
Iruñeko Udalak udazken honetarako doako 18 ikastaro antolatu ditu partaidetza arloko prestakuntzari buruz, urritik abendura bitarte. Eskaintzak aurrez aurreko ikastaroak eta online prestakuntza uztartzen ditu, gaztelaniaz zein euskaraz, elkarte, kolektibo eta, oro har, herritar guztiei zuzenduak. Izena behin-behinean emateko epea bihar (asteartea) hasiko da, http://participa.pamplona.es/ webgunearen bidez.
Ikastaroak 18 urtetik gorakoei zuzenduta daude eta 3 eta 30 ordu bitarteko iraupena dute. Zazpi arloren inguruan antolatzen dira: talde-jarduna; gizarte-trebetasunak; partaidetza-tresnak; gizarteratzea; elkarteen kudeaketa; teknologia-trebetasunak; eta kulturartekotasuna. Azken arlo hori berritasuna da aurreko prestakuntza-programekin alderatuta. Lehenengo bi ikastaroek aurrez aurre kulturarteko komunikazioa hobetzeko edukiak eta zurrumurruen aurkako eragileekin lotutakoak izanen dituzte. Gainera talde-jarduna bideratzeko ikastaroa urtekoa da, urritik maiatzera bitarte emanen diren bederatzi modulurekin.
Ikastaroren batean eskariak eskainitako postuak baino gehiago izanez gero, lehentasuna izanen dute Iruñean bizi direnek. Oro har, aurrez izena emateko epea ikastaroa hasi baino bi aste lehenago itxiko da. Ikastaro bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, eskatzaileei jakinaraziko zaie onartuak izan diren. Une horretan, behin ikastaroan onartuta, lekua dutenek izen-ematea berretsi beharko dute. Informazio gehiago behar izanez gero 948 420 266 telefonora deitu edo formacion.participacion@pamplona.es postara idatzi daiteke.
Askotariko proposamenak, askotariko interesetarako
Hiruhilekoko programazio urriaren 1ean hasiko da ‘Talde-jarduna bideratzeko oinarrizko ikastaroak’ eta ‘Nola hobetu kulturarteko komunikazioa aurrez aurre?’ ikastaroekin. Halaber, urrian zehar, honako ikastaro hauek emanen dira: ‘GJH:sarrera. Ez dago B PLANETARIK’, ‘Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioa: hezkuntza eta gizarte-konpromisoa’, ‘Enpatia eta komunikazioaren 4 giltzarriak’, ‘Komunikazio digitala elkarteentzat’, ‘KOMUNIK-ARTE’, ‘Visual Thinking: marrazkiak prozesuak komunikatzeko eta errazteko’, ‘Elkarteen eraketa eta oinarrizko kudeaketa’, ‘Paris 365: Elkartasuna elikatzeko errezetak’ eta ‘Zer dakizu sexu-esplotazioa helburu duen salerosketari buruz eta zer egin dezakegu hari aurre egiteko? Las Poderosas-en esperientzia’.
Azaroan beste bost ikastaro hasiko dira: ‘Bizikidetza sustatzea: esku-hartze bitartekarietarako tresnak eta estrategiak’, ‘Zurrumurruen aurkako eragileak’; ‘Boluntarioen kudeaketa elkarteetan’, ‘Bileren dinamizazioa’ (euskaraz eta gaztelaniaz) eta ‘Herritar aktiboak eta inklusiboak: begirada bat desgaitasunetik eta nerabezarotik’. Abenduan izanen da hiruhilekoan eginen den azken prestakuntza-ikastaroa, 'Diru-laguntzen justifikazioarekin' zerikusia duena.
Herritarren Partaidetza. Doako ikastaroak. 2021eko urritik abendura:
- 0. TALDE-JARDUNA BIDERATZEA
- Talde-jarduna bideratzeko oinarrizko ikastaroa
- 1. GIZARTE-TREBETASUNAK
- 1.1. Enpatia eta komunikazioaren 4 giltzarriak
- 1.2. KOMUNIK-ARTEA
- 2. PARTAIDETZA-TRESNAK
- 2.1. Visual Thinking: marrazkiak prozesuak komunikatzeko eta errazteko
- 2.2. Bizikidetza sustatzea: esku-hartze bitartekarietarako tresnak eta estrategiak
- 2.3. Bileren dinamizazioa
- 2.4. Dinamización de reuniones
- 2.5. Garapen Jasangarrirako Helburuak: sarrera. Ez dago B PLANETARIK (GJH 6-12-13-14-15).
- 2.6. Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioa: hezkuntza eta gizarte-konpromisoa
- 3. GIZARTERATZEA
- 3.1. Zer dakizu sexu-esplotazioa helburu duen salerosketari buruz eta zer egin dezakegu hari aurre egiteko? Las Poderosas-en esperientzia
- 3.2. Paris 365: Elkartasuna elikatzeko errezetak
- 3.3. Herritar aktiboak eta inklusiboak: begirada bat desgaitasunetik eta nerabezarotik
- 4. ELKARTEEN KUDEAKETA
- 4.1 Elkarteen eraketa eta oinarrizko kudeaketa
- 4.2 Boluntarioen kudeaketa elkarteetan
- 4.3. Dirulaguntzen justifikazioa
- 5. TREBETASUN TEKNOLOGIKOAK
- 5.1. Komunikazio digitala elkarteentzat
- 6. KULTURARTEKOTASUNA
- 6.1. Nola hobetu kulturarteko komunikazioa aurrez aurre?
- 6.2. Zurrumurruen aurkako eragileak