Iruñeko Udalak WhatsAppeko kanala estreinatu du, herritarrekin zuzeneko komunikazioa sustatzeko bide azkar eta erraza

Iruñeko Udalak WhatsAppeko kanala estreinatu du, herritarrekin zuzeneko komunikazioa sustatzeko bide azkar eta erraza
Udalaren gaurkotasunezko albisteak, aisialdiko agenda edo zerbitzuko informazioa eskuragarri daude dagoeneko, edozein mugikorretatik kanalera sartzeko estekan klik eginda

foto

 

Iruñeko Udalak, udal-informazioa herritarrei helarazteko eta hiriko biztanle guztiekin harreman zuzena izateko bide berriak sortzeko lanean, WhatsAppeko kanal bat erantsi die bere ohiko komunikazio bideei. Sistema horri esker, erakundearekin edo hiriko aisialdirako agendarekin lotutako albiste guztiak zuzenean iritsiko dira hala nahi dutenen mugikorretara. Horrela, gainera, berehalako komunikaziorako bide berri eta erraz bat sortzen da, Udalak berehala helarazi ahal izateko azken orduko abisuak eta zerbitzu publikoko informazioak. Guztiz doakoa den sistema honetan alta emateko https://whatsapp.com/channel/0029VaDLb7zEAKWIDM53sA46 estekan klik egin behar da gaztelaniazko komunikazioetarako, eta https://whatsapp.com/channel/0029VaDUQjFBA1eqdFavYq34 estekan, mezuak euskaraz jaso nahi badira. Udalaren pamplona.es/eu webgunearen bidez ere eskura daitezke bi esteka horiek.

WhatsAppeko kanal berri horren bidez, herritarrek egunero zuzenean kontsultatu ahal izanen dituzte haien mugikorretan, beste aplikaziorik jaitsi eta instalatu behar izan gabe, Udalaren eta hiriaren inguruan sortzen diren albiste guztiak nahiz Iruñeko zerbitzu publikoari buruzko informazioa. Horrela, Udalak dituen sare sozialetako profilen bidez dagoeneko egin ohi den moduan, komunikazio-bide berri honek, adibidez, elurte handi batek eremu urdinaren baldintzak aldi baterako aldatzera behartzen duen bertatik bertara jakinarazteko balioko du, edo ibaiaren ur-goraldi batek eremu jakin batean aparkatuta dauden ibilgailuak berehala kentzera behartzen duen.

Baina, horrez gain, hiriko bizilagunekin zuzenean komunikatzeko bide berri horri esker, Udalak egunero modu eraginkorragoan helarazi ahal izanen dizkie herritarrei erakundeak kultura sustatzeko edo hiriko ingurune berdearen berri izateko eskaintzen dituen aisialdiko jarduerak,  bai eta zenbait biztanleria-sektoreren nondik norakoak ere, hala nola gazteenak (Iruña Gaztea markan islatzen direnak) zein adinekoenak (Iruñeak zaintzen zaitu zigilua dutenak). Horrela, astearen hasieran eta larunbata eta igandea hurbildu ahala, jende guztiarendako eta askotariko proposamenak izanen dituen agenda ludiko osatu bat eskainiko da. Aisialdiko egutegi hori Udalak antolatutako ikastaro eta jardueren informaziorako sarbidearekin eta izena emateko epeak eta bideak gogoraraziz osatuko da.

Herritarrekiko zuzeneko komunikaziorako beste urrats bat
Iruñeko Udalaren WhatsAppeko kanal berria, bai gaztelaniazko bertsioan, bai euskarazko bertsioan, Udalak herritarrei informazioa zuzenean helarazteko bide bat gehiago izanen da.  Facebook, X (lehen Twitter) eta Instagrameko profil ofizialek Udalaren gaurkotasunezko albisteei buruzko xehetasun guztiak, unean-unean herritarrei gehien interesatzen ahal zaien zerbitzuari buruzko informazioa eta hiriak eskaintzen dituen aisialdirako proposamen nagusietako batzuen berri ematen dute egunero. Datu horiek guztiak, gainera, pamplona.es/eu webgunean biltzen dira, etengabe eguneratzen baita unean-uneko informazio azpimarragarriena eskaintzeko. 

Udalak hiriko publiko batzuekin harremanetan jartzeko zuzeneko zenbait bide ere baditu, esaterako gazteekin (Iruña Gaztearen sare sozialetako profila), eta ekologian eta energia berdean (Facebook, X eta Instagrameko Go Green Iruña marka), kulturann (Iruñea Kultura da) edo turismoan (VisitPamplona marka) interesa dutenekin.

Bi ‘klik’ besterik ez, udal-albisteak eta agenda mugikorrean izateko
Egunero bere telefonoan hiriko zerbitzuari eta gaurkotasunari buruzko informazioa jaso nahi duenak bi urrats erraz bete beharko ditu mugikorrean instalatuta duen WhatsAppeko aplikazioaren barruan. Lehenengoa, gonbidapenaren estekan klik egitea izanen da. Esteka hori gaztelaniaz (https://whatsapp.com/channel/0029VaDLb7zEAKWIDM53sA46) zein euskaraz (https://whatsapp.com/channel/0029VaDUQjFBA1eqdFavYq34) dago eskuragarri, eta pamplona.es/eu webgunearen ataritik irits daiteke bertara. Ondoren, Udalaren kanaleko txatean, goiko aldean ezabatuta agertzen den kanpaiaren ikurraren gainean klik egin beharko du, ezabatu gabe ager dadin eta mezuak behar bezala irits dakizkion.

WhatsAppeko kanalak, Meta konpainiak martxan jarri berri dituenak, pertsona eta erakundeen berritasun garrantzitsuak mezularitza mugikorreko aplikazio horretan jasotzeko modu bat dira, modu errazean, fidagarrian eta pribatuan. Ez da beharrezkoa aparteko programa bat instalatzea; “Berritasunak” fitxara sartzea aski da erabiltzaileak jarraitzen dituen egoerak eta kanalak senide, lagun edo komunitateekiko txat pertsonaletatik bereizita eskuratzeko.
 

¿Te ha sido útil esta página?