpromisoa hartzen du xafla bakoitzean idatziko den testua zehazteko, eta guztietarako eredu komun bat ezarriko du. ANVITEko lehendakari José Ignacio Tocak azpimarratu du horrelako ekimenak lagungarri direla bera taldekide duen elkarteak eta antzekoek dituzten helburuak lortzeko, eta uste du guztiok dugula betebeharra “hala erakunde publikoek nola elkarte zibilek eta herritarrek onartezinaren normalizazioaren aurka borrokatzeko”. Ekintza hau elkarteak ekintza terroristen inguruko informazioa hedatu eta kontzientziatzeko helburuak betetzeko egiten dituen bestelako ekintzei gehitu behar zaie, besteak beste, hitzaldi, solasaldi eta biktimen omenezko ekitaldiei.
ETA talde terroristaren biktima-talde batek osatzen du ETAren biktimen Nafarroako Elkartea, non biltzen baitira hala Nafarroan jaiotakoak nola Foru Komunitatean atentatu bat pairatutakoak. Biktimek lurralde honetan ahots propioa edukitzeko zuten beharrari erantzuteko jaio zen elkartea, eta Nafarroan ETAren terrorismoaren biktima izandakoen aitortza eta memoria gordetzeko asmoz.