
Iruñeko Udalak urteko hirugarren hiruhilekoan, uztailetik irailera bitartean, guztira 2.595 abisu, kexa eta iradokizun jaso zituen, eta horietatik 2.517ri erantzun zien, hots, %96,99ri. Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordea Udaletxean bildu da gaur goizean eta Udaletxera www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez eta 010 – 948 420 100 telefono bidezko arreta zerbitzuaren bidez iristen diren abisuei buruzko txostenen berri jaso dute bertan.
Beste hiruhileko batez, jasotako abisu, kexa eta iradokizunen artean espazio publikoaren mantentze-lanekin eta hiriko garbitasunarekin zerikusia dutenak dira nagusi, erdia baino gehiago baitira, zehazki % 60,1. Herritarrek, besteak beste, honako afera hauek direla eta jo dute Iruñeko Udalera: zuhaizti, parke eta lorategien mantentze-lanak (438 abisu), eremu publikoaren garbiketa (377 abisu) eta hiri-altzariei, paperontziei, eserlekuei eta iturriei buruzkoak(183 abisu). Udalarekin harremanetan jartzeko ohiko zioak izaten dira, halaber, eremu urdinarekin eta hirian aparkatzearekin loturikoak (139 abisu).
Alorrei dagokienez, % 64, jasotako hiru abisutik ia bi (2.595etik 1.663), Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko alorrera bideratu ziren, eta erantzute-indizea % 96tik gorakoa izan zen. Jasotako abisuen % 20 Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorrari zuzenduak ziren, guztira 522 abisu eta iradokizun, eta erantzuna eman zitzaienen ehunekoa % 98koa izan zen. Alkatetzako Alorrak, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrak, Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrak eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Garapenerako Lankidetzako eta Gazteriako Alorrak, behar den epean eta moduan erantzun zieten uztailetik irailera bitartean jasotako abisu guztiei.
Iruñeko sei auzok 200 abisutik gora jaso dituzte urteko hirugarren hiruhilekoan. Arrotxapea da kexa eta iradokizun gehien jaso dituzten auzoen zerrendan lehena, 289 abisu eragin baititu. Atzetik ditu Alde Zaharra, 255 abisurekin, Bigarren Zabalgunea 244rekin, Arrosadia 233rekin, Iturrama 219rekin eta Txantrea 201ekin. Erregistratutako abisu, kexa eta iradokizunetatik % 71,87 Www.pamplona.es/eu webgunean gaitutako inprimakiaren bidez jasotakoak dira, eta gainerakoak, % 28,13, 010 – 948 420 100 telefonoaren bidez jaso dira.