
Iruñeko Udala Kulturako Esparru Estrategiko bat sortzen ari da aurten, eta bertan udalaren alor horren jarduera bideratuko duten ildo estrategikoak zehaztu eta hiriko kultur eskaintza berrantolatuko du. Dagoeneko agiria lantzen ari dira eta urtearen amaierarako prest egonen da. Xedea da Udalaren kultur jarduerak Nafarroako Kultur Plan Estrategikoarekin eta Kulturako Ministerioaren Kultur Eskubideen Planarekin lerrokatzea, kultur jarduerak antolatu eta sustatzeko orduan bat egiteko.
Hori dela eta, Udalak Una Más Una enpresari adjudikatu dio Iruñeko kulturako esparru estrategikoa sortzea, 17.545 euroan, zer egin eta udal-kulturaren esparruan zein behar dauden zehazteko. Enpresa adjudikaziodunak Udalaren kultur politika antolatuko du baita denboran iraunkorrak diren kulturari buruzko akordio zabal eta jasangarriak erraztu ere. Enkargua hainbat fasetan eginen da.
Hasteko, datozen bi hilabeteetan Iruñeko Udalak kultur arloan antolatzen eta garatzen dituen kultur ekitaldi, hitzordu, programa, erakusketa eta ekintzei buruzko informazioa bilduko da. Bigarren fasean, informazio hori teknikariekin egiaztatuko da, kasu bakoitzean lantzen diren helburuak, lehentasunak eta tresnak zehazteko. Aurrerago, informazio hori guztia eskura izanik, harremanetan jarriko dira hiriko eta Nafarroako kultur eragileekin. Topaketa horietan, sektorearen interes eta beharrei buruzko informazioa lortu nahi da, eta Udalak kulturaren sustapenean duen zereginari buruzko iritzia jaso.
Aztertu, alderatu eta itzultzeko metodologiaren bidez, enpresa adjudikaziodunak aztertuko du udal proposamenek Nafarroako Kulturaren Plan Estrategikoarekin eta, estatuko eta nazioarteko gainerako araudi eta planekin duten koherentzia. Udal-arloen arteko sinergiak ere bilatuko ditu, kultur eskubideen zeharkako izaerari erantzuteko.
Kulturaren aldeko Itun baterantz
Datu horiek guztiak egiaztatu ondoren, egindako lanen eta ildo estrategiko horien ezarpenaren berri emanen zaie Udaleko talde politikoei. Alde horretatik, udal-taldeen interesak bateratzea bilatuko da, Kulturaren aldeko Ituna lortze aldera: xedea da denboran irautea eta datozen urteetako bidea markatzeko gai izatea.
Helburua da, azaroa eta abendua bitartean, enpresa esleipendunak Iruñeko Tokiko Kulturaren Esparru Estrategiko hori izatea. Esparru horrek zehaztuko ditu Udalak datozen urteetan kulturaren arloan izanen dituen jarduera-ildoak.
Una Más Una kultura-kudeaketa eta -ekoizpeneko enpresa bat da, eta aholkularitza-, analisi- eta azterketa-zerbitzuak eskaintzen ditu kultur politikak, plan estrategikoak eta museologikoak garatzen laguntzeko. Enpresa hori Kultura Ministerioaren Kultur Eskubideen Planaren eta Kanpo Arazoetako eta Nazioarteko Lankidetzako Ministerioaren Kultura eta Garapen Estrategiaren egileetako bat da.